Italiako Giroa

Movistarrek beste hozkada handi bat jo du

Richard Carapaz lider jarri da Italiako Giroan, 14. etapa irabazi ondotik. Erasoa jo du helmugatik 27 kilometrora, eta 1.54 atera die faboritoei

Movistarrek beste hozkada handi bat jo du.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Esne mamitan dabil Movistar taldea. Indarra, adimena eta ausardia gutxitan bezala uztartu ditu Giroko azken etapetan. Mikel Landak erakustaldia eman zuen herenegun, eta beste horrenbeste egin zuen atzo Richard Carapazek, etapa eta lidergoa eskuratuta. Jan Polancen (UAE) soinean zen elastiko arrosa, baina esloveniarra jokoz kanpo gelditu zen atzo. Primoz Roglicek (Jumbo Visma) dena zuen alde bere herrikidearen lekua hartzeko; ordea, 1.54ren aldea atera zion Carapazek, eta sailkapen nagusiko lehen postua kendu. Orain, ekuadortarrak zazpi segundora du Roglic, eta 1.47ra Vincenzo Nibali (Bahrain). Landa bosgarren da, 2.50era.

Ibilbidearen eta bezperako etaparen gogortasuna ikusirik, triskantza usaina zegoen giroan. Zer esanik ez, Simon Yatesek (Mitchelton) Verrayesen, eguneko lehen mendatean eraso egin eta gero. Haren gurpilera Carapaz eta Roglic itsatsi ziren. Tentsio handiko hasiera izan zen. Alabaina, ez zuen jarraipenik eduki, oilarrek su-etena sinatzea erabaki baitzuten. Aurrean hamabi laguneko taldea eratu zen, ehiztariz eta liderren taldekidez osatua. Bertan zen Ion Izagirre (Astana). Atzean, Jumbo Vismak hartu zuen tropela gidatzeko ardura, San Carloko igoera beldurgarrira iritsi bitarte (10,5 km eta %9,7ko pendiza).

Bertan, Bahrain jarri zen buruan, eta Nibalik helmugatik 33 kilometrora egin zuen lehen saiakera. Ondo ihardetsi zuten Roglicek, Landak, Carapazek eta Miguel Angel Lopezek (Astana). Ez, ordea, Ilnur Zakarinek (Katuxa), Bauke Mollemak (Trek), Yatesek eta Polanc liderrak. Onenen multzoan Damiano Caruso (Bahrain) jarri zen tiraka, eta berehala zapuztu zuten ihesaldia. Nibalik beste erritmo aldaketa bat egin zuen, eta Lopez ere ahalegindu zen aurkariak atzean uzten. Eraso horiei falta izan zitzaien indarra eta erabakimena eduki zuen Carapazek 27 kilometroren faltan egindakoak.

Movistarrekoak tartea ireki zuen, Roglicek eta Nibalik lehendabizikoz erreleboka jardun arren. 35 segundoren aldearekin harrapatu zuen gaina. 25 kilometro eta Courmayeurko igoera gelditzen zitzaizkion oraindik. Aldapan behera ia 15 segundora jaitsi zen aldea, baina azken igoeran geldialdia izan zen atzean, eta azkenean aise irabazi zuen Carapazek: 1.32 atera zion suspertutako Yatesi, eta 1.54 Nibali buru izan zuen faboritoen multzoari. Mollema eta Zakarin izan ziren eguneko galtzaileak, hurrenez hurren 4.04 eta 7.20 galduta.

Bigarren atseden egunaren atarian, 232 kilometroko etapa luzea izango dute gaur. Lehen 140 kilometroek ez dute aparteko zailtasunik, baina hortik aurrera Lombardiako Giroak izan ohi duen ibilbidean murgilduko da tropela. Alegia, gorabehera handiko amaiera izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.