Xan Idiart. 'Harri salda' saioko aurkezlea

«Platora datozen gonbidatuak etxean bezala sentiarazi nahi ditugu»

Kanaldudek 'talk show' formatuko programa bat estreinatu du: 'Harri salda'. Idiartek gidatzen du saioa, eta askotariko gonbidatuekin egongo da solasean. Asteartero emango dute, 19:00etan.

GUILLAUME FAUVEAU.
Mikel O. Iribar.
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian talk show formatuan ekoitzitako saioak Harri salda du izena. Joan den asteartean estreinatu zuten, eta astean behin emitituko dute Kanalduden. Saio berritzaile horren xedea «langileen eta gonbidatuen osagaiak bateratuz, etxe giroan salda on bat hartzea» dela esan du Xan Idiart saioko aurkezleak (Donazaharre, Nafarroa Beherea, 1994). Hasteko, 30 saio inguru ekoizteko asmoa dute.

Lehen saioan, Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko abeslaria eraman zenuten gonbidatu nagusi gisa platora. Zer moduz joan zitzaizuen estreinaldia?

Uste dut inork ez zuela espero lehen saioa ondo aterako zenik. Langile asko berriak gara, eta esperientzia handirik ez genuen aurretik. Goi mailako teknologiarekin grabatzen ez dugun arren, uste dugu kalitate duin bateko saioa egiten dugula. Ekizarekin, Xabier Harluxet Biziko kidearekin eta Marie Pourquie hizkuntzalariarekin oso gustura egon ginen, jarrera aktiboa eta parte hartzailea erakutsi baitzuten.

Zer gai jorratzen dituzue?

Oro har, denetariko gaiak jorratzen ditugu: musika, literatura, gastronomia, zientziak... saio bakoitzean aniztasuna bermatzen saiatzen gara, emankizuna desberdinagoa eta arinagoa izateko. Horregatik, astero jende ezberdina ekarri nahi dugu platora.

Datorren asteartean, esaterako, zein gonbidatu izango dituzue?

Maika Etxekopar izango dugu gonbidatu nagusia. Herriko Bozak izeneko antzezlana zuzendu du Eguzki Lore konpainiarentzat. Horrez gain, Beñat Cachenaut Euskal Hirigune Elkargoko ekintza sozialeko kargudunarekin eta Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganberako koordinatzailearekin ere egongo gara.

Zergatik Harri salda izena?

Harri mota batetik dator itzulpena. Baina harri hori ez da edozein. Animalia mota askotarikoak egon ohi dira harriaren inguruan, bakoitzak bere ekarpena eginez. Animalien aniztasunarekin lotura bat egin nahi izan dugu, gure errealitatera egokituz, noski. Saioko langile eta gonbidatu bakoitzak euren osagaiak ekartzen ditu platora, eta, elkarketa horren ondorioz, salda on bat prestatzea dugu xede. Etxeko giro on bat sortu nahi dugu, denon artean ekoitzitako emankizuna aberasgarria izateko.

Nola definituko zenuke zeuensaioa?

Gure emankizuna euskarazko talk show bat da: hau da, saioak elkarrizketa du ardatz. Platora datozen gonbidatuak etxean bezala sentiarazi nahi ditugu. Horretarako, platoaren estetikak roloso garrantzitsua jokatzen du. Etxeko elementuekin osa daiteke espazioa: besaulkiekin edota sukalde txiki batekin.

Ipar Euskal Herrian horrelako formatuko saiorik bazegoen aurretik?

Horrelako formatuan eman den saiorik ez dut ezagutzen. Beraz, Ipar Euskal Herriko jendearentzat zerbait berria da Harri salda emankizuna. Kutsu modernoa dauka, eta esan daiteke gaur egungo garai berrira egokitutako programa bat dela gurea.

Kanalduderen webgunean ikusteaz gain, zein beste plataformatan ikusi ahalko da saioa?

19:00etan sare sozialetan ikusi ahalko da, baita telebistan ere, Kanalduderen [k]box izeneko deskodetzailea etxean edukiz gero. Bestalde, Kanaldudek hitzarmen bat egina du TVPI Ipar Euskal Herriko eta Landetako [Okzitania] telebista katearekin, eta noizean behin, gure saioa telebista kate horretan ikusi ahalko da, azpidatzirik gabe.

Nola ikusten duzu Ipar Euskal Herriko eskaintza?

Esango nuke uste baino euskal kontsumitzaile gehiago daudela Ipar Euskal Herrian. Azken datuen arabera, esaterako, gehiengo handi batek euskal musika kontsumitzen du. Beraz, uste dut euskarazko produktuak sortzeko beharra eta kontsumitzeko nahia badagoela. Harri salda programa eremu horretan kokatu nahiko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.