Lehengairik gabe, etxean

Koronabirusagatik ezarritako konfinamendua dela eta, etxean dago Iker Vicente. Ez du egurrik, eta, beraz, ezin da txukun entrenatu. Ezohiko egoera horrek arlo ekonomikoan izango duen eraginak kezkatzen du gehien.

Iker Vicente, etxean, artxiboko argazki batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Askok pentsatuko dute COVID-19 gaitzarengatik ezarritako konfinamenduak ez diela entrenamenduak egiteko buruhausterik sortu aizkolariei, beste kirolariei ez bezala. Bada, aizkolari gehienak euren baserriko garajean edo ukuiluan entrenatzen diren arren, egoera goitik behera aldatu zaio Iker Vicenteri (Otsagabia, Nafarroa, 1997). Alarma egoera indarrean jarri aurretik, egur faltan geratu zen maila nagusiko azken txapelduna. Eskaera egina zuen, baina ezinezkoa izan zaio Iratiko basoan markatuak zituzten zuhaitzak bota eta etxeratzea. «Egoerak, egun batetik bestera, bete-betean harrapatu nau». Matazaren korapiloa askatu nahian dabil.

Martxo hasieran Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala jokatu zuen Vicentek, Jesus Mari Mujika bikote zuela —hirugarren amaitu zuten—. Txapelketa hura izan da jokatu duen azken lehia. Ordutik, bere kasa ibili da entrenatzen, harik eta aizkolarientzat oinarrizkoa den lehengairik gabe geratu den arte: egurrik gabe. Azaldu duenez, aurretik, basozainarekin Iratiko basora joan zen zuhaitzak aukeratzera eta markatzera, ondoren ilgorako fasean botatzeko. «Egurrak, garai horretan, ura izaten du. Urik ez badute, berehala lehortzen dira, eta ez dute ezertarako balio». Etxean egon beharragatik, ezin izan ditu zereginak behar bezala bete. «Egurra Iratin dago, zutik».

Basoa etxetik gertu duenez, ez du ezkutatu «tentazioa» duela aizkora hartu eta mendira joateko. «Etxetik kanpo ordu asko sartzen ditut; beraz, asko kostatzen ari zait egoera honetara egokitzea. Baina kirolariok ere agintariek ezarritako neurriak bete behar ditugu». Gainera, aitortu du alarma egoera indarrean egoteak «asko» baldintzatu duela bere eguneroko jarduna. Lehen, astean bi egunetan Iruñeko gimnasio batera joaten zen: «Ateak itxi dituztenez, prestatu gabe harrapatu nau». Etxean makinarik ez, egurrik gabe... trantze batean sartua dagoela jabetu da. Egoera lasaitze aldera, entrenatzailearekin telefonoz aritu da, konponbideren bat aurkitzeko. Hala, Internetez erosiko ditu makinak.

Nola edo hala, entrenatzen jarraitu beharra dauka. Oraingoz, bizikleta estatikoan ibiltzen da erresistentzia lantzeko, eta gorputzaren enborra lantzeko, berriz, abdominalak, flexioak eta lunbarrak egiten ditu. Halere, «buruari buelta batzuk» ematen aritu da, eta, sormena landuz, pisua lantzeko tresnak asmatzen ari da. «Entrenatzailea eta biok etxean ariketak nola egin behar ditudan ari gara pentsatzen». Zailtasunak zailtasun, uste du jarduera gehienak egiteko moduan izango dela. Ezohiko egoerara egokitu behar duen bitartean, beste zenbait aizkolariri gutxi aldatu zaie errutina. Vicenteren arabera, indarra lantzeko gimnasio txikiren bat eta aizkoran aritzeko nahiko egur badituzte, entrenatzeko arazorik ez dute izango.

Kezka eta ezjakintasuna

Alabaina, argi mintzo da presaren presaz ezin duela jardun. Horregatik, prestatzaileak bi aholku eman dizkio: bata, «eta garrantzitsuena», osasuna lehenestea, hau da, birusetik babestea, eta higiene neurriak hartzea; eta bestea, betiko ohiturei «ahalik eta gehien» eustea, besteak beste, lotarako ordu eta elikadura egokiak izatea, esfortzuaren arabera. «Dietarekin berdin jarraituko dut».

Koronabirusaren harira ezarritako neurria aizkolariek txapelketa garrantzitsurik ez duten garai batean iritsi den arren, Vicentek apirila gorriz markatua zuen: Australiara joatekoa zen Munduko Txapelketa jokatzera. Aurreko aldian, maila nagusian, bigarren izan zen kana-erdiko bakarrera lehiatzen diren diziplinan. Aurtengoa, ordea, bertan behera geratu da. Urrezko Aizkolarien Txapelketa ere etenda dago. Kanporaketak martxo amaieran hastekoak ziren, eta Vicente maiatzean zen sartzekoa, finalerdietan. Antolatzaileekin hitz egin du, eta, esan diotenez, txapelketa jokatu, jokatuko da. «Baina oraindik ez dute datarik zehaztu».

Egora aldrebes horrek, presioa baino gehiago, «kezka eta ezjakintasuna» sortu dizkio. Hain justu, jabetuta dago zer-nolako eragina izango duen txapelketen etenaldiak arlo ekonomikoan, «diru iturri nagusia baita». Datozen hilabeteetan txapelketak edo erakustaldiak antolatuko ote diren deien zain daude aizkolari asko. Baina hura urrunago joan da: «Jendea izutua ere badago». Badaki lehiaketa asko bertan behera geratuko direla. «Momentuan jakinarazten badigute, prestatzeko denbora askorik ez dugu izango». Alta, txapelketa garrantzitsuenak udazken aldera direla eta, aitortu du egoerak ez diola sortu buruhauste handirik. «Urteko beste momentu batean harrapatu izan banindu, ileetatik tiraka egongo nintzateke».

Gorabeherak gorabehera, ez du bere burua gehiegi estutu nahi. Etxean egon beharrari alde ona aurkitu dio; aspaldiko partez, familiarekin eta gertukoekin pasatzen ditu ordu gehienak. Bestalde, oraindik 22 urte dituen arren, etxetik joateko lehen urratsa egin du. Lehena, eta garrantzitsuena. Otsagabian bertan etxe bat erosi du, landetxe bihurtzeko, eta pintaketa lanetan dabil buru-belarri. «Deskonektatzeko aukera ematen dit horrek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.