TEST KLASEAK

2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
PCR erakoak. COVID-19 eritasuna atzemateko PCR testetan, sudurra eta faringea igurtzi, lagin bat hartu, eta hura ikertzen da birusaren arrastorik baden argitzeko: haren genoma bilatzeko prestatuta daude. Lauzpabost ordu behar izaten dira testen emaitzak izateko. Orain arte, oro har, azterketa horiek egin dira positiboak atzemateko; baliabideak urriak izan dira, ordea, eta pertsona askok, sintomak izan arren, ezin izan dute baieztatu COVID-19 eritasuna izan duten. Jakina da, bestalde, izan direla pertsonak positibo eman dutenak test horretan baina ez dutenak batere sintomarik izan. Laborategi batean egin behar dira PCR testak, eta propio trebatutako langileek egin behar dituzte. Adituen arabera, fidagarritasun handiko testak dira PCR motakoak, eta hastapenetan ere atzematen dute eritasuna.

Test azkarrak. Test azkar deituei buruz ere erruz hitz egiten da. Antigorputzak atzemateko prestatutako hainbat azterketa mota dira normalean. Ez doaz birusaren bila propio; giza organismoak birusari aurre egitekosortzen dituen antigorputzak dituzte xede. Odol laginen bidez egiten dira. Bi motatako antigorputzak aurki ditzakete. Baga: IgM motakoak agertzen badira, ulertu behar da pertsona hori COVID-19 gaitzaren fase akutu batean dagoela, eta bakartu egin beharko da, gaitza heda ez dezan. Biga: IgG erakoak agertzen badira, esan nahiko du jada gaixotasuna pasatu duela, eta antigorputzek erakusten dutela immunizatuta dagoela. Test horien fidagarritasuna ez da PCR motakoena bezain handia. Positiboak direnean seguru-seguru dira positiboak: ez da dudarik. Negatiboak direnean, ordea, dudazkoak dira; kasu horietan, badaezpada ere, PCR test bat egin behar dela diote adituek. Test azkarren eragozpen bat da positiboak usu ez direla agertzen pazienteak sintomekin hasi arte. Baina erabilgarriak izango dira oso: diotenez, test azkarrekin egindako azterketa aleatorioei esker, oro har, jakin ahal izango da birusa zenbat hedatu den, eta zer eboluzio izan duen. Horren araberako neurriak hartu ahal izango dira gero. Antigorputzak bakarrik ez, antigenoak atzemateko test azkarrak ere badira gaur egun. Adituen ustez, test mota ezberdinak elkarren osagarri izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.