Deustuko salestarren irakasle ohi baten sexu erasoak salatu dituzte

Zortzi gizonek jarri dituzte salaketak. Ertzaintzak epaitegira igorri du ikerketaren emaitza. Kongregazioak «barkamena» eskatu du, «halako ekintza gaitzesgarririk gertatu bada»

Deustuko Salestarrak ikastetxea, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Bilboko zortzi gizonek Ertzaintzara jo dute azken egunotan, haur zirenean jasandako indarkeria sexuala eta fisikoa salatzera. Deustuko Salestarrak ikastetxeko irakasle ohi batez mintzatu dira, 1975etik 1990era ehunka umeren tutore, ikasketaburu eta aholkulari psikologiko izandakoa: Jose Miguel San Martin, don Chemi esaten ziotena. Salatzaileen arabera, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan izan ziren erasoak, ikasleek 8 eta 10 urte bitartean zituztela. Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du Ertzaintza urtarrilean jardun dela auzia ikertzen, eta epaitegira bideratu dituela zazpi salaketa, sexu abusu eta eraso delituengatik. Ikastetxeak ere «barne ikerketa» bat abiatu du.

El País egunkariak eman zuen atzo salaketa horien berri. Ukituak, muxuak, masturbazioak, bortxaketak eta jipoiak izan ziren, kazeta horrek bildu dituen testigantzen arabera; izatez, sexu erasoak salatu dituzte gizonetako seik, eta eraso fisikoak beste biek. Irakasleak eskolako sotoan eta ikasgeletan egiten zien eraso, baita udalekuetan ere. Biktimek kontatu dute «beldurrez» bizi zirela, erasoak «ohikoak» zirelako. Haietako batzuek ondorio psikologiko larriak izan dituzte.

Salestarren Kongregazioak «sostengua» adierazi die ikasle ohi horiei, eta «barkamena» eskatu du, «halako ekintza gaitzesgarririk gertatu bada». Ohar bidez jakinarazi du «Justiziarekin elkarlanean aritzeko prest» dagoela, eta «barne ikerketa» bat ere abiatu duela, baina erantsi du erasoen garaian ez zuela jaso San Martinen aurkako kexarik.

Salatzaileetako batek gezurtatu egin du hori El País-en. Azaldu du bere amak eta beste ikasle baten sendiak guraso elkartera jo zutela, eta handik, ikastetxeko zuzendaritzara, semeek jasandako sexu erasoak ezagutaraztera. Zuzendariak, ordea, gomendatu zien Polizian salaketarik ez jartzea. Handik gutxira, Deustuko ikastetxea eta ordena utzi zituen San Martinek; kongregazioaren arabera, irakasleak berak erabaki zuen alde egitea. Salatzaileek nabarmendu dute salestarrek bazutela erasoen berri, eta «ahalbidetu» egin zutela beste adingabe batzuei ere eraso egitea.

Beste salaketa bat

Salaketa jarri dutenak ziur daude irakasle ohiak biktima gehiago utzi dituela. Haien garaian, eta duela gutxi. Izan ere, umeekin lan egiten jarraitu du San Martinek azken urteetan, udalekuetan, abesbatzetan zein kirol jardueretan. Besteak beste, Aldekoa izeneko aisialdi talde batekin aritu izan da; berriki ezabatu dute euren webgunean irakaslearen curriculuma zekarren orrialdea. Hortaz, delituek preskribatu duten arren, salaketa jarriz auzia ikertzea sustatu nahi dute zortzi gizonek, eta 1990az geroztik beste erasorik izan den argitzea.

Isiltasuna haustea ere helburu dute. Haiek horrela hasi baitziren antolatzen; hain justu, El País-ek urtarril hasieran argitaratutako albiste baten harira izan zuten elkarren berri, eta horrek bultzatu zituen gaiaz hitz egitera. Egunkariak jakitera eman zuen gizon batek San Martinen aurkako salaketa bat jarri zuela hamabi urte lehenago —auzia artxibatu zuten, delitua preskribatuta zegoelako, baina orain salatzaileak berretsi egin du salaketa—. Gainera, Ertzaintzara jo zuenean, harrera egin zion poliziak esan zion hark ere abusuak jasan zituela irakasle berarengandik. Eta, kazeta horren arabera, ikastetxe bereko beste irakasle batzuen aurkako salaketak ere izan dira; urtarrileko albistean, 1960ko hamarkadan gertatutako erasoak kontatu zituen gizon batek, eta gutxienez beste hiru izen aipatu zituen.

San Martinekin berarekin ere hitz egitea lortu du egunkari horrek; akusazioak ukatu ditu irakasle ohiak, baina adierazi du orduan gertatutako «gauza batzuk txarto interpreta» zitezkeela.

Bizkaian, kasu gehiago

Bilboko salaketa ez da tankera horretako bakarra, dena den. Azken hilabeteetan eztabaidagai izan dira ikastetxe edo erakunde katolikoetako ordezkariek adingabeen eta gazteen aurka egindako sexu erasoak. Iazko abenduan, Bilboko Elizbarrutiak abade bat salatu zuen, eskaut mugimenduko hiru emakumerekin «portaera sexual desegokiak» izatea leporatuta. 2015 eta 2017 artean izan ziren erasoak: abadea Uribeko bikariotzako burua zen, eta Gotzain kontseiluko kidea; kargugabetu egin zuten. Auzia ikertzen ari da Bizkaiko Fiskaltza.

Udazkenean ere zeresan handia eman zuen Gaztelueta auziak. Opus Deiko ikastetxe horretako (Leioa, Bizkaia) irakasle bati 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, 2008tik 2010era 12-13 urteko mutil bati sexu abusuak egiteagatik. Fiskalak eskatutako hiru urteak baino nabarmen handiagoa izan zen kondena. Gerora, eskolako zuzendaritzaren jarrerak eragin zituen kritikarik zorrotzenak: biktimaren hitzak eta epaia bera auzitan jarri zituen.

Bizkaitik kanpo ere izan dira kasu esanguratsuak. Irailean, sei hilerako baldintzapeko askatasuna ezarri zion Baionako Auzitegiak Jean-François Sarramagnan apaizari, 1991n 12 urteko ilobari erasotzeagatik. 2017ko urtarrilean, berriz, Juan Kruz Mendizabal Gipuzkoako Elizbarrutiko bikario ohiari hiru urteko zigorra jarri zion Elizak; sexu abusuak salatu zituzten hiru pertsonak.

Eliza katolikoko kideen sexu erasoengatik eginiko salaketak mundu osoan zabaldu dira, eta nola jokatu aztertzen ari da erakundea. Otsailean bilera bat egingo dute Vatikanoan. Edonola ere, Espainiako Gotzainen Biltzarrak iragarria du pederastiaren aurkako araudia aldatuko duela, «neurri irmoagoak» hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.