Gazteak, herri txikietan gako

Haurrik ez jaiotzeak aparteko kezka eragiten du herri txikietan, kolokan jar dezakeelako haien etorkizuna. Orexak gazteak herrian geratzeko estrategia oso bat dauka martxan.

Orexako hiru lekutan jarri dituzte eguzki panelak. Irudian, frontoia. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Jaiotza tasaren jaitsierak herri guztietan ematen ditu buruko minak, zeharkatzen baititu ekonomia, hezkuntza edota antzeko arlo estruktural batzuk. Herri txikietan, baina, haur gutxi —edo batere ez— jaiotzeak beste kezka bat ere eragiten du: herriaren etorkizuna bera ere zalantzan egon daiteke. Ordea, bada horri buelta ematea erabaki eta gazteak herrian gera daitezen estrategia oso bat diseinatu duenik: Orexa (Gipuzkoa) da ereduetako bat.

Eustat estatistika institutuaren azken datuen arabera, 111 biztanle ditu Orexak. Beste modu batera esanda: Gipuzkoan ez dago herri txikiagorik. Eneko Maioz alkatearen esanetan, azken lau urteetan ez dute jaiotzarik izan herrian, eta ez dute aldaketarik espero, urte gutxiren buruan bederen: «Asumituta daukagu 10-15 urtean oso ume gutxi jaioko direla, ia bat ere ez». Baina baikor mintzo da. «[Biztanleen] Herenak 25 urtetik azpikoak dira».

Hori horrela, herriaren iraupena bermatzeko, gakotzat dute gazteei herrian eustea. Ideia edo helburu hutsetatik harago jota, 2013tik estrategia bat martxan jarrita daukate: Orexa Bizirik. «Helburua hau zen: gazte horiek herrian geratzea, ikusten genuelako hemendik aurrera gazte asko edukiko genituela, baina tarte bat edukiko genuela jaiotzarik gabe. Hori da gaur egungo egoera».

Bost arlotan lanean

Estrategia bost ildo nagusiren gainean eraiki dute: Oihan Txiki kooperatibari —gaztak egiten dituzte— «buelta bat ematea» eta hura suspertzea; herriko ostatua sustatzea, lanpostuak sortzeko; energia burujabetzarako bidean urratsak egitea; ingurunearen zaintza; eta komunikazioa, «kanpora begira komunikatzeko Orexak eskaintzen dituen gauza guztiak».

Lana ari da fruituak ematen. Oihan Txikin, gazta berriak ekoizten ari dira, Euskal Herriko garai bateko gaztak berreskuratzen. Gainera, hazten jarraitzekotan dira: «Asmoa da gaztandegi berria egitea, eta espero da beste maila bateko lanpostuak sortzea. Ostatuan, «eredu berri bat» jarri dute, eta lanpostu «dezente» ari dira sortzen. Energia berriztagarrien aldeko apustua ere egin dute, herrian hiru eguzki panel instalazio jarrita: «Orexak behar duen energiaren erdia sortzen dugu». Familia guztien artean banatzen dute lortutako energia, baina lau aldiz gehiago ematen diete familia zaurgarrienei: «Behar gehien daukatenek energia eskubidea bermatuta daukate Orexan». Ez dute nolanahiko erronka: «Asmoa da hiru urtean Orexak behar duen energia guztia bertatik sortzea lortzea».

Alkateak pentsatzen du neurriok lagunduko dutela gazteei bizilekua aukeratzeko garaia iristen zaien garaian balantza Orexaren alde egon dadin: «Orexa erreferente da gai askotan —ostatuan, energian...—, eta horrek harrotasun puntu bat sortzen du herritarren artean. Iruditzen zaigu gazte horiek erabakia hartu behar duten momentuan pisu handia edukiko duela lotura horrek eta herriaren inplikazio horrek».

Maiozentzat, «izugarrizko garrantzia» du gazteak Orexan geratzeak: «Orexa batentzat hori ez dut esango hil ala biziko gauza bat dela, baina bai garrantzi handikoa». Baina herritar kantitateari bainoago herri bizimoduari ematen dio garrantzia, herri bizi bat edukitzeari: «Arreta handia ipintzen da biztanleriaren gorabeheretan, baina uste dut ez dela zenbakietan arreta jarri behar, baizik eta herritar horiek herriarekiko eta herri proiektu batekiko daukaten loturan. Horretan gabiltza, eta espero dugu emaitza onak ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.