PROPOSAMENAK

Araban ere, txotx

Iaz zortzi sagardotegik bildutako uzta dastatu ahal izango da gaur Gasteizen. Goizez eta arratsaldez egongo dira, Aihotz Plazan

Igor Galarza.
Gasteiz
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Sagardo Araba izeneko topaketa egingo dute gaur Gasteizen, lehen aldiz. Euskal Sagardoa sor-markak antolatutako egunak zortzi sagardotegitako uzten emaitzak bilduko ditu. Aihotz plazan antolatuko dute topaketa, 12:00etan hasi eta 14:30 arte; arratsaldean, berriz, 19:00etatik 21:30 arte egongo da zabalik.

Zortzi sagardotegietatik hiru Arabakoak dira —Aramaio, Kuartango eta Trebiñukoak—, eta gainontzeko bostak Gipuzkoakoak —Hernaniko lau eta Astigarragako bat—. Arabako sagardotegiek sagar muztio eta zukua ere izango dute aukeran, alkoholik edan nahi ez edo ezin dutenentzat. Unai Agirre Euskal Sagardoa sor-markaren koordinatzaileak esan du sagardozaleek «bertako sagar hutsez egindako sagardoak dastatu» ahal izango dituztela.

Araban egingo den lehen topaketa dela eta, Agirrek gaineratu du enpresaren asmoa dela «aurrerantzean ere halako ekitaldiak antolatzen jarraitzea eta Gasteizen Euskal Sagardoa ezagutzera emateko ekitaldi gehiago egitea».

Topaketara biltzen den orok dastatzea kopan egiteko aukera edukiko du, dastatzeetan erreminta ona izaten baita; horretarako aukera eskainiko dute.

Lur ugaritako fruituen emaitzak batuko dituzte: Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko lurretan bildutako uzten zukua izango du publikoak dastagai. Agirrek esan du sagardoek «ezaugarri desberdinak» dituztela lur batetik bestera, baita «sagardotegi batetik bestera» ere.

2018ko uzta, urriagoa

Agirrek esan du iazko uzta urriagoa izan zela 2017koarekin alderatuta. Milioi eta erdi litro egin ziren Euskal Sagardoan 2018ko uztarekin. Hala ere, iaz sagastietatik ateratako edariak «usaintsuak eta txinparta ederrekoak» direla nabarmendu du Agirrek.

I. Euskal Sagardo Araba



Gaur, goizez eta arratsaldez.

Gasteizko Aihotz Plazan (Araba).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.