Hauteskundeen emaitzen zuzeneko kontakizuna egingo du gaur BERRIAk

Webgunean eta sare sozialetan arreta gune nagusien jarraipena egingo du. Bihar papereko edizio berezia argitaratuko du egunkariak

2016ko hauteskundeetan, pertsona bat botoa aukeratzen. MIGUEL TOÑA / EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarra osatzeko bozetara deituta daude gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak. Inondik ere hauteskunde bereziak izango dira, koronabirusaren krisiak baldintzatuta egingo baitira, eta Ordiziako (Gipuzkoa) fokua agertu zenetik astebetera. Egun osoan gertatzen denaren berri emango du gaur BERRIA egunkariak sareko atarian zein sare sozialetan, eta bihar papereko edizio berezia ere argitaratuko du astelehena izanagatik.

Lantaldea 08:00etan hasiko da lanean, hau da, hauteslekuak zabaldu baino ordubete lehenago. Egun osoan parte hartze datuen zenbatekoak eskainiko dira www.berria.eus webgunean eta Twitterren #u12hauteskundeak traolarekin. Bozetako arreta guneetan zer gertatzen ari den kontatuko dute kazetariek, esaterako, Ordizia eta inguruko herrietako osasun neurriak, eta Zaldibar (Bizkaia) eta inguruetako berri emango dute. Horrez gain, egunean zehar gertatzen dena ere bilduko da.

Nolanahi ere, tentsio informatibo nagusia iluntzean iritsiko da, hauteskunde mahaiak ixten direnean eta botoak zenbatzen hasten direnean. Parte hartze datuei arreta berezia eskainiko zaie, orain arteko hauteskundeetan ez bezala bi aldagai ezberdin izan baitira: hauteskundeak uztailean izatea, eta koronabirusak eragindako osasun krisia. Emaitzak ezagutzera ematen hastearekin batera eskainiko dira horiek ere, eta arreta gune nagusietan izandako botoen bilakaera nolakoa izan den konparatuko da. Araban ere izango da zer argitu, Vox alderdiak bertan lor baitezake hauteskunde hauetan lor dezakeen eserleku bakarra.

Boto kontaketaren berri bertatik bertara emango du egunkariak, eta behin emaitza guztiak jasota, Maider Galardi F. Agirre kazetariak analisia egingo du bideo bidez. Hauteskunde kanpainan ere analisiak egin ditu egunkarian.

Webguneko jarraipenaz gain, bihar papereko edizio berezi bat argitaratuko du BERRIAk, gaurko datuak xehe aztertuz, grafikoak eskainiz, eta analisiak plazaratuz.

Euskarazko jarraipena

Gainerako hedabideek ere gaurko hauteskundeei erreparatuko diete gehienbat. Hamaika telebistak, esaterako, zuzeneko saioa emitituko du 19:30etik 23:30era. Bilboko estudio nagusitik egingo dute programa, eta Ekhiñe Atorrasagasti kazetariak gidatuko du saioa. Harekin batera arituko da Beñat Zarrabeitia. Hamaikako unitate ibiltariek zuzenekoak eskainiko dituzte Bilboko eta Donostiako eskoletatik, eta, gauak aurrera egin ahala, alderdi politikoen agerraldiak eskainiko ditu telebistak, lehen balorazioez gainera.

EITBk ere jarraipen berezia egingo die gaurko hauteskundeei. 19:45ean hasiko dira Euskadi Irratiko zuzeneko saioa, eta 19:30ean ETB1ekoa. Hauteslekuak ixtearekin batera, gainera, Gizakerrek egunean bertan egindako inkestaren emaitzak eskainiko dituzte.

ETB1eko saioa Yerai Diez Ikaranek, Xabier Usabiagak eta Iban Garatek gidatuko dute, eta eurekin batera egongo dira Eider Alkorta, Pilar Kaltzada, Felix Arrieta eta Iñaki Galdos adituak. Alderdi politikoen ordezkariak ere mahaiaren bueltan eseriko dira emaitzen lehen balorazioa bertatik bertara egiteko. Euskadi Irratiko hauteskundeetako programa, bestalde, Iñaki Guridik eta Eider Bilbaok gidatuko dute, eta eurekin batera arituko dira analisiak egiten Onintza Enbeita, Xabier Barandiaran eta Felipe Juaristi kolaboratzaileak.

Sarean ere hauteskundeetako emaitzak zuzenean kontsultatzeko aukera ere eskainiko du EITBk horretarako www.eitb.eus webgunean bereziki prestatutako atalean. Emaitza denak minutuz minutu kontsultatu ahal izango dira, bai probintziaz probintzia, bai udalerriz udalerri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.