Nekea argindar bihurtuta

AEBetan sortutako mugimendu bat da gimnasio berdeena. Europan ireki dituzte batzuk, baina Euskal Herrian apenas egin duten biderik. Oinarria: erabiltzailearen entrenamendua energia bihurtzea. Ordaina: egitura eta zerbitzu jasangarriagoak lortzea.

Lau lagun gimnasioan entrenatzen, energia sortzeko gai diren makinetan. ROCFIT.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Nekeak eragindako burutazioak dira askotan bitxienak (eta bizienak). Eta inguruko kirolarien artean egindako inkesta laburra bada lagin bat adierazten duena batek baino gehiagok izan dutela burutazio berbera: «Ezin ote da egiten ari naizen esfortzu hau guztia nolabait baliatu?».

Ez da distopia bat, baina izan da. Litekeena baita Charlie Brooker ere eginahalak ahituta egotea Black Mirror bere telesail ezaguna sortu zuenean. Izan ere, lehen denboraldiko bigarren kapituluan, bizikleta estatikoen gainean energia sortzen lan egiten duten hainbat behargin ageri dira. 2011n estreinatu zuten telesaila. Gimnasio berdeen fenomenoa urtebete lehenago sortu zen AEBetan.

Norberaren sasoia bada nahikoa sari, baina lor daiteke gehiago. Horretaz jabetuta abiatu zuen Adam Boeselek mugimendu oso bat: green gym delakoena (gimnasio berdeak). Entrenatzaile pertsonala da Boesel, Oregonen hasi zen bera, baina AEBetan zehar sortu dituzte geroztik hainbat gimnasio berde. Abiapuntua da erabiltzaileen entrenamendua energia bihurtzea, esfortzua argindar, kaloriak elektrizitate. Gimnasio horietako bizikletak, makina eliptikoak, korrikarako zintak eta ariketa kardiobaskularrak egiteko bestelako makinak sorgailu bati konektatuta daude, energia zinetikoa baliatu ahal izateko. Haiek emandako datuek diotenez, hainbat ariketaren errutinei esker, gimnasioak gastatzen duen energiaren %85 lortzen da.

Eta zer egiten da energia horrekin? Azpiegitura jasangarriagoak lortu eta zerbitzu jasangarriagoa eman. Gimnasioak argiztatzeko, klimatizatzeko eta beste makinak energiaz hornitzeko erabiltzen da lortutakoa. CO2 emisioak gutxitzea lortzen da, eta gimnasioko erabiltzaileek onurak izaten dituzte: beherapenak egiten zaizkie kuotetan, edo gimnasioak eskaintzen dituen beste zerbitzu batzuk balia ditzakete trukean.

Europara ere iritsi da gimnasio jasangarrien fenomenoa, baina oso gutxika. Besteak beste, Berlinen ireki dute gimnasio berde ezagun bat —pandemia dela-eta itxita egon da, baina orain ireki dute berriz—, eta Londresen ere badago Terra Hale izeneko gimnasio berde bat, hiriko hiru tokitan lokalak dituena. Michal Homola eta Zacharie Rajab dira azken horren sortzaileak. Diote «filosofia bat» dela gimnasio berdeena: «Erabat kezkatuta gaude planetaren egoerarekin, eta gure hondar alea jarri nahi dugu». Energia sortzen duten makina «jasangarriak» erabiltzeaz gain, «kutsadurarik eragiten ez duten materialak» erabiltzen dituzte gimnasioen eraikuntzan, plastikoa sartzea debekatuta dago haien lokaletan, landareak eta zuhaixkak erabiltzen dituzte dekorazioan, eta bizikleten bidez lortutako energia garbia auzotarren artean banatzen dute. «Gure bezeroak erabat motibatzen ditu horrek guztiak», nabarmendu dute.

Espainian ere egin dute saiakeraren bat. 2018an ireki zuten Alcobendasen (Madril) MoveWatts izeneko aurreneko gimnasio berdea, filosofia horrekin guztiarekin bat egiten zuena, baina itxita dago gaur egun.

Ez da erraza. Inbertsio handia egin behar da, eta emaitzak ez dira berehalakoak. Makinak ere bereziak dira, noski. Nola AEBetako ala Europako gimnasio horietan Sports Art markako makinak erabiltzen dituzte. Coruñako (Galizia) Rocfit enpresa da horien banatzaile nagusia Espainian, 20 urteko eskarmentua dute fitness zentroen alorrean, eta Ana Lopez da enpresako zuzendari nagusia. Azaldu duenez, Taiwango «ingeniari ekintzaile» baten enpresa da Sports Art, eta «urte askotako lanaren emaitza» lortu dute: «Jendearen entrenamenduak baliatuz energia sor dezakeen produktu bat egitea. Oso gertutik bizi izan dugun prozesua izan da».

2019an biribildu zuten Eco Powr izeneko ildoa. Lopezek dio harrera «bikaina» izan zutela, baina ez zirela proiektu asko sortu: «Pandemia etorri zelako bai, baina horrelakoetarako oso prestatuta ez geundelako ere bai». Aurten, ordea, baldintzak «aldatuko» direla iragarri du: «Alor honetan hasi baino ez gara egin. Proiektuak sortzen ari dira, erakunde edo administrazio publikoetan batez ere. Diru laguntzak espero dituztelako, eta jasangarritasunaren eta energia berdearen gaiek bat egiten dutelako hemen».

Ez da pagotxa. Rocfit enpresako buruak garbi utzi nahi izan du hori: «Ez da egia makina hauek dituzten gimnasioak sortzeari esker ez dugula argindarraren fakturarik ordaindu beharko. Sortzen dena ez da asko, egiten duena da lagundu. Gimnasioetan, esaterako, energia gehien kontsumitzen duten makinak korrikarako erabiltzen diren zintak dira. Asko nabaritzen da fakturazioan. Orain zer gertatzen da? Bada, makina berri horiei esker, zintek ez dutela gasturik izaten. Ahatik, zinta horiek energia sortzen dutela. Eta berdin bizikletek, makina eliptikoek...».

Lopezek gimnasioen «kudeaketan» ere ikusten dizkio abantailak sistema horri: «Kudeatzaileari aukera ematen diolako pizgarriak sortzeko. Esanez elektrizitate gutxiago kontsumituko duela, jasangarriagoa dela, eta, gainera, saritu egingo duzula lehiaketa txikien bidez, kuotan jaitsierak ezarriz, eta motibatzea lortuz».

Eraikin jasangarriak

Euskal Herriko gimnasioetan ez du oraindik biderik egin green gym mugimenduak. Egin diren urratsak gehiago izan dira eraikinen jasangarritasunari begira egindakoak. Vega eta Protekland enpresek —azken horrek Bilbon du egoitza— eskarmentu handia dute gimnasioen diseinuan eta azpiegituren jasangarritasunean. LEED Platinum izeneko ziurtagiri berdea lortzen lehenak izan ziren Bilboko San Inazio kiroldegian, eta Portugaleteko (Bizkaia) Pando-Aisia kiroldegiaren diseinua ere haiena da. Rafa Diez bi enpresa horietako zuzendaria da, eta ingeniaritza industrialean doktorea. Gimnasio berdeen gaia «benetan interesgarria» dela dio, eta ikusten dizkiela alde negatiboak zein positiboak: «Negatiboa da gimnasioko ekipo horiek sortzen duten energia nahiko txikia dela eskatzen duten inbertsioarekin alderatuta, eta etsigarria izan daitekeela ekoizten den energiaren euro bakoitza sortzeko eta monetizatzeko behar den ahalegina. Baina alde positiboa da bestela galdu egingo litzatekeen energia bat dela, eta, gainera, pertsonak energiaren balioaz jabetzen direla».

Diezek dio gaur egungo joera gehiago dela «energia positiboko eraikinak» lortzea: «Alegia, kontsumitzen dutena baino energia gehiago ekoiztea». Nola? Energia aurrezteko neurriak hartuta argiztapenean, klimatizazioan eta, batez ere, igerileku klimatizatuen ura eta haren tenperatura baliatuz. Saihestu ezin den energia kontsumoa, berriz, panel fotovoltaikoak erabiliz konpentsatzen da.

Diezek onartu du iraganean egin zirela saiakera batzuk gimnasio berdeen inguruan, baina «porrot» egin zutela. Dena dela, iragarpen bat ere egin du: «Energia kontsumoaren egungo egoerarekin eta pertsonek ingurumenarekiko duten kontzientziazio handiagoarekin, litekeena da gimnasio horien ibilbidea luzeagoa izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.