Astelehenean hasiko da Egunean Behin jokoaren hurrengo sasoia

Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Egunean Behin, sakelako telefonoko joko arrakastatsuaren bosgarren denboraldia astelehenean hasiko da. Hamabi asteko iraupena izango du sasoiak, eta, orain arte bezala, jokalari bakoitzak egunero hamar galdera erantzun beharko ditu ahalik eta denbora gutxienean. Guuk telefonia eta Interneteko konpainia berriak babestuko du denboraldia, eta harenak izango dira sari nagusiak: egonaldi bat Mutrikuko (Gipuzkoa) Haitzalde hotelean, otordua Iribar jatetxean, eta Errigorako saskia. Sailkapen nagusi horretan sasoian zehar jokatutako bost aste onenen datuak hartuko dira aintzat. Lehen asteko babeslea ere Guuk izango da, eta sakelako bi telefono banatuko dituzte: bata, asteko irabazlearentzat, eta bestea, jokalari denen artean zozketatuta.

Milaka jokalari izanda, lehia, sailkapen nagusian egon beharrean, erabiltzaileen artean egindako taldeetan sortzen da. 40.000 talde inguru daude, eta horietako askotan aparteko sariak banatzen dituzte. Laugarren denboraldia ere arrakastatsua izan zen, eta itxialdiak iraun zuen asteetan goia jo zuen. 80.000 pertsona inguruk jokatu zituzten eguneko partidak. Astero 400.000 galdera inguru erantzun zituzten, eta, denboraldi osoan, lau milioi. Zuzeneko saioak ere egin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.