Kolore eta desio bera, baina behar ezberdina

Reala eta Alaves elkarren aurka ariko dira gaur arratsaldean, Anoetan. Gipuzkoarrek Europako postuetara lotzeko irabazi nahi dute; arabarrek puntu premia dute, jaitsiera postuetatik irteteko

Alaveseko eta Realeko jokalariak, lehian, lehen itzuliko derbian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Realak eta Alavesek zuria eta urdina dituzte marka, eta garaipenaxede. Horra gaurko derbian bi taldeek partekatuko dituzten ezaugarriak. Gainontzean, oso bestelakoa da bien egoera. Gipuzkoarrek Europarako sailkatzeko lehia betean daude, eta arabarrek mailari eustea dute helburu. Ordea, nork bere asmoak betetzeko desio bera dute gaurko neurketan: irabaztea.

Joerak aztertuta, Reala da hiru puntuak eskuratzeko hautagaia. Sasoi osoagoa ari da egiten, eta etxean jokatuko du. Halere, derbiak aurreikusteko zailak dira, eta zer esanik ez bizia jokoan denean. Alavesek puntu premia gorria du; gasteiztarrek irabazi egin behar dute, jaitsiera postuei izkin egiteko. Beharrak akuilatutako taldeak arriskutsuak izan ohi dira, eta, hori jakinda, partida «zaila» aurreikusi du Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak: «Azken partidak ikusi ondoren, batik bat Sevillakoa, igartzen da Alaves [Jose Luis] Mendilibarren taldea dela. Zaila izango da».

Imanolek hizpide izandako norgehiagoka hartan hutsean berdindu zuen Alavesek, Sevilla indartsuaren aurka, baina babazorroek hirunaka gehitzeko beharra dute. Pozkida iragankorra da puntuak banaka zenbatzean, eta hori aldatzeko ausart jokatu behar dutela esan du Mendilibarrek: «Goialdean egin behar dugu presioa, Realak ez dezan nahieran maniobratu».

Zaldibarko (Bizkaia) teknikariaren ustez, bere taldeak «aurrerako» urratsa egin du azken jardunaldietan, hura prestatzaile denetik ez du etxetik kanpo irabazi, eta hori lortzekotan «partida biribila» egin behar dutela ohartarazi du: «Gauzak ondo egin arren, ez da irabaztea lortzen, eta aho zapore gazi-gozoa geratzen da. Egia da, halere, azken bi asteetan irabazi gabe ere aldeak murriztu ditugula».

Alavesen behar gorriaren alboan, Realaren premia beste kolore batekoa da. Donostiarrek seigarren postutik gorakoak dituzte jomugan, eta garaipenaren bidera itzuli nahi dute, joan den astean Real Madrilen aurka galdu ondotik (4-1).

Silva, hutsune deigarriena

Deialdiei dagokienez, Alavesek prest ditu jokalari guztiak, Tomas Pina eta Mamadou Loum osatu direlako. Hala, nahi duen hamaikakoa zelairatu ahalko du Mendilibarrek. Imanolek traba gehiago ditu; aste barruan bakarkako lana egin duten Mikel Oiartzabal eta Mikel Merino deialdian sartu ditu, baina David Silva zerrendatik at geratu da, ipurmasailean gainkarga duelako: «Jokalari asko daude erdipurdi», esan du Imanolek. Aldiz, Diego Rico osatu da, eta deialdian sartu du entrenatzaile oriotarrak.

Estadioko edukiera izango da partidako beste berritasuna, osorik bete ahalko baita. Norbere helburuak lortzeko garaipena eskuratzeko, bi taldeek izango dute zaleen babesa. Etxeko jarraitzaileei Alavesekoak gehituko zaizkie: Realak 700 sarrera bidali dizkio Gasteizko klubari.

REALA-ALAVES
Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand,Rico; Illarra, Zubimendi, Rafael; Portu, Januzaj, eta Isak.
Alaves. Pacheco; Tenaglia, Lejeune, Laguardia, Duarte; Tomas Pina, Escalante, Loum; Edgar, Luis Rioja, eta Joselu.
Epailea. Figueroa Vazquez.
Ordua. 18:30 (Movistar La Liga).
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.