4 urteko ume bati udalekuetan sexu erasoa egin diotela salatu dute

Uribe-Kostako udaleku batzuetan izandako ustezko sexu erasoa ikertzen ari da Ertzaintza. Umearen amak aurkeztu du salaketa, Getxon

itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ertzaintza 4 urteko haur bati egindako ustezko sexu erasoa ikertzen ari da. Haurraren amak aurkeztu zuen salaketa iragan ostiralean, Getxoko polizia etxean (Bizkaia). Kasua ikertzen ari direla baieztatu dio Ertzaintzak egunkari honi, eta jakinarazi oraingoz ez dutela inor atxilo hartu.

Ustezko sexu erasoa jaso duen haurraren familiak azken oporraldietan antzeman zituen ustez gertatutakoaren lehen zantzuak, El Correo egunkariak zabaldu duenez. Egunkari horrek argitaratutako informazioaren arabera,ustez sexu erasoa jasan duen umeak eman dio amari gertatukoaren berri, eta aitortu herriko udalekuetako begirale bat izan dela sexu erasoa egin diona.

Salaketaren berri izan orduko, adingabeekiko abusu kasuen protokoloa abiatu du Ertzaintzak. Hari jarraiki, peritu forentseek umeari azterketa egin beharko diote.

Ertzaintzak ez dizkio salaketaren gaineko xehetasun gehiago eman egunkari honi, eta, ikerketa aurrera eraman bitartean, «kasuak eskatzen duen zuhurtziaz» jokatzeko eskatu du.

Adingabeekiko bortxa, gora

Gipuzkoako Fiskaltzak sexu askatasunaren kontrako delituengatik iaz ireki zituen auzibideen berri eman du. Adingabeekiko sexu abusuen kasuan, lau delitu izan ziren iaz Gipuzkoan: haragizko jardunagatiko bi kasu eta engainuz egindako beste bi. Aurreko urtean, 2016an, ez zen halakorik salatu bertako epaitegietan.

Fiskaltzaren txostenaren arabera, sexu askatasunaren aurkako delituak %7,7 hazi dira Gipuzkoan azken urtean; 168 kasu zenbatu dituzte denera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.