Poztasun baten bila doa

Realak ligako hirugarren garaipena eskuratu nahi du jarraian, Rayoren zelaian. Etxekoak sasoiko unerik onenean daude. Raul Navas deialdi batera itzuli da

Realeko eta Rayoko jokalariak lehian, lehen itzulian Anoetan jokatutako partidan. Binakoa izan zen emaitza. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gu beti pozez, beti alai. Donostiako bazter guztietan abestuko dira hitzok gaur, eta San Sebastian martxa-ren letra gogoan, hitz horiek bere egiteko prest da Reala ere. Espainiako Kopatik kaleratua izan ostean, Liga du helduleku bakarra Imanol Alguacilen taldeak, eta azken bi garaipenen olatuan jarraitu nahi du Rayo Vallecanoren zelaian.

Berriz poztuko duen emaitza bat eskuratu nahi du Realak, sasoiaren bigarren erdian ilusioari bide emango diona, eta horretarako aukera paregabea dute Vallecasen (Espainia). Europa Ligako postuetara begira jartzea ahalbidetuko liokeen garaipena du xede, baina denboraldiko garairik onenean dago Ravo Vallecano aurkaria. Ligako azken hiru partidak irabazi egin ditu.

Hori kontuan hartuta, Imanol Alguacil txuri-urdinen entrenatzaileak, zain egoteari uko egin, eta bere taldearen egitekoa zein den esan zuen neurketaren bezperako agerraldian: «Irabaztera aterako gara, jakin arren haiek hiru garaipen jarraian eskuratu dituztela eta etxean indartsu daudela. Uste dut hobetzen ari garela, eta taldeak badu partida aurrera ateratzeko behar besteko indarra».

Orioko entrenatzaileak zehaztu zuen taldeak «egunero» erakutsi behar duela emaitza onak eskuratzeko gosea: «Ez du balio esateak [sailkapenean]gora begiratu nahi dugula; astero erakutsi behar dugu hori».

Halaber, balioa eman zion Rayo Vallecano egiten ari den jokoari, eta partida «irekia» espero duela nabarmendu zuen: «Duela bi hilabete, haien entrenatzaileak zioen gustura zegoela egiten ari ziren jokoarekin, eta, sistema aldatzearekin batera, emaitza onak eskuratzen hasi da. Gol asko sartzen ditu, eta jaso ere bai; horrek esan nahi du partida irekiak jokatzen dituztela, ausartak direlako. Ikusiko dugu horri nola aurre egin».

Realeko entrenatzaileak ez du argitu zer hamaika jokalari aterako dituen Vallecasen, eta jokalariak «zer moduz dauden» aztertu nahi du hautaketa egin aurretik. Dena den, jakina da Mikel Merinoren hutsunea izango duela zelai erdian; bi txartel hori ikusi zituen iragan astelehenean, Espanyolen aurkako norgehiagokan, eta zigortuta dago.Jon Bautista ere ez da jokatzeko moduan, apendizitisak jota ebakuntza egin baitiote.

Bestelakoa da Raul Navasen egoera. Atzelari espainiarra deialdi batera itzuli da ia hiru hilabeteren ostean. Urriaren 27an jokatu zuen azkenekoz Realarekin, eta ezker belaunean min hartuta egon da ordutik. Osatu da, eta taldearekin bidaiatu du.

Diego Llorente eta Ander Guevara ere deialdian dira. Reala B-ko jokalariak erdiko lerroan dauden hutsuneak betetzeko eginbeharra izango du. Haren eta beste jokalari guztien beharra izango du Realak Espainiako Kopako porrota ahazteko eta berriz ere poztasun batek gora begirako bidean jartzeko. Geratzen zaion pizgarri bakarra da.

RAYO VALLECANO-REALA

Rayo Vallecano. Dimitrievski;Advincula, Velazquez, A. Ba; Galvez, Jordi Amat, Moreno; Comesaña, Imbula, Embarba; Raul de Tomas.

Reala. Rulli; Aritz, Llorente, Hector, Aihen; Illarramendi, Zubeldia, Sangalli; Oiartzabal, Januzaj eta Willian Jose.

Epailea. Medie Jimenez.

Lekua. Vallecas (14.505 ikusle).

Ordua. 18:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.