Italiako Giroa

Inoizko amaiera parekatuena

Gaur amaituko da Italiako Giroa, eta Hindley eta Geoghegan denbora berarekin abiatuko dira azken erlojupekoan. Pello Bilbao laugarren da, eta 1.19ra du podiuma

Inoizko amaiera parekatuena.
ainara arratibel gascon
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Frantziako Tourrean gertatu bezala, azken erlojupekoak erabakiko du Italiako Giroa. Aurreko egunetako etapa menditsuak kontuan hartuta, nekez pentsa zitekeen hala izango zenik. Baina atzoko Sestriererako hiru igoerak egoera horretan utzi dute lasterketa. Emozio gehiago eta parekotasun handiagorik ezin eskatu. Giroaren 103 urteko historian ez da sekula halakorik gertatu. Jai Hindley (Sunweb) eta Tao Geoghegan (Ineos) denbora berarekin iritsi dira gaurko azken etapara. 15,7 kilometrora dute loria, eta bakarkako lanean erabakiko dute norentzat den azken elastiko arrosa. Geoghegan ageri da faborito, hobeto moldatzen baita erlojuaren aurka. Pello Bilbaori (Bahrain) zaildu egin zaio podiumean amaitzeko aukera, 1.19ra baitu.

Atzo, Sestrieren amaitutako etapan Geoghegan nagusitu zen, eta bigarren izan zen Hindley. Azken hori irtengo da gaur azken lekuan erlojupekoan, eta elastiko arrosarekin. Etapa ikusgarria espero zen atzo, eta txirrindulariek hala egin zuten.

Eguneko ihesaldia 21 txirrindularik osatu zuten. Lehiakorrenak Davide Bellerini (Deceuninck) eta Einar Rubio (Movistar) izan ziren. Azken hori iritsi zen aurrean Sestriererako azken igoerara. Baina bigarren igoeratik jada faboritoen artean hasia zen lehia. 30 kilometro falta zirenean, Rohan Dennisek erritmoa bizitu zuen. Ikaragarria izan zen atzoko etapan Dennisek Geogheganen alde egin zuen lana.

Wilco Kelderman (Sunweb) atzean geratu zen. Kilometroak aurrera joan ahala, konturatu zen ezingo ziola elastiko arrosari eutsi, eta nahiago izan zuen erritmo jakin bat ezarri eta gutxienez podiumeko lekuari eutsi. Haren gurpilean joan zen Bilbao.

Dennisekin aurrera egin zuten Hindleyek eta Geogheganek. Hala, eguneko ihesaldiko indartsuenak harrapatu zituzten. Sestriereko azken igoerari minutu eta erdiko aldearekin ekin zioten liderrarekiko. Abantaila 1.45ekoa zenean, Dennisek erritmoa apur bat gutxitu zuen, eta errenta 55 segundora ere gutxitu zen. Atzetik Joao Almeidak (Deceuninck) egindako Giro bikaina biribildu zuen aurrera eginez.

Hindleyek etengabe egin zion eraso Geoghegani azken lau kilometroetan. Baina ondo eutsi zion, eta azken metroetan aurrea hartu zion Hindleyri, eta etapa irabazteaz gain, hamar segundoko gainsaria lortu zuen.

Gaurko erlojuaren aurkako etapak 15,7 kilometro izango ditu, eta Cernusco sul Naviglio eta Milan artean jokatuko da. Ibilbidea laua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.