Ur bareetan, 'Enbata'

Zarautzek irabazi du KAE 1 ligako lehen jardunaldia, Pasai Donibanen, erlojuaren aurkako estropadan. Deustuk egin du bigarren, eta Donostiarra B-k hirugarren

Zarauzko arraunlariak, Fegemu banderarekin, atzo, Pasai Donibanen. AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
Pasai Donibane
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Urruti dago 2014ko abuztuaren 24a, eta urrun daude elkarrengandik Colindres (Espainia) eta Pasai Donibane (Gipuzkoa). Ia bost urte egun hartatik atzo bitartean, eta kilometro mordoa herri batetik bestera. Zenbat entrenamendu, neke, haserre eta poz bizi izan ote dituzte denbora tarte honetan Zarauzko Enbata traineruko arraunlariek, Colindresen, orduko hartan, KAE 2 ligan, atzo arte azkeneko bandera izan dutena irabaziz geroztik.

Talde hartako kide zen Imanol Eizagirre zarauztarra, eta hor segitzen du. «Hau ikaragarria da», esan zuen atzo, trainerua bere lekuan utzi berritan. Izango ez da, bada, etxeko arraunlari batentzat: «12 urte nituela hasi nintzen arraunean, eta 22 dauzkat orain». Ondo baino hobeto irudikatzen du zein ari den izaten Zarauzko Arraun Elkartearen bidea azken urte luzeetan: etxeko arraunlariak hartu, landu eta hazi. Lan desatsegina, iraupen luzekoa, garaipenaren etekin berehalakoari bizkarra emanda. Baina garaipenera bideratzen duena, pazientziaz hartuz gero. «Bandera aurten etorri da, baina urte luzeetako lana dago atzean», zioen Eizagirrek. Sinesten ere lanak zituen bai berak, baita taldekideek ere atzokoa benetakoa zen edo ez.

Izan bada, ordea. Eta inor gutxi harritu zuen atzoko emaitzak. Zarautz ez da alferrik KAE 1 liga honetako talde indartsuenetako bat. Atzoko erlojupekoan hasieratik erakutsi zuen hala dela Gari Urangaren taldeak —lehen garaipena du entrenatzaile moduan—. Seiko bi txandatan bateratu zituzten hamabi traineruak, eta aurreneko multzoan joan zen Enbata, txandakideen erreferentzia guztien jabe, azkena irtetea egokitu zitzaiolako.

Bazuen aurkari handi bat haren aurretik, baleko erreferentzia, gainera: Deustu. Aurreneko ziabogan, bi segundo bizkorrago ibili zen Bilboko taldea. Ohiko luze baten erdia zen atzo aurreneko luzea, baina bigarren luzetik aurrera lehertu zen enbata Pasaiako ur bareetan. Ondorengo erreferentzia guztietan, buruan izan ziren zarauztarrak, bilbotarrekiko aldeei eutsiz. Jaitsi, azkenera jaitsi zen, baina zarauztarrentzat 3,24 segundoren koska nahikoa izan zen lehen txanda bereganatzeko. Bandera irabazteko lehiarako hautagaitza aurkeztua zeukan. Donostiarra B-k egin zuen hirugarren lehen txanda horretan, erakutsiz azken estropadetako maila ona ez zela egun bateko kontua. Arkote sartu zen gero, eta askoz atzerago, Santoña eta Hibaika.

Bigarren txandakoen artean, Pedreña eta San Juan izan ziren azkarrenak, Camargo, Getaria, Zumaia eta Lapurdiren aurretik. Haietako inork ez zuen hobetu Enbata-ren denbora, eta aurreneko estropadako garaipenak bazuen jabea.

Gaur dute bigarren jardunaldia, atzoko leku berean, baina modu ezberdinean: hiru txandako lehia, sei luze eta bost ziabogakoa. Atzoko emaitzekin osatuko dituzte txandak. 12:15ean hasiko da estropada (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.