Auzitara joko du ITP Aero Castingsek ere

2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Aernnovak iragan astean jakinarazi moduan, ITP Aero Castings enpresako langile batzordeak ere auzitara joko du konpainiak iragarritako enplegu erregulazioa salatzeko. Angel Rodriguez batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, hilaren 28ra arteko epea dute salaketa aurkezteko, eta, dena ondo bidean, aste honen bukaeran edo datorrenaren hasieran jarriko dute. ITP aeronautika alorreko taldea da enpresaren jabea, eta 90 behargin kaleratu nahi ditu Barakaldon eta Sestaon dituen plantetan (Bizkaia).

Langileak greba mugagabean daude hilaren 7az geroztik, konpainiak orduan jakinarazi baitzuen kaleratutako beharginen zerrenda. Langileen ordezkarien arabera, negoziazioak etenda dauzkate, ordea, zuzendaritza ez baita batzordearekin harremanetan jarri alternatibak adosteko.

Kaleratzeak salatu eta erakunde publikoei esku hartzea eskatzeko, hain zuzen, protesta bateratua egin zuten atzo Gasteizen, Aernnovako eta Alestiseko langileekin batera. «Hitz onetatik ekintzetara» igarotzeko galdegin zioten Eusko Jaurlaritzari zehazki. Izan ere, langileek gogorarazi dute hegazkingintza sektoreak laguntza publikoak jaso dituela urteetan sektore estrategikoa delako, eta horregatik iritzi diote erakunde publikoek gatazkan bitartekari lana egin beharko luketela.

Lanpostu gehiago suntsi ez daitezen neurriak hartzeko ere eskatu diote Jaurlaritzari. Langileek argi baitute hegazkingintza sektoreko krisia aldi baterakoa dela bakarrik, eta ez egiturazkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.