Ikuskizun errealeko ondarea

Mirandaolako burdinolak Amerikako Metalaren Elkartearen aitortza jaso du, metalaren garapenerako interesgune gisa. Onarpen hori lortzen duen munduko 148. gunea izango da.

Mirandaolan bertatik bertara ikus daiteke iraganean burdinoletan nola lantzen zuten burdina. GORKA GOMEZ.
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Ohiko soinua izaten da Mirandaolan (Legazpi, Gipuzkoa): mailu hidraulikoak burdina joz ateratzen duena. Sua piztua izaten dute, eta minerala gori-gori jarri ondoren lantzen dute, kolpeka. Aste Santuan hasi eta urrira arte, igandero jartzen dute martxan Mirandaolako burdinola, baina baita urtean zehar hala eskatzen duten taldeentzako ere. Bertaratzen diren bisitariek gustura eta sorpresaz ezagutzen dute, Olatz Conde bertako langileak dioenez. «Burdinolakoa ikuskizun erreal bat da, ez da museo bat: burdina nola lantzen den erakusten da. Askok espero ez duten zerbait ikusten dute». Bisitarien onarpena badute, eta orain Amerikako Metalaren Elkarteak (ASM) ondare historiko izendatu du. «Bultzada izugarria izan da guretzat».

ASMren onarpena jasotzen dute metalaren eta metalgintzaren hazkunde, garapen eta aurkikuntzarentzat esanguratsuak diren eremuek. Munduan 148 gunek dute izendapen hori, tartean Parisko Eiffel dorreak eta New Yorkeko (AEB) Askatasunaren estatuak. «Horien pare egoteak harrotasuna ematen digu; guk badakigu burdinola hau garrantzitsua dela, baina kanpotik hori esateak indartu egiten zaitu». Euskal Herrian zerrendara batu den gune bakarra da Mirandaolakoa, eta ASMk emandako arrazoien arabera, «Burdinaren Haranari 500 urtez baino gehiagoz lana eta sostengu ekonomikoa emateagatik» eman diote izendapen hori.

Condek onartu du ez zutela ASMren zerrenda hori ezagutzen. Rafael Colas Mexikoko Unibertsitateko doktorea burdinolan bisitan izan zenean «sekulakoa iruditu zitzaion». Hark esan zien burdinoleko kideei izendapen horietara aurkeztu beharra zeukatela, inguruak zeukan balio historikoagatik. Txostena prestatu zuten, eta lehen saiakeran ez zuten onarpena lortu, baina bigarrenean bai. Abendu amaieran jakinarazi zien zerrendako 148. gunea izango zirela, eta duela bi aste egin zuten ekitaldia burdinolan bertan. Han izan ziren ASMko ordezkariez gain, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Denek nabarmendu zuten zerrenda horretan egotearen garrantzia.

XX. mendean zaharberritua

Erdi Aroan burdinola ugari zeuden Urola ibaiaren ertzean. XV. mendean, esaterako, Legazpin zazpi ola zeuden, baina horietatik Mirandaolak bakarrik eutsi dio zutik. Euskal Herrian ola ugarik lantzen zuten burdina, eta Legazpikoek Europa eta Ameriketara ere esportatzen zuten. Baina XIX. mendean industria iraultza iritsi zen, eta «urte osoan ekoizten zuten burdina bi egunean egin zezaketen ingelesen lantegiek», azaldu du Condek. Horrek burdinolen gainbehera ekarri zuen. «Askok ekoizpen forma aldatu zuten; esaterako, batzuk zurgindegi bihurtu ziren, eta papera egiten hasi ziren beste batzuk». Mirandaolakoa erre egin zenXIX. mende hasieran; burdinolentzat garai zaila izan zen. Ez zuten berritu, eta itxi egin zen.

XX. mendean, ordea, altzairua ekoizten hasi ziren bueltan Legazpin. Patricio Etxeberria lantegian berriz ere iraganeko ofizioa itzuli zen, eta enpresariak burdinola zaharra berreraikitzea erabaki zuen 1953. urtean. «Garai hartan ez zen oso ohikoa halakoak egitea; dirua gastatu zuen iraganean burdina nola lantzen zen erakusteko», Conderen arabera. Horrela jakin zuten legazpiarrek euren aurreko belaunaldiek burdina nola lantzen zuten. 500 urtetik gora iraun zuen ofizioak burdinola horretan, eta itxita mende bat egon ondoren berriz jarri zuten martxan. 70 urte beteko dira laster berreraiki zenetik, eta urteurrena izendapen berri batekin ospatuko dute. «Ez dakit kanpotik bisitari gehiago jasoko ditugun, baina guretzat oso garrantzitsua izan da izendapen hori jasotzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.