Umorezkoak, euskaraz ere bai

Seriesland nazioarteko jaialdia bihar hasiko da, Bilbon. Lau websail euskaraz ikusi ahalko dira

'DENBORAN BIDAIATZEKO GIDA OSOA'. Komedia friki bat. SERIESLAND.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Akzioa, umore satirikoa, umore frikia eta Legoko panpinekin egindako Ondarroako (Bizkaia) umorea: euskarazko websailen artean denetarik izango da aurten Seriesland nazioarteko jaialdian. Bihar hasiko da Bilboko jaialdiaren zazpigarren aldia, eta hilaren 23an amaituko da, Otsoak sariak banatzeko ekitaldiarekin. 30 herrialdetako 120 websail inguru izango dira lehian.

Iaz, pandemiaren eraginez, ekitaldi asko Internet bidez ikusteko modua eskaini zuten antolatzaileek. Aurten ere, Interneteko plataforma bati esker —Seriesland.eus atarian, bertan—, websailak ikusi ahalko dira, eta hitzaldiak eta gainerako ekitaldiak streaming bidez ikusi ahalko dira. Kontuan hartu behar da, gainera, Seriesland sektoreko enpresen topagune ere badela, gogoetarako foro bat duela, eta hitzaldi espezializatuak eta networking saioak egiten dituztela.

Euskarazko fikzioaren zaleek lau berrikuntzekin gozatzeko aukera izango dute: Denboran bidaiatzeko gida osoa, Trikimailu eta errezetak, Zikings eta The Cell. Azken hori, The Cell, AEBetan sortutako ekoizpen bat da. Bryan Thompsonen proiektu bat da, eta AEBetan egin dituzte lehen bi denboraldiak. Hirugarrenerako, indarrak batu dituzte Imani Filmsek eta Euskal Herriko A Film To Kill For ekoiztetxeak; ingelesez eta euskaraz izango dira elkarrizketak, eta denboraldiko bi atal euskara hutsean emango dituzte. Akzioa eta zientzia fikzioa generoak uztartzen ditu. Legez baimendurik ez dagoen laborategiko esperimentu batek tragedia bat eragingo du, eta hori izango da tramen abiapuntua.

Kritika soziala, komediaz

The Cell-en euskarazko bi atalak astearte gauean proiektatuko dituzte, Bilborock aretoan. Gau berean estreinatuko dituzte Denboran bidaiatzeko gida osoa eta Trikimailu eta errezetak ere; aurrenekoa komedia friki gisa definitu dute, denboran egindako bidaiekin jokatzen duena. Aktore protagonistak Yeray Vazquez, Iker Zarate eta Iñaki Torralbo dira. Trikimailu eta errezetak, berriz, gizarte kritika egiten duen umorezko websail bat da, eta aktoreen artean Irati Herreros, Rose of Dolls, Sofia Zallio, Andrea Mora eta Olatz Beobide daude. Emakume sukaldari bat da istorioko protagonista. Gazte hori ospetsua da LGTBI kolektiboan, eta negozio bat ere badu: botika faltsuak saltzen ditu.

Aiert Goenagak eta Asier Riverak sortutako Zikings animaziozko websailaren lehen atala, berriz, bihar iluntzean proiektatuko dute, Bilborock aretoan. Legoko panpina batzuekin ari dira proiektua lantzen, eta Ondarroako (Bizkaia) hizkeran mintzo dira pertsonaiak, umore biziz.

Seriesland Xpress saria banatuko dute bihar, jaialdiko lehen egunean. Ikus-entzunezko ikasleentzat lehiaketa berezi bat antolatu dute lehen aldiz: gazteek websail baterako gezurrezko iragarki bat grabatu behar izan dute asteon, 48 ordutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.