Zirrikitu bat nork aurkituko

Athleticek eta Osasunak euskal derbia jokatuko dute gaur, San Mamesen. Azken partida galtzetik datoz bi taldeak; egoera irauli nahi dute. Aldaketak izango dira bi hamaikakoetan

Raul Garcia Athleticeko jokalaria eta David Garcia Osasunakoa, lehen itzulian jokatu zuten derbian, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ezagunen arteko lehia izango da. Athleticek eta Osasunak euskal derbia jokatuko dute gaur Bilbon, eta, zenbait kasutan, adiskide zaharren arteko lehia izango da, izan aurrez taldekide izan direlako, izan selekzioan elkarrekin arituak direlako. Kontuak horrela, aurkariaren amaraunean zirrikitu bat bilatzeko asmoz ekingo diote partidari bi taldeek, bakoitzak bai baitaki besteak non dituen indarguneak, eta non zer hobetua. Athleticek eta Osasunak garaipenaren bidera itzuli nahi dute San Mamesen. Bi taldeek galdu egin zuten joan den jardunaldian; Realaren aurka zuri-gorriek (2-1), eta Real Madrilen aurka gorritxoek (1-4).

Halaber, sailkapenak ere pizgarri lanak egingo ditu gaurko derbian. Hiru punturen aldea dago bi taldeen artean; Athleticek 31 puntu ditu, eta Osasunak 28. Hala, harrapari lanak egin nahi ditu Jagoba Arrasateren taldeak. Gaizka Garitanorenak, berriz, tartea zabaldu.

Etxekoek aldarte onean ekingo diote neurketari. Espainiako Kopako finalerdietako joanekoa jokatu zuten asteazkenean, eta Granadari irabazi izanak aldeko haizea eraman du Bilbora. Alabaina, bi ahoko aiztoa izan daiteke ordukoa; atseden gehiago hartuta helduko da Osasuna, eta hori aprobetxatu nahiko du.

Jokalariei dagokienez, bi prestatzaileek zenbait aldaketa egingo dituzte joan den asteko hamaikakoetan. Esaterako, Arrasatek deialditik kanpo utzi ditu Ruben Garcia eta Jon Moncayola. Bi jokalariak min hartuta daude, eta zerrendatik at geratu dira gaurko derbirako. Arazoak izan ditu Jose Arnaizek ere, eta ez da jokatzeko moduan izango. Haien ordez, Oier Sanjurjok, Fran Meridak eta Marc Cardonak hasieratik aritzeko aukera izan dezakete.

Athletici dagokionean, Yuri Berchicheren eta Unai Lopezen zalantza ez da argituko azken unera arte. Zarauztarra eta donostiarra erdizka aritu dira asteazkeneko partidaz geroztik. Dani Garcia eta Iker Muniain ere ez dira ariko; zigortuta daude biak.

Garitanok uste du «talde ona» izango dutela aurrean: «Denbora daramate multzo berarekin lanean. Areara ondo iristen den taldea da, eta ziur gauzak zail jarriko dizkigutela. Horregatik, nahiago dut gure lanari begiratzen baldin badiogu».

Arrasatek ere azpimarratu du bere hamaikakoak egin dezakeen lanaz fio dela. Zehaztu duenez, partidari heltzeko garaian ezinbestekoa izango da «kontzentratuta egotea, intentsitatez aritzea, akats gutxi egitea eta aurkariaren zelaian aritzea».

Halaber, gorritxoen gidariak aitortu du Osasunak baduela zertan hobetua: «Ura sartu zaigu ontzian, eta pitzadurak konpondu behar ditugu». Adierazi du horretarako aukera ona dela San Mamesen emaitza ona lortzea.

Eibar-Reala, atzeratua

Beste euskal derbi bat ere jokatzekoak ziren gaur, Eibarren eta Realaren artean, baina atzeratu egin dute. Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko suteak eragindako isurketen ondorioz erabaki dute ez jokatzea.

Atzo eguerdian egindako batzar batean hartu zuten erabakia, eta arratsaldean eman zuten horren berri. Taldeek asteartera arteko epea dute egun bat proposatzeko. Akordiorik ez balego, esku hartuko luke Lehiaketa Batzordeak, data zehazteko.

d

ATHLETIC-OSASUNA

Athletic. U. Simon; Capa, Yeray,I. Martinez, Balentziaga; Vesga, San Jose; Williams, Raul Garcia, Ibai Gomez, eta Villalibre.

Osasuna. Sergio; Nacho Vidal, D. Garcia, Aridane, Estupiñan; Darko, Oier, Gallego; Torres, Merida, eta Cardona.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. San Mames (53. 289 ikusle).

Ordua. 18:30 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.