PROPOSAMENAK

Bidaxune, bidegurutze

Xarnegu eskualdean, Bidaxunek ematen du parada Biduze ibaiaren hegian ibiltzeko. Agaramontarren gaztelua bisita daiteke, besteak beste

Bidaxuneko gaztelua agaramontarrena zen. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Bidaxune (Nafarroa Beherea) bisitatzeak ematen du parada Nafarroa subiranoarengana salto egiteko. 1.200 biztanleko herriak badu ibai portua. Biduzen barrena garraiatu izan dute mendeetan gisu harria: «Bidaxuneko harri famatuak suharriz beteak zituen zainak. Besteak beste, Baiona, Angelu eta Miarritze hiriak eraikitzeko baliatu izan da», erran du Beñat Darrigol bidaxundarrak. Gehitu du Baionatik mundu osora eramaten zutela barkuz.

Biduze ibaiaren ertzetik bada manera promenatzeko, garai hartako barkuen joan-jinak irudikatuz. Eta Bidaxune herria markatzen duen gaztelua ezin da huts egin, herriaren kanpoaldean badago ere: Bidaxuneko gaztelu monumentala. Bisita daiteke. agaramontarrak egon izan dira bertan, eta Nafarroako errege-erreginekiko leialtasunak ezaugarritzen zuen. «Bidaxuneren egoera geografikoa beti abantaila izan da gazteluko jaun agaramontarrentzat: Nafarroa, Biarno eta Gaskoiniarekin mugan. Orain, gaztelua hondatua da, eta Xarnegu eskualdeko hizkuntzak desagertu dira...», xehatu du Beñat Darrigolek.

Oinarrizko zerbitzuak

Alta, Bidaxunek ez du galdu bidegurutzearen funtzioa, oinarrizko zerbitzuak baititu. Prentsa eta tabako saltegia ditu, okindegia, supermerkatu ttipia, jatetxea, turismo bulegoa, igerilekua, ezkerpareta estalia, eta baita tenis eta futbol zelaiak ere.

Aparkatzeko ez da aparteko arazorik izaten. Autoa utz daiteke herriko etxeko parkingean. Balio du oinez herria bisitatzeak: Donejakue karrikatik, Erronda xendratik, iturria eta eihera ikusi ahalizanen baitira.

Gisa berean, gazteluko parkingetik, oinez edo berdin txirrindolaz ere, zirga bideak parada ematen du Akamarreko porturaino heltzeko, edo Gixunekora. Joan-jinak zazpi-bederatzi bat kilometrokoak dira. Gixunetik Baionaraino heldu daiteke Aturri hegitik, 35 kilometroz.

Aldiz, euskaraz mintzatu nahi duenari begira, dolu da Darrigol: «Bardozerat joan beharra da horretarako. Bost kilometrora. Baionako bideko Bulain janari saltegian, Martinek besoak zabalik hartuko zaitu, eta gogotik aurkeztuko dizkizu bere herria eta bertako mozkinak. Horiek denak euskaraz!».

Hala ere, Beñat Darrigolek euskara ikasten segitzen du; beraz, Bidaxunek berogailu konpontzaile euskalduna badu.

Eta Bidaxunera sartzeko, ez da huts egitekoa Oliba etxea: bideek inguratzen duten biribilgunea da. Etxe ederra bideek itotzen duten irla bilakatua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.