Frantziako Tourra

Jo, sufritzen jakin, eta apurtu

Michael Matthewsek irabazi du Frantziako Tourreko hamalaugarren etapa. Jonas Vingegaardek lider jarraituko du, Tadej Pogacarren eraso guztiei erantzun eta gero

Jo, sufritzen jakin, eta apurtu.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Rockero zaharrak ez omen dira inoiz hiltzen, eta, atzo, Michael Matthews (Bike Exchange) biziberritu egin zen Neuveko aldapetan gora (3 kilometro, %10,2ko pendiza). Ihesaldian zela aurreraegin eta gero, Alberto Bettiolek (Education First) harrapatu egin zuen, atzetik etorrita. Hiru kilometro falta ziren helmugarako, eta gurpiletik ere atera zuen. Baina unerik txarrena pasatu ondoren, azken aldapan biziberritu egin zen Matthews. Sufritzen jakin, italiarraren gurpilera iritsi, erasoa jo, eta helmugara bakarrik iritsi zen australiarra.

Tadej Pogacarrek (UAE) eta Jonas Vingegaardek ere (Jumbo-Visma) izan zuten euren norgehiagoka. Baina esloveniarraren eraso guztiei erantzun zien liderrak, eta bata bestearen gurpilean helmugaratu ziren.

Beroa izan zen eguneko protagonista. Ezustean, Pogacarrek jo zuen lehen erasoa, 180 kilometro gelditzen zirela. Atzean gelditu zen arren, Vingegaardek bere kabuz zapuztu zuen ahalegina. Esloveniarrak ez zuen ihes egin, baina Jumbo-Vismarekin jolasean aritu zen, eta erakutsi zuen ez duela amore emango.

Hainbat txirrindulari saiatu ziren ihes egiten, eta, azkenerako, 23k lortu zuten eguneko ihesaldian sartzea. Tropelekoek hanka altxatu zuten, eta faboritoek azken muinorako utzi zituzten mugimenduak. Hori ikusita, aurrean mugimenduak izan ziren.

50 kilometro gelditzen zirela iritsi zen eguneko mugarria. Matthewsek ihes egin zuen aurreko taldetxotik, eta beste hiru txirrindularik bakarrik lortu zuten harekin bat egitea Fagen gora (4,2km, %6): Luis Leon Sanchezek (Bahrain), Felix Grobschartnerrek (Bora) eta Andreas Kronek (Lotto Soudal). Tropelean, berriz, erritmoa handitu egin zuen Jumbo-Vismak Fagen bertan, eta talde nagusia murriztu egin zen.

Azken muinoa, Neuve, 25 segundoren aldearekin hasi zuen hirukoteak, baina Bettiolek haiengana iristea lortu zuen. Matthews eta Bettiol gelditu ziren aurrean bakarrik, eta italiarrak erritmoa aldatu zuen aldapan gora. Matthews gurpiletik kanpo gelditu zen, baina azken maldan ondo estutu zituen hortzak. Bakarrik heldu zen helmugara, eta laugarren garaipena lortu zuen Tourrean.

Tropelean, UAEk jarri zuen erritmoa azken muinoan, eta Pogacarrek erasoa jo zuen. Vingegaard gurpilean itsatsi zitzaion, eta esloveniarrak ez zuen lortu sailkapen nagusian duen 2.22ko desabantaila murriztea. Pirinioetan egin beharko du min, lasterketari buelta eman eta Parisera maillot horiarekin iritsi nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.