Koronabirusa

Hegoaldeko biztanleen %4k baino gehiagok positibo eman dute abenduan

Osakidetzak eta Osasunbideak 15.405 kasu atzeman dituzte egun bakarrean. 122.300 lagun kutsatu dira hilabetea hasi zenetik. Izurri osoan atzemandako kasuen %24 abendu honetakoak dira

Jendetza pasieran, Donostiako Gabonetako azoka batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ion Orzaiz - Uxue Rey Gorraiz
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Inoiz ez da orain bezainbeste jende kutsatu. Ezta COVID-19aren lehen olatuan ere. Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emaniko azken datuak zenbatuta —abenduaren 29ari dagozkionak—, izurrialdi osoan ikusi gabekoa da abenduko positiboen kopurua: 122.300 kasu —hilabeteko azken bi egunetakoak zenbatu gabe—. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 2,8 milioi pertsona bizi direla aintzat hartuta, horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko biztanleen %4,36k gaitza hartu dutela azken hilabetean.

COVID-19aren izurritearen seigarren olatua etengabe ari da errekorrak hausten transmisioari loturiko aldagaietan. Inoiz ez da hainbeste jende batera kutsatu Hego Euskal Herrian. Datuek deus gutxi dute ikusteko joandako hilabeteetan erregistratutakoekin, baita lehenbiziko olatukoekin ere. Birusa atzemateko sistemak nabarmen aldatu dira joan den urtetik hona, baina, edonola ere, estimaziorik okerrenetan uste da 2020ko martxoan 6.000-8.000 kutsatu izaten zirela egunik makurrenetan. Orain, Hegoaldeko positiboen zenbatekoak egunak ditu langa horren gainetik.

Izan ere, abenduko kopuru absolutuek txiki uzten dituzte aurreko hilabeteetako datuak. Pandemia hasi zenetik, 504.000 positibo atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian; bada, horietatik laurden bat (%24) detektatu dira amaitzear den abendu honetan. Aurtengo maiatzetik azarora bitartean—biak barne— atzemandako positibo guztiak adina detektatu dira abenduan

Espero izatekoa zen atzoko kutsatu kopuruak bereziki hanpatuak izatea, eta erdiz erdi bete zen susmoa: bezperan detektatutako kasuek 15.000 positiboren langa gainditu zuten. Zehazki, 15.405 positibo zenbatu zituzten: 11.712 Osakidetzak eta 3.693 Osasunbideak. Kutsatuen kurba etenik gabe dabil Hegoaldean goraldi betean; orain hilabete, azaroaren 30ean, 1.560 atzeman zituzten. Orduan halako hamar dira atzo jakinarazitakoak.

Intzidentzia, gora

PCR eta antigeno proben kopuruak ere gora egin du azkenaldian, baina ez dira aski izurriari tamaina hartzeko. Asteazkenean, 42.994 proba diagnostiko egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta horietatik 15.405ek eman zuten positibo. Hortaz, positibo tasak ere marka guztiak hautsi ditu: %35,8 da oraintxe.

Egunean eguneko datuek bultza egiten diete hamalau eguneko batezbestekoei ere. Azken bi asteetan, egunean 6.234 positibo atzeman dira Hego Euskal Herrian batez beste. Eta intzidentzia metatua ere inoiz ikusi gabekoa da Hegoaldeko lau herrialdeetan: 100.000 biztanleko 2.611 kasu daude Araban, 2.829 Bizkaian, 3.314 Gipuzkoan, eta 3.300 Nafarroan.

Ospitaleratzeen kurbak ere goranzko argia marrazten du grafikoetan. Transmisio datuena baino mantsoago, baina gora hori ere. Atzo, 113 lagun erietxeratu behar izan zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak kudeatutako ospitaleetan, COVID-19ak jota. Oraintxe, 729 paziente daude Hegoaldean ospitaleratuta, eta, horietatik, 140 gaixo daude ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan, larri. Atzoko ospitaleratzeak gehituta, 1.805 dira abendu osoan COVID-19agatik erietxeratutakoak. Nafarroako Gobernuak, bestalde, beste heriotza baten berri eman zuen atzo. Azken bi asteetan, 22 pertsona hil dira herrialdean, izurriak jota.

Omikron, pisua hartzen

Azken egunetan eztanda eginiko kasuen oinarrian dagoen faktoreetako bat da SARS-CoV-2 birusaren omikron aldaera. Errazago transmititzen den mutazio bat izanik, mundu osoan ari da barreiatzen, aurreko aldaerei aurrea hartuta. Euskal Herrian ere antzera ari da gertatzen.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak aste honetan argitaratutako txosten epidemiologikoaren arabera, abenduaren 20tik 26ra herrialdean atzemandako kasuen %42 izan ziren omikron, eta %55, berriz, delta. Hortaz, delta aldaera nagusi da oraindik Nafarroan, baina omikron azkar ari da hedatzen: aurreko astean —abenduaren 13 eta 19 artekoa—, omikron ziren Nafarroako kasu guztien %28 soilik; hortaz, litekeena da aste honetan jada aldaera horretakoak izatea detektatutako kasu gehienak, eta, ezustekorik ezean, gainerako aldaerak desplazatuko ditu datozen asteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.