Morcillo, argi printza

Erdilariak Athleticek ezker hegalean duen postua bete nahi du. Lehen taldearekin jokatu dituen partidetan erakutsi duen jokoak eta ausardiak ilusioa piztu du zaleen artean. Gaur, beste aukera bat izan dezake, Ipuruan, Eibarren aurkako derbian.

Jon Morcillo, Granadan jokatutako partidan. Egun horretan egin zuen estreinakoa lehen taldearekin. ATHLETIC.
haritz gallastegi
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Jon Morcillo (Zornotza, Bizkaia, 1998) bizi ibiltzen da ezker hegalean aurrera eta atzera. Eta hegalean aritzen den bezain azkar konbentzitu du Gaizka Garitano lehen taldean lekua izateko. Entrenatzaileak talentuaren falta sumatzen du erasoan. Baina, batez ere, hegalak ikusten ditu hankamotz. Sakontasuna, banakako jokaldietan ausardia eta gola sartzeko abilezia duten futbolariak falta zaizkio taldeari, defentsan egiten duen lan onak erasoan eraginkortasuna handiagoa izateko.

Alex Berenguer da merkatuak eskatzen duen aukerarik onena, baita ia bakarra ere. Eta, etxean, Morcillo da aldagela nagusiko atea bota gura duen futbolaria. «Maila oneko jokalariei beti ematen zaie aukera. Baina Athleticen jokamoldeagatik futbolari batzuk pisu handia hartzen dute. Taldeak entrenatzaile askoizan ditu, baina ia guztiek garrantzi handia eman diote hegaleko jokoari. Athletici aurrera egitea gustatzen zaio. Talde ausarta da. Erdiraketa asko egitea du gustuko, eta bigarren lerrotik futbolari asko iristen dira errematera. Joko hori garatzeko Morcillo aproposa da», adierazi dio BERRIAri Joseba Etxeberriak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1977).

Ettxeberriak ondo ezagutzen du Morcillo. Aspaldi izan zuten elkarren berri. Bi arotan entrenatu du 22 urteko erdilari fina: Baskonian lehenengo, eta, Athletic B-n ondoren. Baskonian aritzeko aukeratu zutenean izan zuen Morcillok Athleticen jokatzeko lehen aukera. Lau urte baino ez daramatza klub zuri-gorrian. Durangoko Culturaletik fitxatu zuten.

Baina baiezkoa jaso aurretik, kolpe gogorra hartutakoa da. Morcillok ondo daki zer den Athleticen jokatzeko proba egin, eta teknikariak atzera botatzea. Hala ere, ez zuen etsi txikitako ametsa bete arte. Baina behin aukeratuen artean egonda, ez pentsa bide erraza izan duenik lehen taldera iritsi arte. Jokalariak dituen berezko dohainak lantzeaz gain, beste arlo asko jorratu behar izan ditu onenen artean lekua izan dezakeela erakusteko aukera eman diotenen arte. «Gorabehera handiak zituen Baskonian. Maila handia zuen, baina aste batetik bestera asko aldatzen zen bere ekarpena. Aste barruko egunerokoan nabaritzen zitzaion gehien. Garbi azaldu genion Lehen Mailan jokatzeko ez zela nahikoa bere maila tantaka erakustea».

«Jarrera aldatu du»

Etxeberriaren esanak lerro artean irakurriz gero, erraz uler daiteke Morcillok jarrera aldatu izan ez balu, Athleticek harribitxi bat galtzeko arriskua izango zuela. Morcillok futboletik bizitzeko aukera ikusi zuenean aldatu zuen jarrera, jokalari ona izatea neurketako jokaldi onenetan agertzea baino askoz gehiago dela ulertu zuenean. «Haren portaera oso ona izan da beti. Oso futbolzalea da. Baina kosta egin zaio mailari eustea. Zaleentzat jokatzea ez da nahikoa. Futbolean ondo jokatu behar da. Erasoan zein defentsan ahalegindu behar da». Berekoi fama baitu. Jokaldia behar dena baino gehiago loratzeko joera izatea aurpegiratu diote azken urteotan bere ibilbideari erreparatu diotenek. Baina erabakiak hartzeko orduan ere aurrepauso handia eman du. «Athletic B-n ezagutu dudan Morcillok ez du zerikusrik Baskoniakoarekin. Eguneroko lanean aurrerapausoa eman du. Eta aste barruko lana partidaten islatu da. Iaz Bigarren B Maila osoko jokalari onenen artean egon zen. Golak sartzeaz gain, haren jokoa nabarmenduko nuke. Guk konfiantza eman genion, baina berak egin du aurrera».

Goi mailako trena hartu soilik ez, horretan bide luzea egiteko egin beharreko urratsak egiten ari da Morcillo. Talentuarekin soilik nekez lortzen baita ametsari luzaroan eustea. Baina berezkoari eguneroko lana gehitu dio. «Ahalegin handia egin du. Arlo fisikoan garapen handia izan du. Gauzak irabazi egin behar dira, eta berak lortu du. Eredu izan daiteke antzera dauden jokalarientzat».

Baina Morcilloren bidea hasi baino ez da egin. Arlo guztietan dauka hobetu beharra. Iristea bezain gaitza baita mantentzea. Horretarako, etengabe dago hobetu beharra. «Erasoan baliabide asko ditu. Gure mezu gehienak defentsan hobetzera zuzendu ditugu. Aurrera egiten duen moduan atzera egin dezakeela uste dugu. Hanka onak ditu horretararako. Presioa ere landu dugu berarekin. Defensan asko hobetu du, baina oraindik badauka zer ikasia».

Morcillok Lezaman izan duen bilakaera nabarmena izan da. Bide horretan landu behar izan dituen arloak ere argi daude, baina Athleticeko zaleen ilusioa piztu duena erasoan aritzeko gaitasuna da. Baloia zelai erditik aurrera hartzen duenean da berezia. Urte askoan Athleticeko ezker hegaleako jokalari bati ikusi ez zaizkion dohainak ditu. «Teknikoki, oso ona da. Arlo fisikoan asko hobetu du. Azkarra da, eta ezker oin bikaina dauka. Dohain handiak ditu, baina hori zelaian erakutsi behar du. Partida on bat jokatzea ez da nahikoa. Hurrengo urteetan bere ekarpena handiagoa izan beharko da taldean egonkortzeko».

Morcillorekin pazientzia izan behar da, baina burumakur dabilen zaleak laino artean argi printzak ikusteko gai izan bada, zerbait daukan seinale izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.