BILBOKO ASTE NAGUSIA

Musaren eta bingoaren artean

Hor Dago Abante txosnak antolatutako mus lehiaketak jendetza bildu du aurten ere Bilboko Areatzan. Eguzkiak gogor jo duen arren, jokalariek erraz bete dituzte arduradunek ekitaldirako jarritako 256 eserlekuak.

Guztira 128 bikotek eman zuten izena, atzo, Hor Dago Abante konpartsak antolatutako mus txapelketan. Hainbat jokalari kanpoan geratu ziren. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Astearte eguerdia. Eguzkiak gogor jotzen du Bilbon, baina Hor Dago Abanteko txosnaren parean dauden mahai eramangarriak jendez beterik daude. Konpartsetan eros daitezkeen plastikozko basoez gain, garagardo latak eta zigarroak dituzte bertaratuek eskuetan; mahai gainean, garbantzu gutxi batzuk. «Zer da hau?», galdetu dio gertu paseatzen ari den emakume batek beste bati. «Mus txapelketa ote?».

Arratsaldeko hiruretan da zita. Ordua pasatu arren, ordea, jokalarietako batzuk kide bila dabiltza oraindik: «Norekin zoaz zu?». «Ni Gontzalekin». «Gontzalekin zu? Eta ni, orduan?». Zalantza egitea, baina, ez da komeni: lehiaketa itxia da, eta, gehienez, 128 bikotek parte har dezakete. Askok aulki gehiago jartzeko eskatu dute, urtetik urtera jende gehiago apuntatzen baita. Iker Callado antolatzaileak, ordea, ez du uste posible denik: «Lehiakide kopurua puntualtasun kontu batekin lotuta dago».

Hain zuzen ere, hark idazten du partaideen mahai bakoitzaren zenbakia txosnako barraren ondoko arbelean. Ez da lan erraza, berez. Arbelean eta mahaien artean ez dago ia lekurik, eta ezin jokatzeko beldurrak jendea etengabe joan-etorrian ibiltzea eragiten du. Haraino zenbakiaren berri ematera joan beharrean, bada mahaitik mugitu gabe oihuka dabilenik ere. Bingoaren antz handiagoa du eszenak, musarena baino: «47a naiz ni!», «46a hemen!»... Eta, Callado galdezka: «Hurrengoa zein?».

Bien bitartean, taldea osatua dutenak kartak banatzen hasi dira. Begiak erdi itxirik dauzkate gehienek, eguzkiak argi ikustea galarazten dielako; gutxi batzuek tokia topatu dute gerizpean. Oliver Sanchez Tintigorriko konpartsakidea da horietako bat. «Zorte handikoak izan gara gu, heldu garenerako ez zegoen lekurik, baina lagun bati esker mahai hau lortu dugu». Bat zenbakiduna da bere mahaia, eta horrek harro sentiarazten du: «Ezinezkoa izan ohi da ordu hauetan izena ematea. Aurretik, 50 erreserba eginda zeuden jada!».

Halako batean, bost segundoko soinu desatsegina atera da bozgorailuetatik, eta isiltasunak hartu ditu mahai guztiak. Algarak, barreak eta erronka hotsak entzun dira ostean, eta jokalariek, azkenik, serio hartu dute kontua: guztiek irabazi nahi dute, baina partidak luze iraungo du. «Hirurak aldera hasi ohi da mus partida, eta bederatziak aldera amaitu», adierazi du Calladok.

Kapela jokoa

Lehiakideek kartak mahai azpian ezkutatzen dituzten bitartean, badaude detailerik galtzen ez dutenak ere: ikusleak. Batzuk estrategia berriak ikasteko desiotan daude, esku jokoari begirik kendu ezinik; beste batzuk, berriz, barran desterratuak geratu dira —han, ez diote uzten garagardoa zerbitzatzeari—. Horrela sentitzen da, behintzat, Eladio Sanchez. «Jokatzeko gogo handia nuen, baina ez didate utzi». Zergatik? «Berandu heldu naizelako». Haren lagunak barrez lehertu dira orduan, eta horietako bat «esklusiba, esklusiba!», hasi da oihukatzen, Sálvame gehiegi ikusita, agian.

Horrek garbi uzten du alkohola eta beroa ez direla bizikide onak: batek kalte egiten ez duenean, besteak egiten du. Hain justu, eguzkitan dauden jokalari batzuek horregatik jarri dituzte saltzaile ibiltariei erositako euritako txanoak buruan. Kapelek kuxkuxeroengandik babesten dituzte haien kartak.

Eladio Sanchezen beste lagun batek —ez du izenik eman nahi izan— argi du nor nahi lukeen irabazle: «79. mahaikoak!». Ez du zergatik esan, baina deiadarka jakinarazi du bere iritzia. Beste kezka batzuk darabiltza buruan: «Txapelketa egiteko ordu honek jubilatuei soilik egiten die mesede». Arratsaldeko hiruretan da izena emateko epea. Baina, haren arabera, ordua ere erlatiboa da Aste Nagusian. «Aurreko gauean etxera heldu zinen orduaren arabera, goiz jaiki behar duzu hona etortzeko». Eta bada beste kontu bat. «Euria egingo balu, non jokatuko litzateke lehiaketa?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.