ATZEKOZ AURRERA

Festarako gogoa da gakoa

Urteetako liskarren ondoren, Bilboko Udalak eta konpartsek elkarrekin antolatu dituzte inauteriak. Programazioa egun osora zabaldu dute, eta, euriaz gain, giro ederra izan da.

Kalejirari hasiera emateko, Bilboko ura duen botila handiari kortxoa kendu zioten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Besoak gora, besoak behera. Bira batera, gero bestera. Hankak gora. Ezkerretara. Eskuinetara. Salto. Makurtu. Gerria mugitu. Ipurdia. Talde gehiena batera ari da, musika arinaren erritmoan. Baina, gainontzeko talde guztietan bezala, badira erritmora iritsi ezin dabiltzanak txori koloretsuz jantzita dauden Munduko Jendea konpartsako kideen artean. Beste talde guztietan gertatu den bezala, bira gainontzekoak baino pare bat segundo geroago ematen dute batzuek. Hankak besteen ondoren mugitzen dituzte. Indarrez astintzen dituzte besoak, halere. Gogotsu. Irrikaz. Duten guztia eman behar balute bezala. Nabari zaie ez direla dantzan aritu zaleak, baina inauteriak dira. Sekula jantziko ez lituzketen praka estuekin daude kalean. Beste inoiz egingo ez luketen moduan ari dira jendaurrean dantzan.

Horixe dute berezi inauteriek. Lotsak alboratzea lortzen dutela, eta parte hartzaileak direla. Irudimena landu eta kalea ilusioz betetzen dutela. Oztopoak oztopo. «Ez du euririk ari!», esan du Bilboko mozorro lehiaketan aurkezle aritu denak. Atsedenerako tarterik ez du eman euriak, baina, ikusleak aterki azpian ezkutatuta dauden arren, parte hartzaileentzat ez da euririk. Plaza Biribila kolorez hartu dute, festarako aitzakiarik ez dela erakutsita.

Aurten, gainera, ilusiorako sekula baino arrazoi gehiago izan da Bilbon: urte luzeen ondoren, konpartsen eta udalaren arteko liskarrak gainditu, eta elkarrekin antolatu dituzte inauteriak. Inoiz baino handiagoak. Orain arte, egitarauak soilik arratsaldeko jaitsiera jasotzen zuen; aurten, berriz, egun osora luzatu dute jaia. Sei gunetan banatuta, kontzertuak, haurrentzako jolasak, antzerkiak, txarangak, erraldoiak eta beste izan dira, goizetik. Euriak festaren kolorea pattaldu badu ere, arrakastatsua izan da eguna.

Inauterien salaketa kutsua

Mozorrotu eta festan ibiltzeko egun bereziak salaketa eta aldarrikapena barnean daramatza. Parodia. Aurten ere ez da halakorik falta izan Bilbon. Urtero bezala, KEM talde antimilitaristak «armen entrega» irudikatu du goizean Gobernu Militarraren atarian. Motorzalez jantzita egon dira Sinkuartel konpartsakoak. «Anarkiaren seme-alabak» izan dira, arratsaldeko lehiaketan ere.

Motorzale gehiago izan dira: «Inpernuko akerrak». Altxaporruko kideak musika heavyarekin egin dute koreografia, adar doinuz lagunduta. Halakoa izan da mozorro deigarria ere: rockzale itxura izan dute, baina abarkak kendu gabe eta kaskoan aker adarrak dituztela. Apaindutako bizikletak izan dituzte motortzat.

Hau Pittu Hau konpartsak ikur duen barraskiloari egin dio diosala, erromatarrez jantzita. Konkistari aurre egin. Euskaraz bizi aukeratu du lelotzat.

«Pikutara jainkoa» esan dute, berriz, Kaixo konpartsakoek. Greziarrez jantzita egin dute haien dantza, agintariei egindako kaltea ordainaraziko dietela eta agintea hartu dutela ospatzeko.

Pinguinoak ere izan dira Bilbon, galtza motzak, Hawaiiko lepokoak eta flotagailuak soinean dituztela. Bero direla ohartarazi dute Bizizaleak konpartsakoek, klima aldaketa salatzeko.

Pa...Ya taldekoek txorizoak banatu dituzte Genoveva hestebeteen izenean, eta epaimahaia erosten ere saiatu da.

Kaskagorri, berriz, «miseria zozketatzen» aritu da loteria ontzi eta guzti, Gabonetako zozketa egiten duen San Idelfonso eskolako umez jantzita: etxe kaleratzeak zozketatu dituzte, auzipetzeak, langabezia, espetxe zigorrak.

Giro ederrean joan da eguna Bilbon, eta, etengabeko euriaz gain, elkarlanean egindako programazioak datozen urteetarako oinarri izan daitekeena ezarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.