Iraganeko lehia piztu da

Hibaikak irabazi du ETE ligako lehen estropada, Pasai Donibanen, erlojupekoan. Zumaia izan da bigarren, segundo eta erdira

Hibaikako arraunlariak, Igartza banderarekin, atzo, Pasai Donibanen. AITOR MANTEROLA.
Aitor Manterola Garate.
<i>Pasai Donibane</i>
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hibaika ez da izan talde irabazle-irabazlea emakumezkoen trainerua uretaratu zuenetik. Horrek ez du esan nahi garaipenik lortu ez duenik, eta baditu Euskadiko txapelketa bat eta Euskotren ligako sei garaipen, eta ezin ahaztu iaz ETE ligan lorturiko hiru banderak. Baina San Juan eta Zumaia, bakoitza bere aro indartsuan, pare-parean tokatu zaizkio, eta, egun handi-handietan, haien itzalpean ibili behar izan du.

Atzo Pasai Donibanen bizi izandakoak garai hartako kontuak ekarri zituen gogora, Hibaika eta Zumaia lehia bizian ibili baitziren. Lehen ez bezala, baina, Errenteriako taldea izan zen garailea. Iraganeko argazki baten usaina izan zuen atzokoak, bi talde handi horiek elkarrekin lehian ikusita. Txarrena, erlojuaren aurka izatea, eta ez parez pare.

ETE ligari ekin zitzaion atzokoan, eta 11 taldeak bi txandatan banatu zituzten. Aurreneko boskotean, Zumaia aise nagusitu zen, erakutsiz baleko taldea osatu duela, hiru denboraldiz trainerua uretaratu gabe egon eta gero. Banderako lehian izango zen ikusteko zegoen, bigarren txandan ere bai baitziren talde indartsuak, hautagai izan zitezkeenak. Horietako batek bakarrik lortu zuen, azkenean, Zumaiaren denbora hobetzea, eta Hibaika izan zen hori. Segundo eta erdi baino ez zen egon bi taldeen artean, eta horrek berdintasuna islatzen duela zioen Inge Ugartek, patroi irabazleak: «Jakinekoa zen liga oso parekoa izango dela aurtengoa, eta emaitzak hori erakusten du».

Zumaiarren aldartea ere ona zen, emaitzagatik, baina gutxigatik ez irabaztearen pena ere bazuen Gurutze Lopetegi arraunlariak: «Pozik gaude egindakoarekin, arantzatxoa ere badugun arren. Baina horrek erakusten du lanean jarraitu behar dugula». Gaur bertan izango dute horretarako aukera ligako taldeek, bigarren jardunaldia baitute atzoko leku berean, baina aldaketekin: ez da erlojuaren aurka izango, eta hiru luze eta bi ziabogatara jokatu beharko dute (11:30, ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.