Jazarpenagatik kanporatutako arduradun bat Pausa zentroko buru jarri dute

Migratzaileak hartzeko zentroko lehenengo arduraduna izan zen, baina egotzi egin zuen Atherbea elkarteak. Zentroa elkargoaren gain geratu denean, berriro kontratatu dute

Pausa zentroak urtebetean 9.000 migratzaile ingururi eman die zerbitzu. GUIILAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi - Garikoitz Goikoetxea
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Gorabehera gehiago agertu dira Baionako Pausa zentroan. Migratzaileak artatzeko prestatutako lekua da, eta hilaren hasieraz geroztik Euskal Elkargoak du haren ardura. Atherbea elkarteak kudeatu du zentroa orain arte, baina ez segitzea erabaki du, desadostasunak izan dituelako elkargoarekin. BERRIAk herenegun argitaratu zuenez, zentroan jarritako segurtasun arduradunarekin dute zerikusia desadostasun horiek: Rambo esaten diote gizon horri, eta hainbat lekukok kontatu dute jarrera «autoritarioa» duela. Jean Rene Etxegarai elkargoko lehendakariak ukatu egin du. BERRIAk jakin duenez, izan da beste gorabehera bat ere: Atherbeak bere garaian kanporatutako gizon bat jarri du elkargoak Pausako arduradun. Jazarpenagatik bota zuten; besteak beste, langile bati iruzkin sexualak egitea egotzita.

2018ko azaroan zabaldu zuten Pausa zentroa, bidean diren migratzaileei atseden hartzeko gune bat eskaintzeko. Atherbea elkarteak hartu zuen zentroaren ardura. Sei langile hartu zituen lan horretarako, eta Atherbean bertan ari zen beste langile bat izendatu zuen zentroaren arduradun. Ez zuen luze iraun karguan, ordea: aurtengo udaberrian, Pausa ireki eta hilabete batzuetara, eten egin zioten kontratua, eta kaleratu egin zuten. BERRIAk kontsultatutako iturrien arabera, laneko jazarpen kasu bat izan zen kanporatze horren arrazoia: langile baten aurkako jazarpen morala. Gizon hori kanporatu, eta beste arduradun bat jarri zuten Pausan, betiere Atherbea taldearen bidez.

Aldatu egin da egoera. Euskal Elkargoak, Atherbeak eta Diakite boluntario taldeak ez dute berritu hitzarmena, eta hilaren 1az geroztik elkargoak berak du Pausaren ardura. Langile berriak hartu ditu, orain arte ari ziren gehienek uko egin baitiote jarraitzeari, segurtasun buruaren jokabideagatik. BERRIAk jasotako lekukotasunen arabera, galdeketak egin izan dizkie migratzaileei, jatorri batzuetako etorkinak sartzea galarazi izan du, eta tratu desegokia eman izan die. Horiek jasandako migratzaile baten testigantza ere kaleratu zuen BERRIAk herenegun.

Informazio «faltsua» dela esanez erantzun du Etxegaraik, Euskal Irratietan. Baieztatu du segurtasunaz arduratzeko pertsona bat jarri duela propio. BERRIA Etxegarairekin jarri zen harremanetan informazio horiek kaleratzerako, baina uko egin zion erantzuteari.

Langile aldaketak

Langile gehienek alde egin dutenez, beste batzuk kontratatzen ari da orain Euskal Elkargoa, Pausan zerbitzua ematen jarraitzeko. Hor etorri da ezustekoa. Udaberrian Atherbeak jazarpenagatik kanporatutako arduraduna berriro hartzea erabaki du elkargoak. Kazeta honek kontsultatutako iturrien arabera, elkargoak bazekien arduradun hori bota egin zutela.

Duela urtebete jarri zuten martxan Pausa zentroa. Aurreko hilabeteetan migratzaile andana bat iritsi ziren, eta herritarren mobilizazioak bultzatu zuen zentro hori sortzea. Urtebetean 9.000 migratzaile ingururi eman diete zerbitzu. Elkargoa, Atherbea eta Diakite kolektiboa egon dira orain arte; orain elkargoak izango du ardura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.