Eztabaidarako zorua

Justizia feministari buruzko jardunaldiak egin ditu Foro Sozialak, Bilbon. Zigor sistemaz haragoko proposamenen beharra azpimarratu dute

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
«Feministak oso kezkatuta gaude, (in)justizia sistema patriarkala inpugnatu dugulako, baina ez gaudelako ados ematen ari diren erantzunarekin: zigor sistemaren indartzearekin». Justizia feministaren erroetara jo du Amaia Zufia Bilgune Feministako eta Justizia Feminista Mintegiko kideak. «Sakoneko auzi asko daude oinarrian, eta ezin zaie berehalako erantzuna eman». Galdera sorta jaurti du, segidan. «Zer da justizia guretzat? Nolakoak izan beharko lukete justiziaren kontzeptuak eta ereduak guretzat? Nondik has gaitezke horiek eraikitzen?». Justizia feministaren inguruko galderei erantzuteko Justizia Feminista Mintegia sortu da aurten, eta hainbat esparrutan lanean diharduten emakumeak bildu dira. Zorua jarri dute azken hilabeteetan; abiapuntua. «Gogoetarako ardatzak zehaztu ditugu», azaldu du Zufiak. Horiek partekatzeko egun osoko jardunaldia egin zuten, atzo, Bilboko Arrupe etxean, Foro Sozial Iraunkorreko Genero Lantaldeak eta Justizia Feminista Mintegiak antolatuta. 120 emakume baino gehiago elkartu ziren.

2017an Foro Sozialak Bilbon egindako Nik sinisten dizut. Emakumeen egia aitortu ekitaldia jarri du Zufiak mintegien abiapuntu gisa. Azken 50 urteetan indarkeria matxistaren aldaerak bizi izan dituzten andreak elkartu ziren. «Aitorpenerako eta erreparaziorako ekitaldia izan zen, bide ofizialetik haragokoa; hau da, herritarrek egindakoa». Galderak ere azaleratu ziren, baina. «Emakume torturatuek, gerretan bortxatutakoek, lantokian abusuak jasandakoek... zer behar dute justizia egin dadin? Gaiari heldu behar geniola erabaki genuen, eta Justizia Feminista Mintegia jarri zen martxan».

Marko berrien garrantzia

Eztabaidarako «marko berriak» sortzea beharrezkoa dela azpimarratu du mugimendu feministako kideak. «Sektore kontserbadore eta autoritarioak egoeraz baliatzen ari dira justizia sisteman neurri zehatzak txertatzeko, baina espetxe gehiago eraikiz eta zigor handiagoak ezarriz ez dugu auzia konponduko. Kontrara, gure aurka etorriko dira neurri horiek guztiak gerora. Eztabaida marko horretatik atera eta beste zerbait egiteko gai izan behar dugula uste dugu».

Langintza horretan jardun dira, hain zuzen, Bego Casado jurista feminista katalana eta Estibaliz de Miguel soziologo eta EHUko irakaslea, jardunaldia ireki duen Hamaika hari-mutur, hamaika begirada mahai inguruan. «Aintzat hartu behar dugu ez dagoela teoria juridiko feminista bakarra, teoria feminista bakarra existitzen ez den bezala», azaldu du Casadok. Argi dio: zigor zuzenbideak ez ditu gatazka sozialak konpontzen. «Teoria ondo dakigu, baina zer gertatzen da egunerokoan?».

Abokatua da Casado, eta genero indarkeria kasuak artatzen ditu. Berak bizi izandako esperientzietatik abiatuta, testuinguruak duen garrantzia azpimarratzeari ekin dio. «Gogoan dut andre batek ez zuela inolaz ere nahi bere erasotzailea espetxeratzerik, jaso zezakeen presioagatik. Baina sekulako indarra eman ziola epaiketa egunean bere erasotzailea bakarrik zegoela ikusteak, bera jendez babestuta zegoen bitartean».

Bigarren kasura egin du, segidan. «Andre batek Poliziari hots egin zion, bere bizia arriskuan ikusi zuen egoera batean. Ospitalera joan zenean, sekulako presioak jasan zituen, bere erasotzailea salatu zezan. Izugarria izan zen: mundu guztiak erabakitzen zuen haren ordez, baina haren iritzia aintzat hartu gabe. Haren borondatearen kontra kartzelatu zuten erasotzailea».

Erantzun berrien beharraz ohartarazi du De Miguelek ere, eta Audre Lorde idazle afro-amerikarraren hitzak erabili ditu horretarako. «Lordek zioen ugazabaren tresneriak nekez eraitsiko duela ugazabaren etxea. Uste dut beharrezkoa dela justizia feministaren eztabaida marko berrietara eramatea eta bestelako proposamenak egitea». Zuerako espetxearen (Zaragoza, Espainia) atariko argazkia jarri du, segidan. Espetxearen kontrako borroka askatasunaren aldeko borrokada dioen pankarta ageri da.«Kartzelaz beteriko gizarte batek ez dio ekarpenik egiten egitura demokratiko eta parekide bati. Kontrara, genero dikotomia eta maskulinitate eta feminitate esentzialak indartzen ditu». Segurtasunaren kontzeptuaz gogoeta egin beharra azpimarratu du De Miguelek. «Segurtasuna zer den berriz zehaztu behar dugu: naturaren ikuspegitik, langileen azaletik, emakumeen ikusmiratik... Kontzeptua lapurtu digute».

Mahai inguruez gain, tailerrak ere egin zituzten atzo, eta datozen hilabeteetan urratsak egiten jarraituko dutela azaldu du Zufiak. Azaroan Euskal Herriko Mugimendu Feministak Durangon (Bizkaia) egingo diren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetan ere gaiari helduko diotela zehaztu du. «Bi norabidetan egingo dugu lan: batetik, bakearen gaia mugimendu feministan txertatu nahi dugu; eta, bestetik, Foro Sozialean feminismoa txertatzeko lanean jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.