Eskuz Binakako Txapelketa

Helmugan dago txapela

Altuna III.a-Martijak eta Laso-Imazek binakako finala jokatuko dute gaur Bilbon (17:00, ETB1). Lehia estua eta gogorra espero da. Beteta egongo da frontoia

Julen Martija, Jokin Altuna, Ander Imaz eta Unai Laso, joan den ostegunean, Bilboko Miribilla frontoian, pilota aukeraketan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Maratoi baten parekoa da Binakako Txapelketa: lau hilabete eta erdi pasatxo irauten du. Ez dago txapelketa luzeagorik. Bide oso luzea egin behar da helmugara iristeko, eta parte hartzaile gehien-gehienak ez dira ailegatzen; bidean geratzen dira. Lehiari ekin zioten zortzi bikoteetatik bi besterik ez dira iritsiko azken esprintera, finalera. Biek zeharkatuko dute helmuga, baina bakarrak irabaziko du. Hark jantziko du txapela.

Txapela; hori izango dute helburu gaur bi bikotek Bilbon, Miribilla pilotalekuan (17:00, ETB1). Jokin Altuna eta Julen Martija ariko dira batetik, eta Unai Laso eta Ander Imaz bestetik. Aurrenekoek Aspe enpresaren garaipen bolada ederra luzatu nahi dute; ia bost urte daramatza txapel guztiak irabazten. Bigarrenek, ordea, bolada txar hori eten nahi dute.

Marka lor dezakete laurek ere. Altunak jada bat lortu du, lehen finala baitu binaka. Irabaziko balu, hiru diziplinatan txapeldun izan den zortzigarren pilotaria litzateke: Julian Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Mikel Urrutikoetxea eta Oinatz Bengoetxea dira beste zazpiak. 26 urte egin berritan lor dezake. Martijak, berriz, bigarren finala du, lehena jokatu eta bi urte geroago. Txapela irabazi zuen Joseba Ezkurdiarekin, eta, gaur beste horrenbeste egingo balu, binakakoan bi txapel irabazi dituen atzelari gazteena litzateke; 24 urte besterik ez ditu.

Lasok eta Imazek ere lehen finala dute binaka. Aurrelariak bigarrena du bere ibilbidean, lau eta erdikoarena jokatu baitzuen azaroan, Altuna III.aren aurka. Sekulako meritua du: batetik, 24 urte baino ez ditu, eta, bestetik, ia bederatzi hilabete egin zituen profesionaletatik kanpo; duela bi urteko binakakoaren azken txanpa eta jarraian jokatutako aurreneko lau txapelketak galdu zituen. Imazek, berriz, lehen finala du. Hura da finalisten artean helduena, eta 27 urte baino ez ditu.

Hiru partida ezberdin

Apustuen arabera, Altuna III.a-Martija dira faborito, baina alde txikiz. Ez da harritzekoa, final estua espero baita. Hirutan jokatu dute elkarren aurka binakakoan, eta denetarik gertatu da: aurrenekoan, parekotasunak gainezka egin zuen: 22-21 irabazi zuten Aspekoek —21-17 joan ziren aurretik Baikokoak—; bigarrengoan ere irabazi egin zuten Altuna III.a-Martijak, baina horrenbeste sufritu gabe: 22-16; azkenekoan, berriz, astindua eman zieten Laso-Imazek: 22-6. Ordurako finalerako sailkatuta zeuden Aspekoak. Baikokoek, ordea, sari handia zuten jokoan: finala. Are handiagoa da gaurkoa: txapela.

Bi bikoteek eurena emanez gero, partida ikusgarria izango da. Osagai bikainak daude hala izateko: aurrean, egungo bi aurrelari onenak ariko dira, pilotari ikusgarriak, jokaldi batean partida irauli dezaketenak; bizkartzain sendoak izango dituzte biek, kolpe beldurgarririk gabekoak, baina oso seguruak.

Tentsio handia izango da, baita nerbio dantza ere. Ikusteko dago nork kudeatuko duen ondoen. Gakoetako bat izango da. Eta, horri lotuta, beste bat: ondo hastea. Baita une zailetan atzetik joanda, adibidez, partidatik ez irtetea ere.

Ikuskizuna izango da kantxan, eta giro ederra harmailan. Aspaldiko partez, ez da mugarik izango edukieran. Bete egingo da Miribilla: 3.000 ikusle inguru egongo dira harmailetan. Guztiek maskara jarria izan beharko dute une oro. Azkeneko finalean, lau eta erdikoan, antolatzaileek eten egin zuten partida, ikusle askok ez zeukatelako maskara jarrita. Zalaparta handia sortu zen. Argi dago zer egin behar den halakorik berriz ez gertatzeko.

Ikusi gehiago:Xabi Tolosaren iritzia: Gakoa aurrean egongo da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.