Guztiak dira 'Bizkaitarra'-k

Kaikuko trainerua euskal herritarrez eta atzerritarrez osatua du Jose Luis Kortak. Solayman Rahhou Marokon jaioa da, eta sei urte daramatza tostartean kateatuta.

Solayman Rahhou, ababor aldeko seigarren tostan —ezkerretik hasita aurrenekoa—, Castro Urdialesko (Espainia) estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 11
00:00
Entzun
Arraunlari denek gehien desiratzen eta amesten duten estropada da Kontxako Bandera. Guztietan kutunena. Baita Solayman Rahhourentzat ere (Tazarine, Maroko, 1999). «Eta are gehiago Kontxako Banderarako sailkatu den lehen arraunlari afrikarra izanda». Kaikuko Bizkaitarra ontziko kide da Rahhou, eta, haren esanetan, traineru «berezia» da, mitikoa. Bada, aurtengo denboraldian, txalupa euskal herritarrez eta atzerritarrez josita dago, Sestaoko (Bizkaia) taldearen azken urte loriatsuenen antzera (2011-2013); besteak beste, argentinar, kolonbiar, moldaviar, errumaniar, marokoar bana eta hainbat espainiar daude. Marokokoa da Rahhou.

Gaztea zela, sorterria atzean utzi eta Euskal Herrirako bidaia luzea bezain latza egin zuen, «etorkizun hobe baten bila». Duela sei urte gerturatu zen lehendabizikoz Kaiku Arraun Kirol Elkartera. «Portugalete eta Sestao lotzen dituen bidetik nindoala, Ibaizabalera begiratu eta batel bat ikusi nuen. Ez nekien arrauna zer zen ere, eta klubera bertaratu nintzen, jakin-minez». Lehen eguna buruan ondo baino hobeto dauka iltzatuta: «Orduko entrenatzaileari esan nion arraunean hasi nahi nuela». Prestatzaileak galdera zuzena bota zion gazteari: «Kiroletako arropa ekarri al duzu?». Rahhouk ezetz erantzun zion. «Orduan, zapatilak eta arraunean erabiltzen dugun platanoa jantzi, eta korrika egitera joan nintzen». Hurrengo egunean, tostartean jesarri, arrauna estropuan sartu, toletean lotu eta boga. Proba egin eta gustatu. «Lehen taldera igotzea amesten nuen».

Arraunlari bakan batzuei gustatuko zaie ergometroan aritzea. Rahhou, bederen, ez da horietako bat. «Baina makina horretan aritu behar gara»; gehienbat denboraldiaurreko lan isilean. Orduak sartu ohi dituzte katearen hotsaren pean. «Jada ohituta gaude». Bestalde, pisuak geroz eta garrantzi handiagoa duen honetan, Tazarinekoak zintzo demonio betetzen ditu prestatzaile fisikoaren eta dietistaren aginduak. «Ez dut arazorik izan. Ongi daramat».

Eskarmentuarekin eta gaztetasunarekin osatua dago Bizkaitarra; tostartean dira, besteak beste, Oscar Gomez aurrekalaria, Iker Pascual edota Cristian Garma patroia. «Haien ondoan egotea ikaragarria da, asko irabazitakoak baitira. Horrelako arraunlariengandik asko ikasten duzu, eta esperientzia pilatzen zoaz. Giro ederra dugu», nabarmendu du.

Eta Bizkaitarra-ko arraunlarien maisua, nor eta Jose Luis Korta handia. «Bat eta bakarra da. Bizitza osoa arraunari eman dio». Rahhouk laugarren urtez duoriotarra prestatzaile. «Inork baino gehiago ezagutzen nau, ordu asko pasatzen baititugu elkartean». Tazarinen jaiotakoak gehiago deskribatu du Ortzaika auzoko entrenatzailea: «Estutzen du, estutu behar duenean, eta asko. Prestatzaile bati horixe dagokio. Pertsona oso ona da, maitekorra. Irribarre ere egiten digu».

Hiru urteren ostean, Sestaokotaldea denboraldiko topagunerik ederrenean lehiatzera itzuli da. «Gustatuko litzaigukeen lekuan gaude. Oso berezia da, handia; futboleko Txapeldunen Ligaren gisakoa». Hain zuzen, sari horrek ginga jarri dio bizkaitarren denboraldiari, sasoi aparta egiten ari baitira. «Hasierako helburu nagusiena zen mailari eustea». Bada, txiki geratu zaie, aise bete baitute, azkar. «Egia esan, ez genuen espero hain ondo ibiliko ginenik». Eusko Label liga amaitzeko bi estropaden faltan, seigarren lekuan kokatua dago Kaiku. «Arraunlari bakoitzak denboraldiaurretik izugarrizko lana egin du, eta, txalupa ongi ibili da. Kontxak guztia biribildu du».

Min hartuta dago

Rahhourentzat guztia ez da zoriontasuna. Abuztuaren 14an, Castro Urdialeseko (Espainia) estropada jokatu eta biharamunean, Kortak atseden eguna eman zien mutilei. «Etxean geldirik egon beharrean, korrika egitera irten nintzen. Euriagatik zorua irristakorra zegoen, eta erori egin nintzen; orkatila okertu eta peronean min hartu nuen». Ezbehar hura garai «okerrenean» suertatu zitzaion. «Estropada onenak sasoi amaiera aldean dira: Zarauzko Ikurrina, Kontxako Bandera, Bermeokoa, Portugaletekoa...». Kortak zer esango ote zion gazteari? «Errieta egin zidan. Badakigu nolakoa den [barrez]. Bromak alde batera utzita, traineruan hutsune handia utziko nuela esan zidan».

Ordutik lehorretik jarraitu ditu ligako estropadak eta Kontxako Banderako lehen jardunaldia; lehorrean izango da gaurko lehian ere. Halere, hondar aletxoa traineruan jartzen saiatuko da: «Ahal dudana egingo dut: taldekideei lagundu eta animatu». Inbidiarik pasatuko ote duen galdetuta, aho bizarrik gabe mintzatu da: «Nori ez litzaioke gustatuko Kontxako Banderan arraun egitea? Ontzi barruan joan ezin badut, beste taldekide batek goza dezala». Gauza bakarra dauka buruan: «Ahalik eta lasterren osatzea. Arraunean hasteko gose handia daukat».

Aitortu duenez, noizbait amestu izan du Kontxan lehiatzearekin: «Baita bandera irabaztearekin ere, behin baino gehiagotan, gainera [barrez]. Egoera hori bizi nahi dut». Kaiku Arraun Kirol Elkarteak 100 urte beteko ditu datorren urtean; zenbaki biribila lorpen potoloren bat lortzeko. «Ez da ezer ezinezkoa. Lan handia egingo dugu», esan du, itxaropentsu. Bestalde, bere buruari erronka bat jarri dio: «Euskaraz hitz egiten jakin nahiko nuke. Euskaltegian izena emateko asmoa daukat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.