Kutxabankek iaz 332 milioi euro irabazi ditu, emaitzak %10 hobetuta

Zalantzazko aktiboak 500 milioi gutxituta, berankortasun tasa txikienetakoa du bankuak. Hipoteka maileguak %22 hazi dira, eta kontsumokoak, %20. Portaera positiboa nabarmendu du Billalabeitiak

Irabazien erdiak BBK, Kutxa eta Vital Banka fundazioetara joango dira: 166 milioi euro. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irune Lasa. Iker Aranburu
2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Iazkoa urte ona izan da Kutxabankentzat. %10 gehiago irabazi du, 332 milioi euro, sozietate zergan 74 milioi euro ordaindu ostean. Irabazien erdiak BBK, Kutxa eta Vital Banka fundazioetara joango dira: 166 milioi euro.

Bezeroen negozioari lotutako aldagai guztiak hobetu ditu, bankuak berezkoa duen negozioak emandako sarrerak 1.057 milioi eurora igota (+%2 ). Eta zalantzazko aktiboak 500 milioi euro murriztu, eta berankortasun tasa txikia txikitzen jarraitu du, %3,86ra —inguruko entitateen artean txikiena—. Ondorioz, diru gutxiago jarri behar izan du zuzkiduretan: 185 milioi (-%57).

Emaitza onean zerikusia izan du ere bankuak gastuetan murrizketa handia egin duela. Gastu orokorrak %8,6 txikitu ditu, eta pertsonalean iaz baino %3,4 gutxiago gastatu du.

Maileguak 'online'

Bezeroen negozioari dagokionez, produktu berrien salmentak handitu ditu bankuak, eta aseguruen negozioaren bilakaera bereziki ona izan du (+%10), marjina gordinera 136 milioi euroko ekarpena eginez. Bigarren urtez jarraian, Kutxabankek interes marjina ere hobetu egin du, Euriborrak urtea negatiboan itxi arren.

Etxebizitzen merkatua mugitzen ari den seinale, hipoteka maileguen kontratazio bolumena %22,6 handiagoa izatea lortu du Kutxabankek, eta, gaur egun, entitateak emanak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hipoteken %38.

Kontsumorako mailegu gehiago ere eman ditu, 474 milioi euroraino (+%19,8). Eta kontsumorako maileguen %23 online izenpetu dira. Kutxanbankeko hamar bezerotik lauk Internetez egiten dituzte euren eragiketak.

Bilakaera eskasena inbertsio funtsek, pentsio planek eta BGAEra egindako ekarpenek izan dute; positibo mantendu arren,%1,7 jaitsi dira.

Beste 74,8 milioi euro (+11,2), hainbat enpresatan dituen parte hartzeetatik etorri zaizkio Kutxabanki. Eta baita desinbertsioetatik ere. Kutxabankek urteak daramatza industrian dituen parte hartzeak saltzen. Natra, Itinere, NH Hoteles, Zeltia, Enagas, Informatica de Euskadi... luzea da Kutxabank akziodun izateari utzi dioten enpresen zerrenda. Arrazoietako bat da Europako Banku Zentralaren arauek kapital asko gordetzera behartzen dutela inbertsio horiek estaltzeko. Beste arrazoia da akzioen salmentek irabazien poltsa loditu dutela, eta horri esker elikatu ahal izan du Kutxabankek bere hiru akziodunen gizarte ekintza.

2018an, Kutxabankek Euskaltelen %1,22 saldu du, eta abenduan jakinarazi zuen Ingeteam ingeniaritza enpresa bizkaitarrean zuen zatia %29,18tik %15,9era jaitsi duela. 2019 hasieran, berriz, Jaurlaritzak jakinarazi zuen CAFen %1,24 erosi ziola bankuari.

Parte hartze industrialak ez ezik, lehen aipatu moduan, mailegu arriskutsuak ere gainetik kendu ditu. Abenduan ere 700 milioi euroren maileguak saldu zizkion Bain Capital funtsari. Emaitzetan «eragin handirik ez» zuen izan operazio horrek, baina berankortasuna puntu erdi jaitsi zion, eta kapitalaren erreserbak handitu.

Oraindik geratzen zaizkio partaidetza handiak, horietako batzuk Euskal Herriko enpresa handi eta esanguratsuetan. Horien artean daude Euskaltel (%20,13), CAF (%14,06), Petronor (%14), eta Iberdrola (%1,5).

Portaera «oso positiboa»

Kutxabankeko presidente Gregorio Billalabeitiak goraipatu egin du bankuak iaz izandako portaera, eta «oso baikorra» izan dela azpimarratu du; besteak beste, ekonomia moteltze zantzuak erakusten ari denean, interes tasek negatiboak izaten jarraitzen dutenean, tentsio geopolitikoen ondorioz merkatuen hedakortasuna handia dela eta ikuskaritzak baldintza oso zorrotzak jartzen dituela. Kutxabanken emaitzen sendotasuna ere nabarmendu du Kutxabankeko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.