Elena Neira. Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakaslea

«Andre antiheroiak iritsi dira telesailetara»

Emakumezko pertsonaiek gaur egungo fikzioan duten garrantziaz hitz egin du Neirak, Raquel Martosekin batera, Crossover jaialdian. 'Streaming' bidezko plataformak sakonean aztertzen ari da irakaslea.

BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
La otra pantalla (Beste pantaila) liburuaren egilea da Elena Neira (Ourense, Galizia, 1975). Kataluniako Unibertsitate Irekiko komunikazio ikasketetako irakaslea eta GAME taldeko ikerlaria da.

Zer eragin izaten ari dira Netflix, Amazon, HBO eta tankerako streaming plataformak ikus-entzunezkoen sektorean?

Plataformek ikus-entzunezkoak transformatu dituzte, zentzu guztietan: banaketa sistema aldatu da, kontsumoa, ekoizpena... Ez dago osagai bakar bat plataformen eragina jaso ez duenik. Edukien ekoizpen masiboa dago. Zineman ere eragin handia izan du, eta telebista tradizionalaren egiturak kolokan gelditu dira: ikusle gazteenek arbuiatu egiten dute telebista tradizionalaren programazio eredua.

Salbuespentzat jo daiteke Game of Thrones fenomenoa: zaleak astero daude atal berriaren zain.

Bai, baina adituek esaten dute Game of Thrones izango dela komunitatean ikusiko dugun azkeneko telesaila. Internet telesail horren laguna eta etsaia izan da: HBOk Interneteko plataforma zabaldu du, baina pirateriak ere kalte handia egin dio. Pirateria bidez lortutako saioen zerrendan Game of Thrones beti goian egon da. HBO telebista kate bat da, baina jabetu da lehiatzen ari dela astero orduak eta orduak estreinatzen dituzten plataformekin.

Badaude telesail batzuk, ordea, goia jo dutenak atal guztiak batera jarri direnean.

La casa de papel da Game ofThrones-en kontrako adibidea. Antena3ek eman zuenean bide komertzial nahiko ona egin zuen, baina ez modu ikusgarrian. Netflixeko katalogoan jarri zutenean, boom bat gertatu zen, eta gehien ikusi den gaztelaniazko telesail bihurtu da.

Netflixek Europako lehen ekoizpen zentroa aurkeztu berri du Madrilen. Zer eragin izango du horrek telebistetan?

Atresmedia taldea Netflixentzat ari da ekoizten jada. La casa de papel-en fenomenoa gertatu zenean, Atresmedia Studios zigiluarekin edukiak ekoizteari eman zioten lehentasuna. Ikusi dute Netflixekin ezin direla lehiatu. Espainian ekoizten diren edukiak, gainera, Netflixek nahi dituenak dira: ikusle nitxo berezientzat diren telesailak, eta nazioartean bidaiatzeko aukera dutenak. Elite, adibidez, Espainiako ekoizpena da, baina gaiak unibertsalak dira, eta mundu osoan funtzionatu du.

Netflixen gaur egun katalanezko hiru telesail eta galegozko bat ikus daitezke. Egingarria ikusten duzu epe laburrean euskarazko telesail bat egotea?

Zergatik ez? HBO diru asko inbertitzen ari da Patria telesailean,eta ikusiko da ea euskal gatazkak nolako erantzuna duen munduan. Galiziarra naiz, eta Fariña telesailak nazioartean oso ondo funtzionatu du. Zergatik? Nahiz eta tokiko gai bat izan, pertsonaiek eta istorioak funtzionatzen dutelako.

Telesailen emakumezko pertsonaiez aritu zara Donostian. Nolakoa izan da haien bilakaera?

Asko izorratu izan didana da pertsonaia indartsu bat ikusten genuenean —demagun polizia ikerketa lanetan oso ona den bat—, beti zegoela emakume hautsi bat atzean: ez du bizitza pertsonalik,edo haurtzaroko traumaren bat dauka. Azkeneko bost urteetan, derrigor gustatu behar ez duten emakumezko pertsonaiak iritsi dira: antiheroiak. Sharp Objects telesaileko emakumeak adibide onak dira.

Feminismoak gizartean duen eraginak zer isla du gaur egungo telesailetan?

Bide asko dago egiteko; talde teknikoetan eta artistikoetan emakumeak falta dira, eta soldatak parekatu gabe daude. Egia da azkeneko bi urteetan emakumeek emakumeentzat zuzendutako telesailak iritsi direla, andreen bizitzari buruzko metaforekin. Dena den, gai feministez gain, errepresentazioaren eta topikoen arazoa dago: lagun homosexuala beti modu jakin batean errepresentatu da, eta hori baino askotarikoagoak dira homosexualak. Zorionez, estereotipoetatik aldentzen diren telesailak iristen ari dira. Haietako zenbaitek osasun mentalarekin dute lotura, eta oso onak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.