«Ahalegin denak egingo ditut aldagelan euskaraz hitz egiteko»

ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
25 urte etxetik urrun eman eta gero, etxera itzuli da berriro ere Garitano. Familiarentzat aldaketa dela onartu du, «batez ere semearentzat». Baina uste du erraz egokituko direla.

Oso pilotazalea zara. Ikusiko zaitugu frontoietan?

Oso gustuko dut, eta ziur naiz partidak ikustera joango naizela. Gaztetan pilotan jokatu nuen, eta beti gustatu izan zait frontoiko giroa. Leganesen nengoenean zailagoa zen. Aukera gutxi nituen partidak ikusteko. Baina aita zalea da, eta beti kontatzen zizkidan gauzak. Oporretan etortzen nintzenean ere ahalegintzen nintzen partidaren bat ikustera joaten, eta egunean jartzen.

Zeintzuk dira zure pilotari gustukoenak?

Herrian, Bergaran, beti izan ditugu pilotari onak: Etxaniz lehen, Rezusta orain. Beti jarraitu izan dut haien lana. Gainontzean, beti izan naiz oso Irujozalea.

Familiak nola hartu du etxera itzultzea?

Aldaketa da haientzat ere. Emaztea Bergarakoa da, baina biok 25 urte egin ditugu etxetik urrun. Semeak 11 urte ditu. Alacanten jaio zen, eta orain dena izango da berria harentzat: lagunak, eskola, hizkuntza... Urduri samar nabaritu dut aldaketarengatik, baina ziur nago berehala egokituko dela. Donostian biziko gara, erosoena delako.

Izan al duzu oporrik?

Astebete edo hamar egun hartuko ditut orain. Alacantera joango gara, eguzkia pixka bat hartu eta atseden hartzera familiarekin. Denboraldi-aurrea hasi baino egun batzuk lehenago itzuliko naiz Donostiara.

Aldagelan euskaraz hitz egiteko asmorik baduzu dakitenekin?

Bai, ahalegin denak egingo ditut horretarako. 25 urte eman ditut Euskal Herritik kanpo, eta ez dut hitz egiteko aukera asko eduki. Gurasoekin batez ere hitz egin izan dut. Orain, pixkanaka joan nahi dut hitzak berreskuratzen, eta askeago hitz egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.