Jose Luis Rodriguez Alvarez. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakaslea

«Zigor kodea aplikatzeko eremua zabaldu egin da»

Rodriguez Alvarezek salatu du datuak Espainiak ez dituela salbuespenak arautu babesteko Europako lege berria aplikatzean. Esan du ez dagoela argi zer gerta daitekeen komunikazio amateurrarekin.

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Jurista da Jose Luis Rodriguez Alvarez (Madril, 1962), eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziako zuzendaria izan zen 2011tik 2015era. «Harro» sentitzen da, kargu horretan zegoela, agentziak lortu zuelako Europako justiziak onartzea Googlen eta Interneteko bilatzaileetan ahaztua izateko eskubidea —herritar batek eska dezake bilaketetan ez agertzeko, informazioa adierazgarria ez bada—. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ere eskubide hori onartu du. Dozena bat urtez kargu publikoetan aritu eta gero, unibertsitateko lanera itzuli da.

Informazio libreaz eta pribatutasunaz mintzatu zara EHUren udako ikastaroetan. Bi eskubideren arteko talka dagoela esango zenuke?

Bai, tentsio bat dago informazio eta adierazpen askatasunaren eta datu pertsonalak babesteko eskubidearen artean. Biak dira garrantzitsuak gaur egungo gizartean. Gero eta mekanismo gehiago daude datu pertsonalak ekonomikoki ustiatzeko, gizarte datifikatu batean gaude. Oreka bat bilatu behar da bi eskubideen artean: datuak babesteak ez du oztopo izan behar informazio eta adierazpen askatasunarentzat. Baina bi horiek ere ezin dira gauzatu gizakien arlo pertsonala aintzat hartu gabe. Orekaren bilaketan, datuak babesteko araudian salbuespenak ezarri behar dira informazio eta adierazpen askatasunen mesedetan.

Iazko maiatzetik datuak babesteko lege berri bat dago indarrean Europan. Nolako ondorioak izan ditu?

Legeak zehaztasun ugari ezarri ditu datuak babesteari dagokionez. Baina Europako Batasunak ez du konpetentziarik informazio eskubidea arautzeko. Legearen 85. artikuluak estatuei agintzen die salbuespenak eta erregimen bereziak arautzeko, bi eskubideak kontziliatu ahal izateko. Espainian, ordea, ez dira arautu salbuespenak informazio eta adierazpen askatasunak bermatzeko. Horrek ziurgabetasun handia uzten du. Auziak daudenean, neurtu egin beharko da, kasuz kasu begiratu ea zein eskubide gailentzen den. Baina, esate baterako, ez dago batere argi zer gerta daitekeen blogariekin eta komunikazio amateurrean ari direnekin.

Balearretan (Herrialde Katalanak), epaile batek bi kazetariren sakelakoak eta materiala bahitu zituen iaz. Epaile hori auzitara eramateko eskatu dute orain.

Ez dakizkit ñabardura guztiak, baina epaileak hartu zuen erabakia esku sartze handia izan zen kazetarien informazio eskubidean. Horrelako erabaki bat soilik justifikatuta egon daiteke pisu handiko arrazoiak daudenean, oso salbuespeneko egoeretan: delituak galarazteko, adibidez. Ikusiko dugu zer gertatzen den epailearen auziarekin.

Virginia Perez Alonso Informazio Askatasunaren Defentsaren aldeko Plataformako presidenteak berriki esan du adierazpen askatasunak beherantz egin duela nabarmen, eta Twitterren idazteagatik egon diren espetxe zigorrak jarri ditu adibidetzat. Zer iritzi duzu zigor horien inguruan?

Kasuz kasu begiratu beharko litzateke. Edonola ere, informazio eta adierazpen askatasuna ez dira soilik pertsonen oinarrizko eskubideak: funtsezko osagaiak dira gizarte demokratiko bat egon dadin. Behar-beharrezkoak dira iritzi publiko librea sortzeko. Aldehorretatik, pisu handia dute bere burua demokratikotzat jotzen duen gizarte batean. Nahiz eta kasu batzuetan talka egin dezaketen beste eskubide batzuekin, berebiziko pisua izan behar du informazio eta adierazpen askatasunak. Txiolarien zigorrei dagokionez, azkenaldian ikusi da joera handiagoa egon dela zigor kodea aplikatzeko adierazpen askatasuna defendatzeko baino. Garai batean, tradizionalki, soilik indarkeria bultza zezaketen adierazpenei ezartzen zizkieten zigorrak. Azkeneko urteetan ematen du zabaldu egin dela zigor kodea aplikatzeko eremu hori, adierazpen askatasunaren kaltetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.