Baionako bestak

Inguruan forte, eta han piano

Baionako besten errealitatetik kanpo bezala, une berezi zenbait sortu dira, han-hemenka. Tenplu protestantean, musika klasikoari utzi diote lekua.

Maitane Sebastian biolontxeloan eta Andoni Agirre pianoan, atzo, tenplu protestantean. BOB EDME.
Joana Ibargarai Leritza.
Baiona
2019ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Beste erritmo bat. Isiltasunari ere lekua utziz, Baionako bestetako jende masatik urrun, beste mundu baten sortzaile izan ziren Maitane Sebastian eta Andoni Agirre musikariak, atzo, tenplu protestantean. Sebastianek biolontxeloa jo du, eta Agirrek pianoa, «bikote bikaina» sortuz, Pantxoa Etxegoin antolatzailearen ustez.

«Musikari klasikoak, baina mugarik gabekoak, libreak eta kuriosak». Horrela definitzen dute beren burua Sebastianek etaAgirrek. Ttipitatik elkar ezagutzen dute bi lagunek, Baionako kontserbatorioan baitziren biak, baina ibilbide luzea izan dute geroztik —Parisera, Bretainiara eta beste hamaika xokotara joanez— eta lehen aldia da elkarrekin ari izan direla. Euskal Kultur Erakundeak antolatua zuen atzoko kontzertua, Agirre gonbidatu zuen, eta hark dei egina zion Sebatiani.

Sebastian «oso pozik» agertu da Baionan aritzeaz. Iruñean sortua da, eta 8 urtetan Donibane Lohizunera (Lapurdi) joan zen bizitzera familiarekin. Han txeloa jotzen ikasi, eta ibilbide aberatsa izan du geroztik. Baionako kontserbatoriora joan, Parisera, eta Gary Hoffman izan zuen irakasle, besteak beste.

Konposizioak egiten hasi zen gaztetan, musika esperimentala, eta beste hainbat estilo entseatuz. Filmentzat ere musikak grabatu ditu, eta ganbera musika estiloak gaina hartu dio pixkanaka. Horrela hasi da bakarka, estilo hori garatuz. Orain, Pikardian (Frantzia) irakasle da, kontserbatorioan, eta orkestra sinfonikoa kudeatzen du gainera. Ezker eskuin ibili, bai, baina «beharrezkoa» du Euskal Herrira etortzea. «Uste dut euskaldun guziek hori sendi dugula, lurrari tinko atxikia izatea, eta itzuli beharra», azaldu du Sebastianek.

Aita Donostiak idatzitakoa

Sebastianek uste du ideia «bikaina» dela musika klasikoari leku bat uztea Baionako bestetan. «Pertsona batzuek horren beharra dute, jende masatik urruntzea eta horrelako uneak bizitzea». Gehitu du «oasi»batean sentitu dela, baina hori ere «besta» dela erranez. «Musika publikoarekin partekatzea, poza da, besta da!». Jo dituzten aireen bidez mugak «haustea» zuen helburu Sebastianek. «Tenplu protestante baten gara, musika judua jotzen, baita euskal musika, andaluziarra... hori guztia Baionako bestetan! Bake mezu bat pasatu nahi dugu».

Jo dituzten doinu batzuek Andaluzia aldera eraman dituzte entzuleak, baita urrunago ere beste batzuek, eta haien artean, «altxor batzuk» entzunarazi dizkiete musikariek. Hala, 1912tik 1918ra Jose Gonzalo Zulaikak —Aita Donostiak— Baztanen eta Saran bildutako doinuak jo dituzte. «Euskal doinu horiek biluzik bezala dira. Libre gara horiekin jostatzeko, baina gorputza ez diegu aldatzen».

Agirrek eskuratu zuen Aita Donostiak idatzitako liburua, eta bilduma horretatik doinu batzuk hautatu eta publikoari transmititu nahi izan dizkiote. Sebastianek erran du emaitza «polita» dela, eta segida bat eman nahi diotela lan horri, CD bat grabatuz berantago.

Noat ua ola izeneko musika jo eta kantatu dute biek, Aita Donostiak Erratzun (Nafarroa)entzun zuena 1912an, Andres Jamairenak kantaturik. «Donapaleora deramat segida, urreñoa sakelan, bertze baten bila, baldin lapurtarrak yalgitzen badira», kantatu du Sebastianek. Bestalde, ohartarazi du Aita Donostiaren liburuan ziztu egiteko doinuak badirela transkribaturik, eta hori, «zinez harrigarria» dela, «sinestezina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.