Puzzlea osatzeko pieza bila

Ligaren itzuleran lanak izan ditu Realak zelai erdian. Donostiarrek eremu horretan hobetu nahi dute Real Madrilen aurkako partidan, garaipenaren bidera itzultzeko.

Realeko jokalariak, Borja Sainzen gola jokoz kanpo dagoela esaten. VARak baliozkotzat jo zuen gero. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Kezka bat badu Realak jokoan diren azken partidetarako: zelai erdia. Orain artean txuri-urdinen indargune izan denak pieza baten beharra du azken txanparako, eta hura non aurkituko dabil Imanol Alguacil.

Itxialdi garaiaren aurretik puzzlea egina zuen prestatzaile oriotarrak, baina azken egunetan lehengoa eta oraingoa lotzeko lanak izan ditu, eta garesti ordaindu du hori. Osasunaren aurkako berdinketa eta Alavesen aurkako porrota dira horren lekuko; donostiarrek Real Madril izango dute gaur arerio, eta berdeguneko eremu horretan beren legea ezarri beharrean dira, baldin eta garaipenaren bidera itzuli nahi badute, bederen.

Mikel Merino izan da donostiarren itsasargi, aurtengo sasoian; joan zen ostegunean, haren falta izan zuen Imanolek, zigortuta zegoelako, eta taldearen lotailuaren beharra ageriko geratu zitzaien Realekoei.

Defentsaren eta erasoaren arteko lotura egin du Merinok orain arte, eta Imanolek bi eremu horien artean eroso aurkituko den jokalari bat falta du nafarrak jokatu ezin duenerako. Are ageriago geratu da hori Asier Illarramendik berriz min hartu duenez geroztik; izatekotan, mutrikuarra zen Merinoren lanak egitera deitutako futbolaria, bainaez da aurki zelaira itzuliko, aldakako lesioa baitu. Joan zen abuztuan jokatu zuen sasoi honetako partida bakarra, Athleticen aurkako derbian, eta ordutik ez da zelaian aritzeko moduan izan. Arno mendiko gurutzea baino handiagoa du gainean.

Kapitainaren faltan, Merino izan da erdialdeko jokalaririk garrantzitsuena, eta zigorra bete ostean jokatzeko aukera handiak ditu berriz ere. Ikusteko dago haren alboan izango ote den Martin Odegaard; norvegiarra hamaikakoan izan da ondo egon izan denetan, baina ez zuen amaitu Gasteizko partida. Erdilariak arazo batzuk izan zituen, eta aldatzea erabaki zuen Imanolek.Haren aldeko hautua egiten badu, bera fitxatu zuen taldearen aurka arituko da Odegaard. Erdilaria gustura dago Donostian, ongi aritu da, eta datorren urtean espainiarren taldea indartu dezaketen jokalarien izenen artean bolo-bolo dabil Odegaardena. Dena den, bi denboraldirako hitza eman zuen, eta, gauzak ondo bidean, Zubietan segi beharko luke datorren sasoian ere.

Martxora arte lerroburu gehien bete dituzten jokalarien falta izanagatik, Realak badu zelai erdian aritzeko lagun sarda. Igor Zubeldia finkoa izan da orain artean, eta hala izaten segiko du aurrerantzean ere. Hari nork lagunduko da gakoa: hor dago, esaterako, David Zurutuza. Debarrak hasieratik jokatu zuen Alavesen aurkako neurketan, hilabete luzez min hartuta egon eta gero. Postu horretan aritzeko hautagaien artean daude Roberto Lopez, Luca Sangalli eta Ander Gebara ere. Azken biak min hartuta daude egun, baina maila ona eman dute taldearen bigarren lerroan.

Zaila, bai; ezinezkoa, ez

Osasunaren eta Alavesen aurkako neurketek utzitako zapore garratzaren ostean, Real Madril ahalguztidunak egingo du gaur Donostiarako bidaia. Sasoionean dira Zinedine Zidanek prestatutako jokalariak; azken neurketan aise menderatu zuten Valentzia (3-0), eta, aurrekoan, hiru puntuak eskuratu zituzten Eibarren aurka (3-1). Neurketa zaila izango da, eta horren jakitun da Imanol, txuri-urdinen prestatzailea: «Zaila izango da, are gehiago haiek zer jokatzen duen duten jakinda. Halere, gogoratu zaitezte; [Espainiako] Kopako partida izan zen haien aurka jokatutakoa. Haiek sekulako dinamikan zeuden, eta gai izan ginen partida aurrera ateratzeko».

Kontuak kontu, oriotarrak zehaztu du espainiarrak «oso ondo» itzuli direla ligaren etenaren ostean, eta bere taldea, berriz, «ez horren ondo». Jokoan izan dituzten sei puntuetatik bakarra atera dute txuri-urdinek; Real Madrilek, berriz, seirak. Halere, baikor agertu da Imanol.

Zurien aurkako norgehiagokarako aldaketak egin beharko ditu nahitaez Imanokek. Joseba Zalduak txartel gorria ikusi zuen Gasteizen, eta ezingo du jokatu. Halaber, gauzak ondo bidean zelaira itzuliko da Merino.

«Nire ustez, kontua ez da arerioa, guk gure ausardia izatea baizik. Horregatik, beldur apur bat dugu ez garelako geu izan, baina jokalariek badakite zertan ari garen akatsak egiten, eta ea berreskuratzen dugun». Horixe esan zuen Imanolek Real Madrilen aurkako partidaren bezperan, eta argi utzi zuen zein gabezia izan zuen bere taldeak aurreko bi partidetan: «Ez gara fin aritu».

Imanolek zehaztu zuenez, Reala «astun» aritu da etenaldiaren ondorengo partidetan, baina bere taldeaz fio da: «Talde hau edozer zailtasuni aurre egiteko gai izan da».

REALA-REAL MADRIL
Reala. Remiro; Gorosabel, Aritz Elustondo, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Roberto Lopez; Oiartzabal, Januzaj eta Isak.
Real Madril. Courtois; Carvajal, Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Valverde, Kroos, Asensio; Hazard eta Benzema.
Epailea. Estrada Fernandez.
Ordua. 22:00etan (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.