Zailtasunen gainetik, irribarrez

Bilboko Irriaren bigarren egunean, musikarien aldeko mobilizazioak, autoestimua lantzeko ipuinak, buztin eta aquafonia tailerrak eta Bingotxoua egin dituzte Bilboko Konpartsek.

Hainbat herritar bildu dira Bilboko Gas plazako aquafonia tailerrean parte hartzera. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bilboko kaleetan ostegun arrunt bat dela dirudi. Jendea hara eta hona dabil, presaz, eguneroko erritmo frenetikoa eten ezinda. Beste hainbat, berriz, oraintxe iritsi dira Bizkaiko hiriburura, eta maletak eskuetan hartuta, argazkiak atera eta atera ari dira. Aste Nagusia izan behar zuenak beste edozein aste dirudi: Areatza inguruan ez dago txosnarik, Arriaga plaza hutsik dago, eta ez dago festa giro zantzurik.

Alde Zaharrerantz gerturatu, eta dultzaina doinuek hartu dute kalea. Haiengana hurbildu, eta Zazpikaleak alde batetik bestera zeharkatzen ari dira hainbat musikari. «Herritarrak esnatzeko diana moduko bat da», azaldu du horietako batek. Musikariez gainera, konpartsetako kideak ere gerturatu dira, eta inguruan zebilen jendeak ere gogoz hartu du ekitaldia. Herritarrak esnatzeko ez ezik, jai giroan sartzeko aukera ezin hobea eman die bertaratutakoei, eta txalo zaparrada batekin erantzun dute.

Plaza Barrian ere nabari da mugimendua. Jaiak bertan behera geratu badira ere, Bilboko Konpartsek ekitaldi andana antolatu dituzte Bilboko Irria egitasmoan. «Ondo entzuten da?», galdetu du aurkezleak mikrofonoa eskuetan hartuta. Eguzkiak bete-betean jotzen du Konpartsek zintaz itxitako espazioan. Hala ere, bete egin da autoestimua lantzeko ipuin kontaketetan.

Ordu berean, Gas plazan, buztin tailerra egin dute, eta, mahaika antolatuta, 30 lagun inguru joan dira tailerrera. Jone Zugaza bilbotarra izan da horietako bat, eta beste bi lagunekin batera hartu du parte ekitaldian: «Ordutegia egokia zenez, eta ekintza ere gustuko genuenez, parte hartzea erabaki dugu». Hala ere, ingurura begiratu eta haurrez inguratuta daudela ikusita, gazteentzako ekintza gehiago egotea eskertuko luketela azaldu du: «Programa adin guztietako jendeari zuzenduta badago ere, eskertuko genuke gazteontzako ekitaldi gehiago antolatuko balira». Izan ere, Bilboko Udalaren debekuen ondorioz, duela egun batzuk egitaraua murriztu behar izan zuten Bilboko Konpartsek. Ondorioz, aurreikusitako jarduera asko bertan behera utzi behar izan dituzte. Artzai Goieaskoetxea Kaskagorri gazte konpartsako kidearen hitzetan, «pena» izan da egitaraua murriztu behar izana: «Gure eskaintza oso formatu txikikoa eta segurua zen». Hala ere, orain arteko ekintzetan «harrera oso ona» izan dutela nabarmendu du: «Oraingoz hasi besterik ez gara egin, baina jendea irribarrez eta pozik ikustea oso polita da».

Buztin tailerra amaitu ondoren hasi da aquafonia tailerra. Aurrez izena eman duten herritarrak ilaran zain zeuden bitartean, egurrezko makilatxo bat eta urez betetako botila bat banatu diete antolatzaileek. Hala, botilen bidez musika sortzeko prest egon dira parte hartzaileak.

Plaza Barrira itzuli, eta Puskik eta Txurruskik antolatutako Bingotxoua abiatu da. Eguzkitako betaurrekoak eta biserak jantzi behar izan dituzte bertaratutakoek, eta ur botilak ere eskura izan dituzte horietako askok. Matxus Alonso Uribarri konpartsako kidea ere han izan da: «Pandemiaren ondorioz, kultura arloa oso zigortuta egon da: hortaz, asko baloratzen ditut halako ekintzak». Asteazkeneko kalejiran ere parte hartu zuen, eta hurrengo egunetan ere bertan izango dela dio.

Aste Nagusirik gabeko bigarren urtea izan da aurten, eta konpartsakideek horretara «egokitu» behar izan dute. «Jendeari irribarre bat ateratzea lortzen dugun bitartean, dena ondo irtengo da», esan du Goieaskoetxeak. Datorren urtearen zain egotea baino ez da geratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.