Ion Azpiroz. Mendi korrikalaria

«Oso indartsu sentitzen ari nintzen; sasoiko nengoela banekien»

EHME.
Unai Ugartemendia.
Leitza
2019ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Denboraldiko bigarren ultra zuen Azpirozek (Berastegi, Gipuzkoa, 1980). Vio Haraneko Ultratraila irabazi zuen duela bi aste (Huesca, Espainia). Denboraldia berandu samar hasi arren, sasoi betean dago. Dani Agirrek 2015ean jarri zuen markatik (6.42.59) bi minutura geratu zen.

Atzetik aurrerako lasterketa egin duzu. Nola sentitu zara?

Banekien lasterketa oso arraroa izango zela. Bikotekako lasterketa ere batera atera da, eta korrikalari asko erreferentzia zehatzik gabe ibili dira. Erritmoak ez dira berdinak, eta lehen kilometroetan nabari zen urduritasuna. Argi neukan nire lasterketa egin behar nuela, tarteko denborak bete behar nituela, eta hala egin dut.

Gaintzara (18. kilometroa) Jonathan Tejada iritsi da lehen, gutxik ezagutzen zuten errioxarra. Zuk ezagutzen al zenuen?

Bai, ezagutzen nuen. Orain bi aste Huescan irabazi nuen ultran bera ere podiumean izan zen, astebete lehenago Nafarroa Extremen lehiatu eta gero. Bi anaia dira, aldapa gora eta behera ikaragarri korritzen dutenak. Orduan jada esan zidan kilometro bertikala irabaztera zetorrela, eta hala egin du. Bera iritsi da aurrena San Migelera. Denbora atera dit, baina ez sekulako tartea. Lekunberritik atera bezain pronto harrapatzea lortu dut. Handik aurrera, atzera begiratzea tokatu zait.

Irabaztea espero al zenuen?

Zati bakoitzerako jarrita neuzkan denborak hamar minutuz hobetu ditut, eta banekien zazpi ordutik jaitsiz gero podiumean izango nintzela. Azken asteetako sentsazioak kontuan hartuta, banekien denbora horietan ibiliko nintzela; hala ere, ez nuen espero Lekunberrira hain azkar iristea. Orduan pentsatu dut: «Irabazten duena markaren bueltan ibiliko da». Hala izan da.

Euskal Herria Mendi Erronkarekin bazenuen arantza bat.

Bai. 2015ean erretiratu nintzenetik itzuli gabea nintzen. Lesio bat zela medio, etxera joan behar izan nuen, eta denbora behar izan nuen hari buelta emateko.

Otsailean eta martxoan, lesio batengatik, geldirik egotea tokatu zaizu. Osatuta al zaude?

Bai. Laneko istripu txiki bateantxirbila sartu zitzaidan begian, eta bi hilabete egin ditut geldirik. Atseden horrengatik edo beste zerbaitengatik azkenaldian oso indartsu sentitzen ari nintzen, txinparta handiarekin. Banekien sasoiko nengoela.

Zein dira hurrengo lasterketak?

Hemendik hiru astera Tenerifera noa, 100 kilometroko lasterketa bat egitera. Inoiz gehien sufritu izan dudan proba izan zen, duela bi urte, eta hango arantza ere atera nahi dut. Gero, Goierriko Bi Handietan, euskal selekzioarekin Somiedoko Espainiako Ultren Txapelketan [Asturias, Espainia] eta Chamonixeko UTMB lasterketan izango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.