UDAKO SERIEA Herri bat, kirol bat (eta VI). Gasteiz eta saskibaloia.

Hiri bat saski barruan

Emakumezkoek ekin zioten aurreko mendearen lehen erdian saskibaloian jokatzeari Gasteizen, eta, handik urte batzuetara, gizonezkoak batu zitzaizkien. Ordutik, hazi eta hazi ari da, eta Arabako hiriburua erreferentzia lekuetako bat da.

Buesa Arena. Baskoniaren pistan ia 16.000 ikusle sartzen dira gaur egun. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Saskibaloiko baloi handi eta zahar bat, antzinakoa. Oraingoen aldean astuna, munduko bola zirudiena jokalarien eskuetan. Auskalo nola heldu zen Gasteizera, baina eskutik eskura, oraindik bertan jarraitzen du. Biribiltasun horretan, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren mapak dauzka marraztuta Arabako hiriburuan. 80 urte badira saskibaloia hirian azaldu zenetik, eta emakumezkoen bidez egin zuen sarrera. 36ko gerra amaitu ondorengo urteetan izan zen hori, eta handik hamarkada batera batu zitzaizkien gizonezkoak.

Ikastetxeetan azaldu zen: Corazonistetan, Marianistetan... Hasi eta berehala, emakumezkoen taldea Espainiako Bigarren Mailako txapeldun izan zen. Arrakasta horrek piztu zuen suziria, eta jokalari bat nabarmendu zen: Josefina Añua. Urteen joanean, hamaika talde sortu ziren, eta batzuek mailak igo zituzten: Vitoria, Areitio, La Blanca, Gasteiz, Agurain eta Divino Maestro. Vitoriak eta Divino Maestrok Lehen Mailarako jauzia ere eman zuten, nahiz eta aurrenekoak ez zuen jokatu goreneko ligan, diru faltagatik. Divino Maestrori Arabak eman zion segida. 1993an jaio zen kluba, eta hortik atera ziren Abaroa taldea sortu zuten emakumezkoak. 2001ean izan zen, eta Livia Lopez zuten presidente, gerora Arabako eta Gasteizko emakumezkoen saskibaloian mugarria izan dena. Duela hamar urte, Abaroak eta EHU Arabak bat egin, eta Araski Arabako Emakumeen Saskibaloia sortu zuten. Liga nagusian dabil orain lehen taldea, eta Lopezen (presidente izan zen iaz arte) lehengusu Madelen Urieta da entrenatzailea (Amurrio, Araba, 1981).

Ondo baino hobeto ezagutzen du hiriko saskibaloia. Jokalari izan zen Abaroan, eta 15 urte zituenetik entrenatzaile lanetan hasi zen: «Gaur arte», esan du. «Saskibaloia nire bizitza izatea nahi nuenez, aukera bakarra entrenatzaile izatea zen, eta horrela hasi nintzen». Horretarako, jakina, gustatu egin behar kirola bera: «Umea nintzela, eskolako klaseak galtzen nituen saskibaloian jokatzera joateko. Lagun gehienak mutilak nituen, eta haiek saskibaloian ere jokatzen zutenez, aukera ederra zen niretzat». Ume hura, zaletasunari segika, entrenatzaile onenetako bat izateraino heldu da. Araski 2016an igo zen Lehen Mailara, eta urtez urte aurrerapausoak ematen ari da.

Lehen taldea baino zerbait gehiago da, ordea, Araski: «Harrobia lehen taldea bezain garrantzitsua da, eta klubaren parte izatearen sentimendua sartzen ari gara bertan, harro senti daitezen Araskikoak izateagatik». Etengabe hazten ari da kluba, eta datu honek ematen du horren berri: 50 lagun eta jokalari hasi, eta orain 300 baino gehiago dira.

Kirola eta emaitzak uztarri berean doazela ezin da ezkutatu, eta garbi dauka hori Urietak: «Emaitza onak nahi ditugu, baina ez bakarrik irabazi. Lehen taldeak pistatik helarazten duenak heldu behar du harrobira. Dena eman behar da, eta hori erakutsi behar zaie haurrei. Galdu gehiago egiten da, eta horrekin ere bizi behar da». Arabako haurren erreferenteak emakumezkoak ere izatea nahi du, eta hori ere bada Araskiren oinarrietako bat: « Gure harrobikoek ezagutzen dituzte lehen taldeko jokalarien izenak, eta hori harrotasuna da guretzat».

Mendizorrotza, 'santutegi'

Harrotasuna den bezala hiriko saskibaloian leku preziatua den Mendizorrotza kiroldegian jokatzea: «Badu zerbait berezia. Lehenengo Mailan jokatu genuen aurreneko denboraldian, aurkari askok argazkia ateratzen zuten bertan», kontatu du Urietak.

Urte eta hamarkada batzuk atzera egin behar da kiroldegi ezaguna eta saskibaloia uztartu ziren garaietara joateko. Gizonezkoen bidez izan zen, Baskoniak bertan jokatu zuelako 1990era arte, Araba pabiloira igaro bitarte. Milaka zalek ikusi dute saskibaloia kiroldegi zaharrean, eta orain ere, Araskiren bidez, Baskoniako hainbat zalerentzat iraganera itzultzea bezalakoa da Mendizorratzara joatea. Iruri Knorr (Gasteiz, 1979) da horietako bat. Saskibaloizale amorratua, Radio Vitoriako emanaldietan iritzi emaile aritzen da, eta Saski Baskoniako Marketing sailean ere aritu izan da lanean. «Familiatik datorkitzaletasuna, larunbatetan, etxekoen bazkaria egin eta gero Mendizorrotzara joaten ginelako Baskonia ikustera». Osaba, Gorka Knorr, klubeko zuzendaritzan egon zen hainbat urtez, eta urteetan atzera eginez, Gasteizko talde mitikoa izan zen KASen knortarrak zeuden, edarien enpresa ezaguna sortu zutelako 1912an, La Esperanza izenaz. Mendizorrotzan ikusi zuen Essie Hollis jokatzen, eta gogoan dauzka haren jokaldi ikusgarriak:«Guk jokatzen genuenean, saskiratze ikusgarri bat sartzen genuenean, 'Hollisen saskiratzea' deitzen genion». Orain, berriz itzuli da Mendizorrotzara Araskiren zale, ikusle eta iritzi emaile moduan: «Polita da berriz ere maila horretako saskibaloia ikustea».

Ez du alferrik esan «berriz ere», maila handiko jokalariak ikusia baita Baskoniaren bidez. Tituluak irabazi dituenean ere lekuko izan da, eta klubaren bilakaera ondo ezagutzen duenez, harrotasunez atera zaio ondorengoa: «Aurreneko tituluetan, ez ginen jabetzen. Uste genuen segituan pasatuko zela arrakasta hura, ez genekien berriz Europan noiz jokatuko genuen, adibidez. Baina lan handia eginez, Europan oso proiektu sendoa egin da pixkanaka. Izen bat du Baskoniak. Harrotasunez begiratu behar diogu horri, hiri txiki batean halako zerbait izateari». Gogoeta bera egin du Araskiz ere: «Eredu dira. Etorkizunean ikasi egingo dugu nola ari diren gauzak egiten, Gasteizko jokalariak nola zaintzen dituzten, harrobikoak nola hazten eta zaintzen dituzten».

Baskoniaren aurretik, KAS

Gizonezkoen Gasteizko talde nagusia sortu zenerako, hasia zen saskibaloia hedatzen. 1959an sortu zuen Vasconiak taldea, baina ez zen hiriko talde bakarra. Corazonistak, Marianistak eta San Jose ikastetxeetan hasi zen zabaltzen, eta han zebilen Xabier Añua (Gasteiz, 1935), Josefinaren lehengusua. Ez zuen Baskonian jokatu, Philipsen baizik (gero Vitoria eta KAS izan zena). KASen entrenatzaile izan zen, Bartzelonara eta Antibesera (Frantzia) joan aurretik, eta Lehen Mailara igo zuen taldea. Europan ere jokatu zuen.

Bi izen nabarmentzen ditu hiriko saskibaloiaren bilakaeran: «Jose Luis Sanchez Erauskin Santxon-ek izena euskaratu zuen, Baskonia bihurtuz, eta presidente zela, erabaki zuen ikurrin handi batekin ateratzea jokatzera Atletico San Sebastianen aurkako partidan. Zaleentzat sekulakoa izan zen, eta Baskonia abertzaleen taldea bilakatu zen. Bestea Josean Kerejeta da. Kudeatzaile aparta; kluba Europako elitera eraman du». Jokalari izan zuen Añuak egungo presidentea 1985ean: «Lehen titulua irabazi genuen, Asoziazio Kopa, Hollisekin eta Kerejetarekin, besteak beste». Gero, beste titulu batzuk irabazi ditu Baskoniak: ACB liga lau aldiz, Espainiako Kopa sei bider, eta Europako Errekopa behin. Añuak dioen bezala, «azkenean, aurrera egitea izan da leloa beti Gasteizko saskibaloian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.