Luis Alfaro. 'La casa de papel: el fenómeno' dokumentalaren zuzendaria

«Telesailak bilatzeko, ez da telebista erabiltzen»

Netflixek dokumental bat estreinatu du telesailaren grabaketen irudiekin eta lantaldeko kideei egindako elkarrizketekin. Alfarok azaldu du anbizioa duten telesailak halako ekoizpenak ari direla egiten.

BERRIA.
urtzi urkizu
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Azkeneko urteetan, Atresmedia taldeko telesailekin lotutako zenbait saio zuzendu ditu Luis Alfarok (Murtzia, Espainia, 1977). Aurretik, La Sextako albistegietan aritu zen lanean.

Nola sortu zitzaizun La casa de papel: el fenómeno dokumentala egiteko aukera?

Vancouver Media ekoiztetxeak telesaileko grabaketen materiala zuen bildua. Material horri forma emango zion norbaiten bila zebiltzan. Orduan, Javier Gomez ekoizle eragileak proposamena egin zigun Pablo Lejarretari eta biori. Beharrezkoak ziren elkarrizketak egitea zen kontua, eta hirugarren eta laugarren denboraldien grabaketak nolakoak izan ziren modu dibertigarri batean kontatzea. Ez da ohiko making off bat, eta ondo ateratzen ez ziren gauzak ateratzen dira.

Laugarren denboraldia, mundu osoan, ikusle gehien izan zituen telesaila izan zen apirilaren 3tik 5era. Dokumentala ere ikusle asko izaten ari al da?

Bai. Erraza da, La casa de papel bezalako arrakasta kolpe baten gurpilean zoazenean. Dokumentala Netflixeko mundu osoan gehien ikusitakoen zerrendan egon da. Mundu osoko hedabide digital ugaritan idatzi dute lanaz.

Dokumentalak spoiler-ak ditu. Bekatua da laugarren denboraldiaren aurretik ikustea, ezta?

Bai, noski, laugarren denboraldia ikusi ostean ikusteko dago egina. Dokumentalaren hasieran idatzita agertzen da horrela ikusi beharra dagoela.

Zer da telesaileko sortzaileek eta aktoreek kontatu zizueten gauzarik harrigarriena?

Harrigarriena da telesaila agortua zegoela telebista tradizionalak albo batera utzita, eta beste plataforma batek berreskuratu ostean, mundu mailako arrakasta bilakatu zela. Komunikazioan bizitzen ari garen garaiaren adierazle ona da. Ikusleek jada telesailak bilatzeko ez dute telebista erabiltzen.

Fenomenoa aktore batzuentzat demasa izaten ari da. Itziar Ituño soilik Euskal Herrian ezagutzen zuten, eta, orain, 4,5 milioi jarraitzaile ditu Instagramen.

Bai, dokumentalaren une batean jasotzen dugu aktoreei gertatu zaiena. Aktore asko ezezagunak ziren publiko zabalarentzat, inork ez zuen lortu orain duten oihartzuna eta ospea.

Alex Pina telesailaren sortzailearentzat eta Vancouver Media ekoiztetxearentzat aukera profesional berriak sortu dira.

La casa de papel-en parte hartu duten guztiek zigilu hori gaineratzen diote haren ibilbideari. Meritu guztia eman behar zaio horri, zeren oso-oso handia da Vancouver Mediak egin duena.

Nigeriako nerabe batzuk bideo biral bat egin dute, azken denboraldiaren trailerra planoz plano imitatuz. Ikusi al duzu?

Bai, eta atentzioa eman dit. Izan ere, Atresmedia taldean lanean egon nintzenean saio bat egin genuen Atreseries katerako, eta, hain justu, herri batera joan eta planoz plano telesailen eszenak imitatzen genituen. Bestalde, zeinbat telesailek oihartzun handia dute, baina jendeak La casa de papel-eko pertsonaien mozorroak beren bizitzara nola eraman dituen ikustea sekulakoa da.

Dokumentalak ate berriak irekiko dizkizula uste duzu?

Argi dago gehien ikusi den nire lana dela. Milioika ikusle izango ditu, eta pozik gaude aukera baliatu izan dugulako. Ni espezializatzen ari naiz telesailen bueltan dauden ekoizpenekin, eta ekoizpen nitxo interesgarria da. Promozioari begira, ikusten ari gara nola anbizio handiko telesailek alboko ekoizpen txikiagoak izaten dituzten.

The Mandalorian telesailaren inguruko dokumental saio bat estreinatuko du bihar Disneyk.

Bai. Game of Thrones-ek making off-eko dokumental bat izan zuen, Stranger Things-ek saio bat estreinatu zuen atal bakoitza aktoreekin komentatzen zuena...Ohiko bihurtzen ari da ikusleei zerbait gehiago eskaintzea.

Sektorearen egoera asko ari da aldatzen, ezta?

Erabat. Zenbait ekoizpenek ez dute tokia aurkitzen telebista jeneralisten programazioan, baina plataformen maratoietan puntan-puntan daude. Telebistei, era berean, bigarren erakusleiho bat zabaldu zaie. Toy Boy telesailarekin ere gertatu da: Antena3en ez du arrastorik utzi, baina Netflixen oso ondo ari da funtzionatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.