Ainhoa Etxaide. LAB sindikatuko idazkari nagusia

«Urkulluri esker, patronalak irabazi du lan munduan, argi eta garbi»

Azken urteetan LAB sindikatu abertzalearen borrokak emandakoa «mugatua» dela uste du Ainhoa Etxaidek, eta molde berriak behar direla Eusko Jaurlaritzak «erabat desorekatu» duen jokalekutik atera eta eraginkor egiteko.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Iraganaren eta geroaren kaxak zabaldu, eta aitormenak zein asmoak atera ditu Ainhoa Etxaidek (Hondarribia, 1972). LAB sindikatuak azken urteetan izan dituen trabei buruz eta aurrerantzean sindikatu abertzaleak hartuko duen borroka moldeaz arituda. «Eraginkor» izan nahi duLABek, eta, horretarako, «aliantzak beharrezkoak» direla dio idazkari nagusiak. Uste du «gobernu neoliberal batek» patronala jaun eta jabe egin duela, eta egungo egoera ez dela normala eta LABek ez duela normalizatuko. Aitzitik, langileak errebelde izatera deitu ditu.

Legegintzaldi hasieran munduaren akabera zetorrela zirudien lan itunen galeraren mehatxuarekin. Legegintzaldi bukaeran patronalak bereari eutsi diola ikusten da, sindikatuak ez zaretela eraginkor izan.

Agenda neoliberala nagusitu izanak azaltzen du egoera. Politika publikoetan eta lan munduari dagokionez, patronalak irabazi du, argi eta garbi. Eta Urkulluren gobernuari esker irabazi du. Gernikako agintaldi hasierako ekitaldian elite ekonomikoak besterik ez ziren egon. Bere lekua hori zela erakutsi zuen. Haien ondoan jarri da; hautatu du, eta legegintzaldi amaieran ugaritu egin dira patronalarekin ateratzen dituen argazkiak. Norentzat aritu den eta legegintzaldia norentzat izan den emankorra adierazten du horrek. Gobernua langileekin lerratu izan balitz, egoera oso bestelakoa zatekeen, baina erabaki du patronalari nahi zuen guztia ematea; hori da egoera.

Eta sindikatuek ez duzue lortu egoerari buelta ematea.

Sindikatuak noraino heldu garen ere aztertu behar da, noski. Egia da patronala nagusitu dela, eta ez dut uste horren erantzuleak sindikatuak garela. Esparru politikoa, gobernua, politika jakinak... dena alde izan du patronalak, eta LABen gogoeta betean ari gara horri guztiari modu eraginkorrean erantzun ahal izateko. Horrek esan nahi du mugatua izan dela gure borrokak eman duena; agerikoa da.

Desorekaren tesiak azalduko luke orduan egungo lan harremanen basamortua?

Maila handi batean, bai, elite ekonomikoek beren interesak zaintzen dituztelako logikaz, eta gobernuak haiei guztia emanez gero, desoreka nabarmena gertatzen da. Ikusi non dagoen boterea eta non herria: Jaurlaritzak bizkar eman die sektore herrikoiei. Eta ez gara ari soldatapekoez bakarrik, langabeez eta modu prekarioan dabiltzanez ere ari gara. Iritsi da une bat non estatua ez den jadanik ez askatasunaren, ez oinarrizko eskubideen bermea; buelta eman diote guztiari, eta estatua elite horien pribilegioak bermatzeko egitura bihurtu dute.

Iñigo Urkullu inoizko lehendakaririk eskuindarrena izan dela pentsatuko dute hausnarketa hori irakurtzen dutenek...

Hala izan da; besteak ere ez dira oso ezkertiarrak izan, baina orain inoizko premiarik handiena genuen herriaren aldeko politikak egon zitezen, eta Urkulluk bizkarra eman dio behar horri. Uko egin dio politika bidezkoak egiteari eta politika propioak egiteari, biei. Eredu propio batez krisiari irteera emateko saioari bizkarra eman dio, alegia. Bertako sindikatuekin batera ez du jardun nahi izan, jakin badakielako gu ez gaudela bere irteerarekin ados.

Jaurlaritzak gogotsu defendatzen du aldebikotasuna, ordea, nahiz eta Espainiarentzat eta Espainian diseinatutako lan erreforma indarrean egon hemen.

Arazoa ez da zeintzuk diren eskumenen esparruaren mugak, baizik eta EAJk bat egin duela PPren politikekin. PPk Madrilen egin dituen politikak aukeratu ditu Lakuak beretzat; aurrekontuak eta enplegu politika aztertzea baino ez dago. Jaurlaritzak badu enplegu politika propioa egiteko eskumena; bada, bigarren mailako sail bihurtu du Enplegu Saila, enplegu politika hoberena ezer ez egitea dela erabakita.

Patronalaren «amesgaizto» izatera deitu dituzu orain gutxiLABeko ordezkariak. Zaila dirudi, Jaurlaritza berri batek ez baditu muga berriak jartzen behintzat, patronalarekin berriro eseri ahal izatea.

Jaurlaritzak jartzen ez dituen mugak herriak berak jarri behar ditu. Bestela, patronalaren gidoian, nagusi den negoziazio kolektiboan, ezer gutxi aurreratuko dugu. Ongizatearen estatua esaten diotena likidatzea erabaki dute, eta prozesu horretan sindikatuoi ematen diguten rola da ahal den neurrian langileen interesak babestea. Ez dugu ezer irabazteko likidazio horretan. Horregatik diogu sindikalismoak gidoi berriak behar dituela jokaleku berriak eragiteko. Patronalaren jokalekuan galdu egingo baitugu. Ezin gara mugatu patronalak blokeatuta daukan negoziazio kolektiboaren pareta behin eta berriro buruarekin jotzera.

Angel Toñarengandik gehiago espero zenuten?

Toñak berak gehiago espero zuen Jaurlaritzan izango zuen parte hartzeari dagokionez, seguruenik. Bere garaian esan genuen pertsonak aldatzeak ez dakarrela egoera aldatzea. Ez dakit Toña zenbat saiatu den, baina hemen ez dago enplegu politikarik. Neoliberalismo basatiena nagusitu da, Toñak neoliberalismo horri mugaren bat jarri behar zaiola inoiz aipatu arren. Edonola ere,guk bainoago hark espero izango zuen gehiago.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak ez du ezer askorik eman azkenean. Asmatu zenuten mahaian egoteari uko eginez?

Jaurlaritzak berak mahaiaren porrota besterik ez zuen nahi. Egoera soziala eraldatzeko mahaia osatzen baduzu, egoera aldatu nahi duzulako izango da, noski, baina gobernuak aldaketari uko egin zion mahaia osatu aurretik ere. Gutxiengo sindikalean tematu, eta aurrera egin zuten, ordea, eta emaitza argia zen hasieratik: porrota. Baina, guretzat, arrazoia edukitzea ez da nahikoa jadanik, bitartekorik eta tresnarik gabe ez ditugulako gauzak aldatuko. Lan horretan gaude azken urteetan.

Hauteskunde sindikalen emaitzei erreparatuz, egoera aldatzeko gehiengo sindikala badagoela esan duzu berriki. Estalki bat baino gehiago da gehiengo sindikala? Ba al dago oinarririk estalki horren barruan?

Badago mamia, badago gehiengo sindikala lelo batzuetatik haratago, norabide jakin bat partekatzen delako. Ekintza sindikala indartu behar dela, alternatiba izan behar dugula eta esparru propioa eraiki behar dugula defendatzen du gehiengo horrek, eta ez bakarrik abertzaleak garelako, horrek benetako aukera emango digulako gure eskubideak berreskuratzeko. Badago oinarri bat, noski: langile gehienek hori dena babesten duelako. Zer falta da orduan? Hori guztia martxan jarriko duen akordio sindikala.

Zein da bidea horretarako?

ELAk eta LABek gehiengo sindikalaren estalkiaz hitz egiteari utzi behar diogu, eta gehiengo hori egituratuko duen benetako subjektua eraikitzeari ekin, ahal bezain laster. Akordioak dira funtsezkoak, eta horiek eraikitzeari ekin behar diogu, alegia.

Erreforma indarrean sartzean negoziazio sektoriala edo enpresakoa lehenetsi behar ote zen eztabaidan nahasi ziren ELA eta LAB. Negoziazioa ia ezinezkoa dela ikusita, beste aro batean sartu zarete?

Alternatibaren eraikuntzak batu behar gaitu aro honetan. Orain arte agenda neoliberalaren erantzunetan egon gara. Norberak bere kabuz emandako erantzunaren fasea gainditu behar da, bakoitzak bere ildoarekin soilik ez duelako indar nahikorik egingo eta egoerak eraman gaituelako elkarlan sindikala eraiki beharrera. Bi sindikatuon eztabaidaren emaitza izan behar du akordioak, nolanahi ere.

Kontuan hartuta itunen estatalizazioa mehatxu bainoago egia dela dagoeneko, euskal negoziazioaren esparrua berreraikitzea litzateke akordio horren lehen helburua?

Estatalizazio horrek finkatzen du, hain zuzen, non dauden ahalezko aliatuak eta non ez. Lan harremanetarako euskal esparrua helburu da, jakina, lan mundua goitik behera aldatzeko behar-beharrezkoa delako. Eremu politiko subiranistan arreta txikiegia ematen ari zaio prekaritatearen arazoari. Egoera soziala gero eta okerragoa bada, ez dugu lortuko Euskal Herriak bere bidea egitea. ELAren eta LABen elkarlanaren ardatzak prekaritate horri aurre egitea izan behar du, eta, hori borroka politikoa denez, zein aldaketa politiko behar ditugun jarri behar da mahai gainean.

Ultraaktibitateaz hitz egiten zenuten lehen sindikatuek, eta iraultzaz hitz egiten duzue orain. Egoera berriak oinarrizko kontzeptuen hiztegiari hautsa kentzea ekarri du...

Izan ere, oinarrizko eskubideen alde borrokatzen ari gara. Iraganeko gaiak dira jadanik ongizate estatua azkartzen dugun edota lan baldintzak hobetzen ditugun. Lan eskubideak edukiko ditugun edo ez eztabaidatzen ari gara, aberastasunari eta pobreziari buruz hitz egiten. Horretara eraman gaituzte, eta horregatik eskatzen dugu jarrera iraultzailea, agortu direlako lehen balio zuten beste bide batzuk.

XX. mendeko borrokaz ari zara.

Baina XXI. mendeko borroka moldeez egina, argi. Oinarrizko borrokak dira, baina beste molde batzuekin. Borroka eta langileria ez daude zaharkituta, nahiz eta batzuek hori esan.

Datorren larunbatean mobilizazio nazionala antolatu duzue Bilbon, ohiz kanpoko protesta; zergatik orain?

Arestian esan dut ekintza sindikala aldatzen ari garela, sektore feminizatuak eta prekarioak lehen lerroan jarrita, adibidez. Aldaketa hori guztia plazara aterako dugu. Hori da larunbateko mobilizazioaren logika. Mobilizazioak ez baitu ordezkorik: edo kalean gaude edo patronalak barre egingo digu. Erreforma berriak eskatzen ari dira, Jaurlaritza murrizketak egiteko prestatzen ari da... horrela dira gauzak, eta gure alternatiba aurkezteko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.