Bilboko Aste Nagusia

Idazleak, futbolariak, aktoreak eta Marijaia

Marijaiaren eta Aste Nagusiaren arteko lotura estua nabarmendu dute Bilboko konpartsetako kideek. Aurten ere, Bilboko jaien ikurrak zorionez bete ditu harekin argazki bat ateratzeko gogoz gerturatzen zaizkion txiki eta ez hain txikien aurpegiak.

Marijaia egunero igarotzen da txosnetatik, eta harrera beroa izaten du beti. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
Bilbo
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
«Atera iezadazu argazki bat berarekin, mesedez». Urteko gainerako egunetan futbol jokalari bati, aktore bati edo idazle bati egin ohi diote erreferentzia eskari horiek, baina abuztuan Bilbo ezberdina da. Ilara luzeak antolatzen dira non-nahi besoak zerura eraman eta zapidun ilehori batekin argazki bat ateratzeko. Marijaia da. «Aste Nagusiak iraun bitartean, Bilboko pertsonarik maitatuena da», dio Agustin Robleda Puertok. Aixe Berri konpartsako kidea da bera, eta bertatik bertara ikusi izan du pertsonaiak sortzen duen erreakzioa. Konpartsakideek izan ohi dute Marijaia lekuz leku eramateko ardura, eta Robleda Puertok ere izan zuen horretarako aukera, duela 25 urte baino gehiago.

Gauzak aldatu egin direla dio. Garai hartan Marijaiaren eguna ez zen gaur bezala hasten. 10:00etan, eguneroko txupinazoaren ostean, Arriaga antzokitik atera beharrean, Vista Alegre zezen plazatik irteten zen. Robledak handik atera zuen Marijaia: «Barruan nengoela umeen zorion aurpegiak ikustea eta Marijaiari buruz esaten ziren hitz eder guztiak entzutea zoragarria izan zen». Marijaiaren barnean gehiagotan egon ez den arren, askotan joan da Marijaiaren alboan, eta gaur egun jendearen harrera antzekoa «edo hobea» dela dio.

Izan ere, Jai Batzordeak Arriagatik atera eta Areatzara eramaten duen momentutik iman bat da Marijaia. Lehiaketa gastronomikoan parte hartzera gerturatzen direnak agurtzea da eguneroko bere lehen eginbeharra. Momentu horretatik aurrera, flashek inguratzen dute.

Areatzatik harago

Kathe Castro da Marijaiarekin argazki bat ateratzeko zain daudenetako bat. Duela hilabete gutxi ama izan da berriz, eta «ilusio berezia» egiten dio jaioberriarekin eta Marijaiarekin batera argazki bat ateratzeak: «Haurrak bere lehenengo Aste Nagusia gogoratu ahal izateko aukera paregabea da». Ian, Castroren seme nagusia ere ateratzekoa da argazkian, eta urduri dago. Marijaia pandemia aurretik ezagutzeko aukera izan zuen arren, ez du askorik gogoratzen «oso txikia» zelako. Horregatik, berarentzat ere momentu berezia da.

Areatzako jendetzarekin egon ostean, ez da Marijaiaren lana bukatzen. Konpartsek beti dute zerbait bere egitarauan. Horregatik, txapelketa gastronomikoa bukatu bezain laster, 14:00 aldera, Marijaia konpartsekin batu eta hainbat ekitalditan egoteko prestatzen da egunero. Iñigo Iglesias Arran Aixe Berriko konpartsakidearen arabera, garrantzitsua da oso Marijaia haien ekitaldietan egotea, «jende asko erakartzeko gai» delako.

Baina Marijaiak badu bere alde aldarrikatzailea ere. Iglesiasek eman du azalpena: «Edozein motatako erasoren bat egoten denean, hura salatzeko antolatzen den kontzentraziora eramaten dute Marijaia ere». Halakoetan egiten den salaketa jaiaren parte diren guztiena ere badela irudikatzen du Marijaiak.

Arratsalde osoa ematen du ekintzatik ekintzara. Haietako azkena antolatu duen konpartsa arduratzen da Marijaia Arriagara itzultzeaz, 22:00 aldera. Baina geroago ere oheratzen da beste egun batzuetan. Hor Dago Abanteren mus txapelketan ikuskaritza lanetan gelditu behar denean, esaterako. Baina DJ eta kontzertuek Areatza hartzen dutenerako Marijaia jada atseden hartzen ari da hurrengo egunean 10:00etan berriro esnatzeko.

Jaien sinonimo

Konpartsakide gehienak bat datoz gauza berarekin: Marijaia jaien sinonimoa da. Hori da Erika Puenteren ustea ere. Hontzak-eko kidea da eta, dioenez, Aste Nagusia ezin da ulertu Marijaia gabe: «Ilusio handia egiten dit txupinazoaren ostean balkoitik irteten denean, esan nahi duelako gozatzeko bederatzi egun ditugula aurretik».

Duela 25 urte Marijaia eramateak bezala, Robledari ere ilusio berezia egin dio aurtengo txupinazoak, koronabirusak eragindako bi urteko etenaren ostean. Harentzat ere Marijaiak «jaia» esan nahi du.

Aste Nagusiaren eta Marijaiaren sinbiosi horrek jaien hasiera ez ezik, bukaera ere adierazten du. Marijaiaren erretzearekin batera bukatzen dira jaiak. Momentu horrek «tristura» eragiten du konpartsakide askoren artean. Puentek dioenez, hori da berak sentitzen duena behintzat. Baina, hurrengo urtean balkoitik berriz ikusi eta bederatzi egunez gozatzeko prestatzen hasten da gero. Izan ere, Aste Nagusiko abestiak adierazten duen bezala, Marijaia bakarra dagoelako munduan, eta errautsen ostean berriz datorrelako sua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.