Bittor Alkiza. Osasunako bigarren entrenatzailea

«Kezkatuta gaude; ez dakigu fisikoki nola erantzungo duten jokalariek»

Alkizak ikusminez dakusa Realak eta Osasunak gaur Anoetan jokatuko duten derbia, ez baitaki gorritxoak zer sasoitan iritsiko diren. «Astakeriatzat» jo du aurretik duten egutegia, eta, haren ustez, baliteke «ezusteko ederrak» izatea.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Estresa», «alarma», «beldurra» eta antzeko hitzak erabili ditu Bittor Alkizak (Donostia, Gipuzkoa, 1970) Ligaren itzulerari buruz hitz egiterakoan. Edonola ere, badu gogoa ikusteko Osasuna nola moldatzen den futbolaren normaltasun berrian.

Gaur itzuliko zarete lehiara, hiru hilabeteko etenaren ostean. Gogotsu zaudete?

Bai, denboraldi-aurre moduko bat izan dugu; oso arraroa izan da, eta gogoak ditugu jada jokatzen hasteko. Eta baita ere ikusteko zer aurkituko dugun. Prestakuntza aldetik nola gauden jakin nahi dugu. Egoera orokorrak ere jakin-mina sortzen digu. Dena oso azkar joan da, eta, egunero entrenatzen ari garen arren, oraindik gauza asko airean ditugu.

Arraroena, agian, hemendik aurrerakoa izango da: zalerik gabeko estadioak, zorabiatzeko moduko egutegia…

Kezkatuta gaude, ez baitakigu fisikoki nola erantzungo duten jokalariek. Eten luze batetik gatoz, egutegia oso beteta dago, eta baliteke bero handia egitea. Lagunartekorik jokatzeko ere ez dugu aukerarik izan. Hori guztia kaxa batean sartzen baduzu, ez dakizu zer aterako den. Horrek alarma egoeran jartzen gaitu. Estres handia izango da datorren hilabetean.

Nola kudeatu dute jokalariek orain arteko egoera berezi eta zaila?

Orokorrean, oso ondo, profesionaltasun handiz. Gauzak asko aldatu dira; beraz, haien mentalitatea ere aldatuz joan da. Hasieran, etxean egiten zituzten entrenamenduak, ahal bezala. Sasoia ez galtzea zuten buruan. Txapelketa oso urruti ikusten zen. Gero, arraroa egin zitzaien Taxoaren banaka lan egitea. Gaur egun, ordea, beste egoera batean gaude. Jada buru-belarri ari gara pentsatzen datozkigun partidetan.

Eta entrenatzaileak zer moduz moldatu zarete?

Hasieran ez genuen futbolean pentsatzen. Egoera oso zaila zen, eta osasunean pentsatzen genuen batez ere. Denok etxean geunden sartuta, halabeharrez. Ni oraindik ez naiz Donostiara hurbildu ere egin; beraz, oraindik ezin izan ditut gurasoak eta anaiak ikusi. Edonola ere, nahiko ondo eraman dugu, errutina berriak hartuta.

Orain, ordea, futbolean baino ezingo duzue pentsatu.

Astakeria bat da. Hamaika partida jokatuko ditugu 35 egunetan. Aurrera egingo dugu behin egoera berrian murgilduta, baina jokalarientzat ez da erraza izango. Igandetik asteazkenera jokalari baten gorputza ez da %100ean osatzen. Garrantzitsuena liga bukatzea da, bai, diru asko dagoelako jokoan. Baina baten batek hilabete barru ikusiko du ez dela esperotako helmugara iritsi. Egoera normal batean, gauzak norabide baterantz joango ziren. Orain, ordea, baliteke ezusteko ederrak egotea.

Erizaindegia gainezka duzue jada. Seinale txarra da ala, besterik gabe, gerora izan zitezkeen lesioak aurreratu egin dira?

Batera entrenatzen hasi ginenean, gauza bat edo beste erabaki behar genuen: gogor aritu eta lehen partidara topera iritsi onik zeuden jokalariekin, edo jokalari gehienekin iritsi baina prestakuntza arloan gabeziak edukita. Bada, lehenengo aukeraren alde egin genuen. Zoritxarrez, jokalari batzuk bidean gelditu dira, baina pentsatzen dugu osatuko direla datozen neurketetarako. Eta nahiago dugu hori orain gertatzea, aurrerago ere arazoak izan ditzakegun arren.

Bi hamaikakoren arteko ariketek garrantzia hartu dute entrenamenduetan. Zuek, ordea, lanak izan dituzue bi talde osatzeko.

Hala da; ostegunera arte ez genuen aukera hori izan. Ikusi beharko da. Egia da bost aldaketa egin ahalko direla, eta horrekin jokatuz joan beharko dugu. Egoera berri hauetara guztietara lasterren egokitzen den taldeak izango du abantaila. Bost aldaketen kasuan, talderik osoenei egingo die mesede gehien. Zenbat eta talde hobea izan, orduan eta aukera gehiago izango dute entrenatzaileek erabaki onak hartzeko.

Aldapa gogorra izango duzue hasieran: Reala, Atletico eta Valentzia. Nola ikusten duzue?

Garrantzitsua da ondo hastea. Lehen emaitzek baldintzatu egingo dute aurrerantzean partidak prestatzeko izango dugun modua. Edonola ere, orain asko hitz egin dezakegu, baina inork ez daki zer gertatuko den.

Behintzat, dagoeneko 34 puntu dituzue, eta jaitsiera bederatzi puntura duzue. Horrek lasaitasun apur bat emango dizue, ala?

Orain arteko lanak ondo egin ditugun seinale da, baina orain dena jarraian etorriko da. Helburua lehenbailehen lortzen saiatu behar dugu, eta, horretarako, bizpahiru partida irabazi behar ditugu. 40 puntu ingururekin aski izan daiteke. Baina batek daki, hain berezia da egoera… Normalean denbora nahikoa egoten da azken txanpa hotzean aztertzeko; aurten, ordea, ez da hala izango.

Helburua lortzeko, faltan izango duzue zaleen bultzada. Hutsune handia da zuentzat.

Zoritxarrez, bai. Beti esan izan dugu etxean abantaila handi batekin jokatzen dugula. Gehien galduko duten taldeetako bat gara. Gure jokoak zerikusia dauka zaleek Osasuna bizitzeko duten moduarekin, eta haien indarrak puntuak ematen dizkigu. Hortaz, beldur apur bat daukagu. Gainera, zelaia eraberritzen ari dira. Ez du gure Sadar ematen.

Intentsitateaz gain, kontzentrazioa galtzeko arriskua ere izan dezakete jokalariek?

Harmailak hutsik izanda jokatu duenak aipatzen du: arreta aldetik hutsune handiak sortzen dira.Presioak mesede egiten dien jokalariei gaizki etor dakieke, eta kontrakoa gerta daiteke bestelako jokalariekin. Orain arte ondo ezagutzen genuen jokalari bakoitza, baina ez dakigu nola erantzungo duten orain.

Bestalde, posible litzateke Chimy sasoihonetan itzultzea?

Ez dut uste sasoi honetan Chimy zelaian ikusteko aukerarik izango denik. Lan ikaragarria egiten ari da, eta zoragarria da zer jarrera duen ikustea. Baina oso lesio gogorra izan zuen, eta pausoz pauso joan beharra dago ondo sendatzeko. Gainera, denboraldi honetan itzultzea albiste txarra litzateke talde ikuspegitik; egoera zail batetik ateratzeko haren beharra dugula esan nahiko luke.

Haren etorkizuna airean dago;ziurtzat jo daiteke, ordea, Jagoba Arrasatek eta zuk Osasunan jarraituko duzuela. 2022ra arte sinatu zenuten azaroan.

Oraintxe ez dugu horretan pentsatzen. Gure helburua da Osasuna datorren urtean ere Lehen Mailan egotea, eta, horretarako, astez aste goaz. Teknikariei asko galdetzen zaie ea zer sentitzen duten kolokan daudenean; ba, nik uste dut entrenatzaile bat benetan kezkatzen duena zera dela, partidetan ez ikustea egunero lantzen dena. Ez gara urrutira begira bizi.

Gaurkoa partida berezia izango da biontzat: Anoetan, Realaren aurka, eta zalerik gabe.

Bueno, nahiko ohituta gaude aurten Realaren aurka aritzera; zale gutxirekin ere bai, lagunartekoetan. Haiek denboraldi borobila ari dira osatzen, baina ez dakigu zer bertsio eskainiko duten, guri gertatzen zaigun bezala. Hori bai, talde gaztea eta dinamikoa du Realak, eta baliteke beste talde batzuk baino azkarrago egokitzea egoera berrira.

Zein izan daiteke gaurko partidan Imanoli arbelako borroka irabazteko gakoa?

Inork ez zuen espero Realak halako emaitzak lortzea. Lan biribila ari da egiten Imanol. Erasoan distira eman dio taldeari, eta defentsiboki ere hobetu du azkenaldian. Gauzak hala, metro gutxitan jokatu eta presioa ondo egin beharko dugu Anoetatik zerbait ateratzeko. Beldurra sartu behar diegu gorputzean; bestela, gure zelaian sartuko gaituzte, eta hor oso eroso sentitzen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.