PROPOSAMENAK

Naturaren museo bizia

Urdaibai Bird Centerren 250 hegazti espezietik gora ikus daitezke urte osoan zehar. Hegaztiak behatzeko hainbat jarduera prestatu dituzte

Urdaibaiko erreserbak 220 metro koadro ditu. JON URBE / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Urdaibai Bird Center Urdaibaiko Biosfera erreserbaren eremu zabalean dago, Gautegiz Arteagan (Bizkaia), guztira 220 metro koadro ditu. Unescok Biosferaren Erreserba izendatu zuen, 1984an.

Urdaibaiko padurak Euskal Herri Atlantikoko hezegunerik garrantzitsuenak dira. Bai hegaztien atseden gune gisa, bai migrazio aldietan, baita negualdian ere. Urdaibai Bird Centerrek erreserbako hegaztien eta euren habitaten inguruko ezagutzan sakontzea du helburu; handik, urtero 250 hegazti espezie ikus daitezke. Lan handia egiten dute hegaztien ikerkuntzan zein dibulgazioan.

Zentroa uztailean eta abuztuan egunero dago zabalik, 11:00etatik 19:00etara. Ez dago sarrerak aurretik hartu beharrik. Prezioak honako hauek dira: helduen sarrerak sei euro dira, 5 eta 12 urte bitarteko haurrek hiru euro ordaindu beharko dute, eta 5 urtetik beheragoko haurrak doan sartuko dira.

Koronabirusaren ondorioz, neurri bereziak hartu behar izan dituzte Urdaibaiko zentroan. Bisitak berdin mantendu dituzten arren, azalpenak jasotzeko audio gidak eta sakelakoetarako aplikazio bat jarri dituzte bisitarien eskura, hara gerturatutakoek bisita euren kabuz egin dezaten. Gehienez, sei pertsonako taldeetan sartu ahal izango dira bisitariak, eta, zentroan, 40 pertsonara murriztu dute edukiera. Zentroko behatokian, talde bakoitzak teleskopio bat soilik izango du eskuragarri hegaztiak ikusi ahal izateko. Talde bat joatean, teknikari batek desinfektatu egingo du hark erabilitako teleskopioa. Bisita osoan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, distantzia mantentzea eta higiene neurriak betetzea.

Urdaibai Bird Center Gernikatik lau kilometro pasatxora dago, eta autoz zein garraio publikoan joan daiteke bisitaria. Autoentzako aparkalekua zentrotik metro gutxira dago, eta autobus geltokitik hamar bat minutura dago oinez. Zentro bizia da Urdaibaikoa, hegaztien arabera antolatzen dira eguneko bisitak.

Arrano arrantzalea

Urdaibai Bird Centerrek Afrikatik datorren arrano arrantzalea behatu ahal izateko irtenaldiak antolatu ditu abuztu osorako. Abuztuaren 7an hasi ziren, eta irtenaldiak egingo dituzte ostiralero, 10:00etan, abuztuaren 28ra arte. Arrano arrantzalea leheneratzeko proiektua da. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da aurrez izena ematea, (0034) 946-25 11 57 edo (0034) 699-83 92 02 telefonoetako batean. COVID-19a dela eta, taldeak gehienez hamar pertsonakoak izango dira, eta irtenaldiak bi ordu eta erdikoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.