ATZEKOZ AURRERA

Balentziagaren bekadunak

Getarian (Gipuzkoa), moda sortzaileari eskainitako museoan, lau jostun aritu dira azaltzen nolakoa izan zen Balentziagarentzat lan egitea baina eurek eginikoak ezin janztea.

Lastra, Servan, Hernan eta Manzanal, Balentziagarentzat lanean aritutako jostunak, atzo, museoan. ANDONI CANELLADA / ARP.
Edu Lartzanguren.
Getaria
2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Hilabete osoan josten, eta oinetakoak erosteko ere ez genuen irabazten». Hala esan zuen atzo Loli Lastra jostunak, eta hark esandakoa berretsi zuten besteek. Cristobal Balentziaga moda sortzailearentzat 1960ko hamarkadan jostun ibilitako lau emakume elkartu ziren atzo, Getarian (Gipuzkoa) diseinatzailearen lana zabaltzeko dagoen museoan. 60-80 urteko emakumeek bisitariei kontatu zieten gaztetan bizi izandakoa: goi mailako joskintzaren aintza eta miseria.

Maribi Hernan 14 urterekin hasi zen lanean, Balentziagaren Donostiako tailerrean. Besteak ere, gazte-gaztetan. Gehienek lantegia 1969. urtean itxi arte jarraitu zuten, Paristik helduriko oihal ederrekin lanean.

Alfa josteko makinen artean eserita zeuden atzo, besteak beste hankarekin mugitzen ziren gailuekin, eta sigi-saga josteko gauza zen lehenarekin, 1953. urtekoa—argazkian—. Baina Balentziagan ez zuten halakorik, dena eskuz egiten zuten, eta ikusten ez ziren forruetako lanak ere, puntada perfektuz egin behar zituzten. «Balentziaga etortzen zenean, gustuko ez bazuen nola zenuen josia, dena desegiten zizun», gogoratu zuen Lastrak. «Zure lan guztia pikutara, nahiz eta entregaren bezpera izan». Ahizpak sartu zuen tailerrean, 1963an. Askotan behar izaten zituzten neska gazteak, arau bat zegoelako: ezkongabeak behar zuten izan. Ezkondu bezain pronto, «pizgarria» eman, eta lana utzi behar zuten. Lantegi askotan zeuden halako arauak garai hartan. Alargunei geratzen uzten zieten. Egunero, 08:00etan sartzen ziren lanera. Minutu bat atzeratzen zenak atea itxita topatzen zuen, eta kanpoan geratzen zen. Kobratu gabeko eguna.

Komunean kopiatzen

Tailerra hiru laguneko taldetan zegoen bananduta: ofiziala—lanbidea ondo zekiena—, laguntzailea eta ikaslea. Sartu berritan, lanik errazenak ematen zizkieten gaztetxoei. Besteak beste, Balentziagaren jantziak ordain zitzaketen aberatsen etxeetara joatea, soinekoak edo dena delakoak entregatzera. Lastrak gogoratu duenez, 14 urteko nerabeak eurak baino handiagoak ziren kutxak eramaten zituzten Donostiako villetara. Zakur zaindari handiek zaunka egiten zieten, «baina merezi zuen», eskupekoekin soldatarekin baino gehiago ateratzen zutelako.

Gaur Bangladeshen josten dabiltzanak bezala, Balentziagaren jostunek ametsetan baino ez zituzten janzten euren eskuekin eginiko jantziak. Eta, halere, pozik zebiltzan gaztetxoak lanean. Lanbidea ikasten ari ziren, izen handiko etxe batean. «Balentziagarentzat lan egin izanak ate asko zabaldu zizkigun gero», esan du Lastrak. Modaren munduan jarraitu du berak, erretiroa hartu arte. Hernanek ere ez dio inoiz josteari utzi: «Hau neronek egin dut», esan du, jantzia duen ilezko beroki beltza erakutsiz. Sintetikoa da, noski.

Norberak egin, baina ezin jantzi. Nola eutsi tentazioari, ordea, Balentziagaren ereduak kopiatzeko? Zigorrak zituzten patroiak atera edo kopiatzen zituztenentzat. Lastrak kontatu duenez, komunean sartzean ziren patroiak ahal bezala kopiatzera, gero, etxean, beroki bat egiteko. Baina eurentzat, «saltzeko ez». Manzanalek gogoratu du zein kontrolatuta zeuden patroiak, eta berak «Donostian atentzioa eman zuen soineko bat» egin zuela. Kalean janzten zuen berak, harro; baina, badaezpada ere, ez zuen lanera eramaten.

Euren lankideetako batek ez zuen izan halako zorterik: etxera joan zitzaizkion, miatzera, eta patroiak aurkitu zizkioten han. Hilabete bat lanik gabe zigortu zuten. «Frankismoa zen, eta enpresaburuek nahi zutena egiten zuten», esan du Lastrak. «Baina gu belaunaldi lotsagalduagoa ginen, protestariagoak», erantzun dio Mari Carmen Servanek.

Balentziagak ez zuela diseinatzen kontatu dute: oihala gorputzaren gainean jartzen zuen, eta han lantzen zuen. Jantzia, gero, Parisko, Donostiako edo Madrilgo gustuetara moldatzen zuten.

Jaka bat josten hilabete bat ere pasatu izana gogoratzen dute emakumeok, eta kexu dira orduko lanaren kalitatea gaur ez dela ikusten. Servanek auzo lotsa pasatzen du gaur telebistari begira. Aurkezleek eta telebistako bestelako piztiek eramaten dituzten jantziak lardaskeria izugarriak iruditzen zaizkio: «Nola ordain dezakete gaur 400 euro jaka horien truke. Pentsa: oihal laukidunetan, bi txataletako laukiak lerrokatu ere ez dituzte egiten!», esan du, sinetsi ezinik bezala.

Balentziagaren Donostiako tailerra itxi eta gero, bere kabuz jarri zen jostun Hernan, lehengusinarekin. Perfekziorako grina eraman zuen Balentziagatik, ordea. Behin abitua egiteko eskatu zion moja batek. Lehengusinak ikusi zuenean zein fin ari zen josten harritu egin zitzaion: «Aizu, moja batentzat dela!». Jostunak bere burua defendatu zuen: «Balentziagan ikasi nuen. Ez dakit bestela egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.