Andre Mari Zuriaren jaiak

Sen onaren galbidea

Hirigunetik urrun badago ere, jendetza erakartzen du Mendizabaleko feriak: tonbolak, punteria neurtzeko jolasak, atrakzioak, zirkua, su festa... Askotariko eskaintza dago, adin guztientzakoa

Sen onaren galbidea.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Jotak eta reggaetona. Azukrezko kotoi arrosak eta parrilada baten kea. Smoothy-ak eta Aragoiko (Espainia) ardo-zaharra. Bi metro luze dituzten suge panpinak. Sen onarentzat erronka da Mendizabaleko feria: urtez urte milaka gasteiztarrek bilatzen duten erronka. Uztailaren 26tik dago irekita Gasteiz hegoaldeko espazio hori, eta milaka pertsona izan dira dagoeneko han. Aldiz, hilaren 9ra bitartean erakarriko dute jenderik gehien, sen onaren galbide diren estimuluen bila.

«Janire igoko da, eta erruleta biraka jarriko du». Mendizabaleko sarreran dagoen tonbola baten aurrean dozenaka pertsona daude, erruletari begira, tonbolaren zuzendariaren ahotsaren doinuak hipnotizatuta bezala. Nerabe talde bat dago horien artean; doinuak guztiz harrapatuta-edo, elkarren artean errima bidez ari dira hitz egiten, nora joan erabakitzeko. Ez da erraza: hemeretzi postu daude tonbola, bingo eta punteria neurtzeko lekuen artean; atrakzioak 24 dira, horietatik hamar helduei zuzenduak. Janaria eta edaria erosteko lekuak ere ez dira falta: lau txurro denda, ardoa erosteko beste bost, hiru jantoki...

El Ratón Bacilón [Sagu bromazalea] izeneko atrakzioaren aurrean dago Pablo Markinez. Besoetan hainbat jaka txiki ditu helduta. Ez dio begirik kentzen burdinbide estuetan gora eta behera dabilen bagoiari, eta barrutik agurtzen duten eskuei erantzuten die, behin eta berriz. Seme-alabak eta iloba bat daude han. «Zenbat disfrutatzen duten ikustea du gustukoena; niri ardo zaharren postuak baino ez zaizkit erakargarriak egiten, eta neurriz», esan du, irribarre eginez. Edonola ere, aisialdirako espazio bera partekatzea erakargarri zaiola aitortu du. «Haiek gozatzen duten leku honetan bertan gozatu nuen nik, duela hilabete eta erdi, Azkena Rock jaialdian».

Biharko aurreikusten dute jende gehien Mendizabaleko ferialekuan. Izan ere, haurren egunaren atarian atrakzioetako prezioak merkeagoak izango dira: 1,50 eta 2,50 euro artekoak, 2,50 eta 3,50 euro artekoak izan beharrean. Hilaren 10ean ere merkeagoak izango dira.

Mendizabaleko eskaintza nahiko egonkorra da. Ordea, aurten berrikuntza adierazgarria gertatu da: zirkua aldatu da. Ia lau hamarkadaren buruan, Mendizabaleko ferialekuan Gran Circo Mundial ez den beste bat egongo da: Il Circo Italiano. Aldaketarekin, eztabaidagai bat ere konpondu dute: zirku horrek ez du animaliarik. Izan ere, Gasteizko araudiak animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunak debekatzen ditu; azken urteetan, Gran Circo Mundialek bere animaliak kaiolatan uzten zituen Gasteizko jaietan. Herenegun ireki zuten zirkuaren karpa, eta hilaren 12ra arte emango du Sueños [Ametsak] ikuskizuna.

Su festa, hilaren 8ra arte

Dena den, egunero ia ordu erdiz, feria bigarren mailan geratuko da Mendizabalan. Gaurtik hilaren 8ra arte su festa izango da nagusi, 23:00etan. Murtziatik (Espainia) helduko dira gaurko suziriak, eta Arabako FML pirotekniak argituko du Gasteizko zerua bihar. Asteartean, iazko Gasteizko su festen lehiaketako irabazlea izango da, eta bere ikuskizuna erakusten azkena Granadako (Espainia) Alpujarreña piroteknia izango da, hilaren 8an.

Jendetza bildu ohi da feriaren inguruko kaleetan, baita inguru horri izena ematen dion muinoan ere, Mendizabalan. Are, jai eremu horretan ez dauden askok ere gozatzen dute su festen ikuskizunaz. «Salburutik ere altuen lehertzen diren suziriak ikus daitezke, baina barraketan inon baino hobeto ikusten dira», azaldu du Janire Diazek: lagunekin ikusten duen saioetako bat izaten da, 5etik 8ra bitartean. Hilaren 9an ere zerua argituko da, baina ez Mendizabalan, Gasteizko bihotzean baizik: Zeledoni laguntzeko, San Migelgo kanpandorretik gertu jaurtiko dituzte.

Mendizabaleko feria, ordea, ez da hilaren 9an itxiko. Zeledoni agur esan ondoren ere, hara biltzen direnen sen ona neurtzen jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.