Iraculisek ukatu egin du Urvascon dirua poltsikora eraman izana

Urvascoko buruen kontrako epaiketa hasi da. Fiskaltzak uste du desbideratu egin zituztela 34,7 milioi euro, hartzekodunei ez pagatzeko

Anton Iraculis enpresaria epaitegira sartzen, atzo, Gasteizen. IKERNE GONZALEZ / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Atzo hasi zen Antonio Iraculis enpresari arabarraren kontrako epaiketa, eta etzi amaitzea espero da, ostegunean. Urvasco eraikuntza eta ostalaritza taldeko burua ez dago bakarrik Arabako Lurralde Auzitegiko aulkian: bere emaztea, bi alabak eta bazkide gertukoena ere epaitu egingo dituzte. Bi delitu leporatzen dizkiete: bidegabeko jabetzea eta delitu sozietarioa. Beste era batera esanda, egozten diete 2008an 34,7 miloi euro Urvasco taldetik beste sozietate batera desbideratzea, noiz eta Iraculisen taldea arazo ekonomikoekin zegoenean. Hartara, akusazioaren arabera, diru hori poltsikoratzea zen helburua, hartzekodunei zorrak ez pagatzeko.

Akusazio partikularra Urvasco taldearen hartzekodun nagusia da, Carey Value Added higiezinen funtsa. Fiskalaren arabera, Iraculisek helburu jakin bat zeukan dirua desbideratuta, «bere ondasunen mesederako modu bidegabean aritzea, eta hartzekodunak nabarmen kaltetzea». Desbideraketa bi alditan egin zuen, fiskalaren arabera: Numerus Clausus izeneko sozietate bat sortu zuen, eta, lehenik, Urvascotik 17,5 milioi euro bideratu zituen sozietatera, etorkizuneko irabazien gaineko dibidendu gisa; gero, 2008an bertan, beste 17,2 milioi euro desbideratu zituen Numerus Claususera, mailegu bat zenaren itxura eginez.

Iraculisek dena ukatu du epaiketaren lehenengo egunean. «Nik ez nuen ezer hustu», adierazi zuen atzo enpresariak. Argudiatu zuen legez kanpoko balizko operazio horiek eta gero, taldeak aktiboan jarraitu zuela beste zortzi urtez, hartzekodunen konkurtsora joan eta 2016ko urtarrilean likidatu zen arte. Beraz, Iraculisen ustez, bi operazio horiek ez zuten eraginik izan enpresaren hondoratzean.

Justifikatu du 2008an dibidenduak banatzeko adina likidezia bazuela taldeak, adar eolikoa saldu zuelako. Haatik, fiskalak argudiatu du 2008ko irailean Urvascok 1.834 milioi euroko finantza zama zeukala —zorra, maileguak eta interesak—.

Halaber, Iraculisek azaldu zuen taldeko enpresen artean «ohiko operazioa» zela elkarri maileguak ematearena. «Egin nuen guztia aholkatuta egin nuen, gai hauen inguruan inoiz ez dut nire kabuz erabaki», gaineratu zuen epailearen aurrean.

Hamahiru urte eta erdi

Fiskaltzak hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du Iraculisentzat, haren bi alabentzat eta bazkidearentzat. Ostera, zortzi urte eta erdiko zigorra eskatzen du emaztearentzat. Administrazio kontseiluko kideak ziren, baina emazteak eta alabek epailari esan zioten ez zutela parte hartzen taldeko finantzei lotutako erabakietan. Iraculisek bere gain hartu du finantzen gaineko erabakien erantzukizuna.

Urvasco Silken hotel katearen akziodun nagusia zen, eta bereak ziren, besteak beste, Bilboko Gran Domine hotela, Gasteizko Ciudad de Vitoria eta Madrilgo Puerta de America.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.