Ibon Zugasti

Zainetan darama txirrindularitza

49 urterekin, mendiko bizikletan munduko onenekin lehiatzen da Ibon Zugasti txirrindulari lezoarra. Bizikleta gainean ez ezik, sare sozialetan ere arrakasta handia du.

MARKEL BAZANBIDE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2022ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Txirrindulari profesionala, youtuberra, komunikatzailea eta, bereziki, pertsona naturala da Ibon Zugasti (Lezo, Gipuzkoa, 1972). 18 urterekin hasi zen bizikleta erabiltzen, Bartzelonan mugitzeko, ikasketak egiten ari zen hirian. Egun, 30 urte baino gehiago igaro ondoren, txirrindularitza gustuko duen eta Internet erabiltzen duen ia ziklismozale guztiek ezagutzen dute.

Hego Afrikako Cape Epic lasterketan lehiatu berri da Zugasti, mendiko bizikletako munduko lasterketarik garrantzitsuenean. Gustura da han egindako lanarekin, baina arantza txiki bat geratu zaio: «Oso lasterketa gogorra eta polita da; mendiko bizikletaren Frantziako Tourra da. Sei aldiz parte hartu dut, eta azken honetan egin dut hobekien. Baina Cape Epic binaka da, eta nire bikotekidea gaixotu egin zen bigarren etapan, eta lasterketa utzi zuen. Inoiz baino hobeto aritu naiz, baina penaz amaitu dut, balentria handia egin genezakeen eta».

Afrikan gertatutako pasarteak eta bizipenak Youtubeko bere kanalean daude ikusgai. Han jartzen ditu astero-astero bizpahiru bideo, nahi duenak ikus ditzan. 293.000 jarraitzaile baino gehiago ditu, baina ez dio kasu handirik egiten horri: «Ez diot horri begiratzen; jarraitzaileak erosi egin litezke. Garrantzitsuena da zenbat jenderengana iristen zaren. Neure bideoak ikusten dituzten pertsona asko, esaterako, ez daude nire kanalean harpidetuta. Nik nahiko publiko zaharra daukat, eta adin batetik aurrera jendea ez da harpidetzen».

Jendea entretenitzeaz gain, kirolaren balioak ere helarazten ditu bere bideoen bitartez: «Lehiatzea baino gehiago da bizikleta. Jendeak mezu asko bidaltzen dizkit eskerrak ematen, eta nik denak irakurtzen ditut. Ez dakit zenbat jende hasiko zen niregatik bizikletan, baina horrelako gauzek bete egiten dute».

«Modu naturalean», nahi gabe, iritsi da milioi heren jarraitzaile izatera. Baina komunikaziorako sena betidanik izan du: «Ziklista amateur bat nintzenean, blog bat idazten nuen. Zazpi urtez idatzi nuen bertan. Gero, Instagram etorri zen, eta, ondoren, Youtube. Trantsizio natural bat izan da. Nik ez nuen hau bilatzen».

Haurtzaroan, futbolean, esku pilotan eta arraunean ibili zen jaioterrian, Lezon. Bizikletarekin sekula ez, gurasoek ez baitzuten begi onez ikusten. Hogei urteak ondo beteta hasi zen bizikletaren pedalei eragiten, Bartzelonan. Eta ez edozein modura, emaitza politak lortuta, gainera: «Oso jende gutxik daki 23 urtez azpikoen eta afizionatuen mailan nahiko ondo ibili nintzela. Postu onak lortu nituen, baita maila handiko lasterketetan ere. Errepidean beti aurrean ibili izan naiz».

39 urterekin profesional

Hala ere, ez zen iritsi profesionaletara. Baina hori ez zen gipuzkoarraren helburua: «Berandu hasi izanak arlo horretan kalte egin zidan. Profesionaletara igotzen direnak ziklista gazteak dira, infantiletatik lehiatzen ari direnak. Baina hori ez zen nire helburua garai horretan: nire xedea bizikletaren gainean gozatzea zen, besterik gabe».

32 urte bete zituenean, 2004an, argitaletxe batean arte zuzendari modura zuen lana utzi, eta txirrindularitzari ekin zion buru-belarri. Emaitza bikainak lortzen hasi zen: 2006an, Kataluniako Errepideko Txapelketa irabazi zuen; 2007an, Lezoko Santa Kruz Saria; 2008an, Kantabriako eta Salamancako itzuliak; 2009an, Castello, Avila eta Sevillako itzuliak, eta bigarren izan zen El Cinturo de l'Emporda proban —Fran Ventoso profesionalak bakarrik hartu zion aurre—. Beste hamaika lorpenen ondoren, 2011n, 39 urterekin, profesionaletan aritzea erabaki zuen: «Ez da ohikoa hain berandu iristea profesionaletara, baina niri aukera iritsi zitzaidan, eta baliatu egin nahi nuen. Bi urte egin nituen [2012an eta 2013an] Paraguaiko Start Cycling Kontinental Mailako taldean».

Egun, mende erdia betetzear dela, mendiko bizikletan aritzen da munduko onenekin batera. Izan ere, errepidean ez bezala, mendiko bizikletan aukera gehiago daude goi mailako txirrindulariekin lehiatzeko: «Mendiko bizikletak duen onena da lizentzia aterata onenekin lehiatu zaitezkela. Errepidean, ez. Errepidean ezin duzu lizentzia atera eta Tadej Pogacarrekin lehiatu. Profesional talde batek zugan konfiatza badu, ondo; bestela, jai duzu. Mendiko bizikletan, berriz, egin dezakezu».

Sona handiko jarraitzaileak ditu sare sozialetan; txirrindulari, futbolari eta bestelako kirolari profesional asko: «Ez dakit nola topatzen duten nire kanala. Googlen txirrindularitza jarri, eta ni azalduko natzaie akaso [barrez]. Baina ilusio handia egiten dit: askok mezuak bidaltzen dizkidate, eta harreman ona dut haiekin. Uste baino kirolari gehiago ibiltzen dira bizikletan».

Konfinamendu garaian, Realeko gizonezkoen lehen taldeari spinning entrenamendu bat zuzendu zion Zoom bidez. Realzale amorratua izanik, «sekulako ilusioa» egin zion hori egiteak: «Igandero-igandero Realarekin sufritzen duen horietakoa naiz, eta haiekin entrenamendu txiki bat egiteko aukera sortu zenean, egundoko ilusioa egin zidan; ezin nuen sinetsi. Odegaard, Isak, Merino, Oiartzabal... eta ni. Ikaragarria izan zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.