Koronabirusa

Garrido epailearen adierazpenak gaitzetsi dituzte epidemiologoek

Epidemiologia gutxiesten dutela iritzi diete, eta atzera egiteko eskatu diote. Eusko Jaurlaritza ebazpenari helegitea jartzea aztertzen ari da

Debekatutako tokietan ere ostalaritza zabaltzea onartu dute. M. DEL VALLE / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun

Luis Angel Garrido epailearen hitzek hautsak harrotu dituzte azken egunotan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tabernak debekatutako eremuetan ere berriz irekitzearen aldeko ebazpena eman zuen, eta epidemiologoen lana «gutxietsi» zuen herenegun Bilboko Herri Irratian egindako adierazpen batzuetan. Esan zuenez, adituok «ikastarotxo bat egin duten familia medikuak dira». Horrez gain, erantsi zuen adituon aholkuari jarraikiz onartzen ari ziren neurriak «Erdi Aroan hartzen zirenen» antzekoak direla. Hitzok «onartezinak» direla adierazi du Espainiako Epidemiologoen Elkarteak, eta atzera egiteko eskatu dio. Epailea «oker» dagoela gehitu dute, argudiatuta ezen, hark adierazitakoaren aurka, «bizi osoko formakuntza» eskatzen duen lanbide bat dela epidemiologiarena. Osatzen Familia Komunitateko Medikuen Euskal Elkarteak bat egin du Espainiako elkartearen komunikatuarekin, eta Garridori espedientea irekitzeko eskatu du.

Ikusi gehiago:Zientzialariek harriduraz hartu dute erabakia, eta «arriskuaz» ohartarazi

Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendaria ere haren kontra mintzatu zen atzo. Erantzun zion «neurri eraginkorrak, Erdi Arokoak zein Harrizko Arokoak izan», hartu egingo dituztela. Simonen ustez, ostalaritza ixtea da neurri eraginkorrenetako bat.

Bizkaiko Medikuen Elkargoak ere «ondoeza» adierazi du, «familia komunitateko medikuen eta epidemiologoen lanaren gutxiespen» gisa ulertu dituen adierazpenon ondorioz, eta gogorarazi du epidemiologoak direla profesionalik egokienak pandemia kudeatzeko. Garridori eskatu dio bere adierazpenak «auzi juridiko eta teknikoetara mugatzeko».

Justiziatik ere bai

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko zenbait kidek ere «oso zoritxarrekoak» direla iritzi diete haren adierazpenei, eta diziplina espedientea «merezi» duen jarrera bat erakutsi duela.

Jaurlaritzak iragarri du epaiaren aurkako kasazio helegitea jartzea eztabaidatzen ari direla. Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasok, berriz, epaia onartu behar dela adierazi du, baina epidemiologoen lana «ez hutsaltzeko» eskatu du.Garrido errefusatzeari dagokionez, Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek gehitu dute uste dutela ez dela «horretan sartzeko garaia», oraindik ez baitakizkite epaiaren aurkako helegitearen nondik norakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.