Txomin Campo. Donostiako Piratetako kidea

«Piratek jakin dute egungo egoera berrira egokitzen»

Abordatzerik gabeko urtea izanda ere, Donostiako Piratek datozen urteetan jai eredu parte hartzaile eta euskalduna sustatzeko lanean jarraituko dutela azaldu du Campok.

J. C. RUIZ / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Aspaldiko urteetan ez bezala, Donostiako Piratek ez zuten abordatze ofizialik egin atzo. Trinitate plazan Pirata Setioa izeneko egitarau eguna antolatu zuten, osasun larrialdiak eragindako egoerara egokitzeko asmoz. Datozen urteetan jai herrikoi eta parte hartzaileak sustatzeko lanean segituko dutela azaldu du Txomin Campo piraten mugimenduko kideak.

Aurtengo urtea berezia da. Egoera honek guztiak nola eragin die Donostiako Piratei?

Aurten ez dago Aste Nagusirik, ezta abordatzerik ere. Horren ordez, gure jai eredua omentzeko eta oraindik hemen gaudela erakusteko, pentsatu genuen zerbait egin behar genuela. Donostiako Udala kultura egitasmoak bultzatzen ari baitzen, eta, hori horrela izanda, nolatan herri lanetik ez ditugu guk ere halakoak sustatuko? Horrela sortu da Pirata Setioa.

Donostiako abordatzea bada erreferentzia lortu duen ekitaldi bat. Hori ez egonda, hutsune hori agerian geratuko da?

Ez da kasualitatea Trinitate plaza aukeratu izana Pirata Setioa egiteko, mugimenduaren lehen gune nagusia hau izan baitzen. Hemen hasi ginen kontzertuekin eta ekitaldi ezberdinekin, umil-umil. Egungo egoerak baldintzatuta neurri zorrotzak bete behar zirenez, Trinitate plazara itzuli gara, eta abordatzearen egunean egitarau xume bat egin dugu.

Bada abordatzea gogoratzeko modu bat?

Gure eguna aldarrikatzeko modu bat da. Ezin izan da egin betiko moduan, azken finean dauden legeak daudelako, eta neurriak ere kontuan hartu behar izan ditugu.

Egoerara egokitzeak zenbateko lana eskatu du?

Gauzak diren bezala, lan handia izan da. Ez agian kopuru aldetik, beste urteetan egitarau luze eta oparo bat egiten baikenuen, eta horrek lanketa luze bat eskatzen baitu. Baina, urteak joan eta urteak etorri, egitarau hori antolatzeko automatismoa bageneukan. Horren ordez, zerotik sortu behar izan dugu beste zerbait. Horregatik, piraten mugimenduak jakin du egungo egoera berrira egokitzen. Akaso, baten batek espero ez zuen malgutasun batekin ere bai. Haize kontra bada ere, erakutsi dugu gai garela aurrera egiteko eta jai herrikoi, parte hartzaile eta euskaldunak beste modu batean eskaintzeko.

Kritika egin duzue udalak herri mugimendutik etorritako jaiak antolatzeko garaian trabak jarri dituelako, eta udalak berak Abuztua Donostian programa osatu duelako.

Guk harreman zuzena eduki dugu udalarekin; Trinitate plaza erabiltzen ari gara, eta harremana eduki dugu horretarako. Dena dela, egia da harritu egin gaituela auzoko jaiekiko eduki duen jarrerak. Haiekin hitz egiteko prestutasunik ez du erakutsi; ez dira haiekin bildu ere egin. Guk gure aldetik salatu duguna izan da udalak irizpide batzuk ezarri dizkigula ekitaldiak antolatzeko. Oztopoak jarri baino, hau ez edo hura ez egiteko esan digu, eta haien egitaraua hogei egitasmo dituen eskaintza kultural bat da. Guri esandakoak esan eta gero, ez digu batere graziarik egin hori ikusteak.

Aurten ez da egon abordatzerik; nola geratuko da Aste Nagusiko alternatiba datozen urteei begira?

Hurrengo urteetan zer gertatuko den ez dakigu, baina badakigu jarraituko dugula Donostia abordatzen, modu batera edo bestera izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.